Trenez Debabarrenetik
Uztailak berritasun atsegin bat ekartzen dit urtero: trenez egiten dut laneko joan-etorria ia egunero, Deba-Eibar. Bestela urte osoan kotxez ibiltzen naiz. Aitortzen dut kotxea gidatzea gustatzen zaidala, bakarrik joatea, irratia entzuten. Baina urtean hilabete trenez joan ahal izatea luxu bat iruditzen zait. Egunero ordu bete patxadan irakurtzeko! (orain Truman Capoteren “Odol hotzean”, Debako liburutegikoa). Eusko Trenbideak-eko trena asko aldatu da txikitan Eibartik plaiara joaten ginenetik. Trenek, orain dela hogeitamar urte, egurrezko jarlekuak zituzten, antz handia telebistan agertzen ziren far west-ekoekin. Asko mugitzen ziren, eta jendez lepo joaten ziren. Umeak leihotik sartzen zituzten tokia hartzeko (ni ez, txikitan ere handiegia nintzen leihoraino altxatu ahal izateko), andra potolek hondartzako aulkia zabaltzen zuten pasiloetