Publikoa eta pribatua
Asteleheneko Goienkaria
“Sare publikako irakasleek pribatukoek baino gehiago irabazten dute eta lan gutxiago egiten dute.- Bi sareen arteko alde ekonomikoa urteko 3.000 eurotik gorakoa da. Lan gehiago egiten dute eta gutxiago kobratzen dute. Hori da kontzertatutako sare pribatuko irakasleei gertatzen zaiena sare publikako lankideen aldean. Konparazio iraingarria? Ez dute horrela ikusten sare publikoetako irakasleek, euren alde argudiatzen dituztelarik behin-betiko lanpostu bat lortu arte pairatzen dituzten mugikortasun urteak, eta gainditu behar izan duten oposizioa”. El Pais, 08-1-19.
Sare publiko eta pribatuko beste langile batzuren adibideak: eskuan duzun astekari hau egiten duten langileak ez dira sare publikokoak. Herrigintzatik sortu den enpresa baten baitan daude, informazioaren zerbitzu publikoa dute helburu. Eta ziur naiz sare pubikoko informazio-enpresako langileek baino soldata txikiagoa dutela. Hala ere, beraien lanari esker, bailarako herritarrok astelehenero astekari hau irakurtzen dugu, urtean 38 euro ordaintzearen truke. Ostiraletako aldizkaria, telebista eta irratia ere badauzkagu, horiek dohainik. Zerbitzuak merezi du laguntza publikoa, zeren mende berriaren hasiera honetan inork jada ezin du Debagoiena pentsatu Goienak ematen duen zerbitzua kontutan izateke.
Aurretik euskara elkarteak izan ziren, herritar talde baten ekimenari eta lanari esker garatutakoak. Elkarteok, baliabide propioak sortu behar izan badituzte ere, diru eta lokal publikoari esker egiten dute aurrera. Hemen ere, langileek sare publikokoak baino merkeago. Ematen duten zerbitzua, publikoa, euskalduntzekoa, aisialdikoa, komunikaziokoa. Egun ez da zalantzan ipintzen baliabide publikoekin lagundu behar zaienik, herritar guztien onurarako lanean dihardutenik.
Elkarteen aintzinetik, herrigintzak herritarrei euskara irakasteari ekin zion, euskaltegiak izan ziren. Erakunde publikoak bereganatu zuen gero lan hau, HABE eta udal euskaltegiak sortu zituen. Berriro ere, sare publikoko langileen lan orduak pribatukoena baino merkeago. Hogeitamar urte beranduago, Euskal Herri osoak, erakunde publiko zein pribatuk, hunkituta ekiten dio korrika egiteari, euskarari eta herrigintzatikoari laguntzeko.
Publikoa eta pribatua bi norantzetako bidea baita. Titulartasun publikoaren eta pribatuaren artean zedarri zeharkaezina finkatzea interes artifizialekoa da herritarrentzako zerbitzuaz dihardugunean, are gehiago herritik sortutako ekimenez ari garenean. Makurra deritzot zubi bariko lubakiak eraikitzeari, modu horretan helburua ez delako zerbitzu publikoaren alde egitea, norberaren interes partikularren alde, besterenen kontra egitea baino, denon kalterako.
Blogerako koda
Bergaran uztailaz geroztik San Martin eskola publikoa erreibindikazioka dabil, Aranzadi ikastolak erabiltzen duen eraikin bat berak erabili nahi duelako. Erreibindikazioa oldarkor planteatu zuten, kaleko agerraldiak eginez, udaletxeko plenoetara joanez eta ikastolak bere zabalkuntza hipotekatzen zuela esanez. Eztabaida piztu zen herrian, kalean, koadrilletan, Goienkariko eskutitzetan, eskola publiko-ikastola ereduak eztabaidatuz.
Nik orain arte ezin izan diot gaiari lasaitasunez heldu, nahiz eta hamaika aldiz egin dut ahalegin bat zerbait idazteko. Gertatutakoari buruz gezurrak entzun ditut, nik modu pertsonalean bizi izandakoari buruz, horregaitik orain, aukera izan dut patxadosoago zerbait esateko:
1. 2001etik 2005era Aranzadi ikastolako Zuzendaritza Batzordeko kide izan nintzen, azken bi urteak, lehendakari. Garai gogorrak tokatu zitzaizkigun, Victoriano Gallastegi alkateak Goardia Zibila ikastola hustera esaten zigunean bezalakoak, Egunkaria itxi zuten aste berean. Harrez gero ikastolarekin eta bere proiektuarekin oso inplikatuta sentitu nuen neure burua, patxadaz ezer idaztea galerazten zidana.
2. Zuzendaritza Batzordean ibili nintzen bitartean, eta gero ere, batzordeetan ibili naizenean, sekula ez diot ikastolako inori ezer entzun eskola publikoaren kontra. Ezta alde ere ez. Eskola publikoa beste erakunde bat zen, bere arazoak zituena. Geuk geureak, ez genuen inori begira jarduten.
3. Administrazio ezberdinekin izan genituen bilera guztietan (Udala eta Jaurlaritza) sekula ez zen ikastolaren etorkizuna eskola publikoaren menpe ipini, ezta alderantziz ere. Ikastolaren etorkizuna tratatzen genuen, ez beste inorena.
4. 2005eko udaberrian, Jaurlaritzaren Hezkuntza Ordezkariarekin ikastolak erabiltzen duen udalaren eraikinean obrak egiteko zenbakiak eta posibilitateak serioski landu genituen bilera ezberdinetan. Ez zegoen, beraz, handik irteteko bat ere agindurik, proiekturik edo eskaerarik, gero kalean entzun dudan bezala.
5. Garai hartakoak burura ekartzea bereziki mingarria egiten zait, momentuan familian geneukan egoera oso txarra zelako, jakina denez. Min berezia ematen dit garai hari lotutakoei buruz eztabaidan hasteak.
Urak apur bat baretuta daudela, albiste hau aitzaki hartuta, bidea izan dut gaiaz berba egiteko Asteleheneko Goienkarian. Pentsatu nahi dut lasaitasunez izan dela.
Nik ere El Pais egunkarian agertu zen artikulua irakurri nuen . Argi esan behar badut , ez zait inondik ere bidezkoa iruditzen egunkari bateko artikulo bat “zatitu” eta norberaren interesekoa den zati hori, beste egunkari baten publikatzea. Agian kazetarien eguneroko ogia izango da , baina ez da bidezkoa! Eta gutxiago ere gero gaiarekin ez jarraitzeko.
El Paisen informazio kontrastatua agertu zen , hau da, alde bietakoen hitza bermatu zuten. Zure artikuluan ordea alde bakarra aipatzen duzu ( eta azpititulo bezala gainera). Hori horrela , goienkaria irakurtzen duen nornahiri beste aldea ezagutzeko eskubidea kendu diozu. Badakit, goienkaria internet bidez irakurtzen duenak , hantxe bertan , daukala EL Pais-eko orrira salto egiteko link-a baina internetik erabiltzen ez dutenak zer ?
Noan , harira; ni egun , hezkuntza publikoko irakasle naiz eta lehenago ikastoletan ere ibilia naiz. Alde horretatik esan dezaket bi aldeen “onurak eta kalteak “ ezagutzen ditudala.
Barkaidazu esatea, baina usten dut errazegi erabili dituzula hezkuntza pribatua eta publikoaren artean dauden lan baldintza ekonomikoa eta lan baldintzen arteko diferentziak. Diozun bezala diferentziak hain nabarmenak badira, zeri begira dago jendea ! segi hezkuntzako delegaritzetara eta eman izena, zerrenda guztiak irekita daude eta.
Idazkiaren zati baten aipatzen duzu , herritik eta herriarentzat sortutako ekimenak ere publikoak direla . Noski baietz ! eta horretan, neu ere, bat nator zurekin. Merezi dute laguntza publikoa , eta merezi dute baita norbanako bakoitzak partikularki eman dezakeen laguntza ere.
Merezi dute eta badute ,ala ez ? Beste gauza bat da zenbaiteraino laguntza publikoa eman behar zaien . Publikoki finantziatu behar al da kudeaketa pribatua daukan erankunde bat ? Nik behintzak ezetz usten du .
Mundu honetan gauza guztiek dauzkate bere abantailak eta desanbatailak, bi horiek gainera beti lotuta joan ohi dira , beraz, ezin dira bereiztu eta kasu honetan , kantuak dion bezela “ denak ala inor ez ; dena ala ezer ez “.
Bukatzeko gehitu nahiko nuke guzti hau irakasle ikuspuntutik idatzi dudala, hurrengoan agian guraso ikuspuntutik zerbait idaztera ausartuko naiz.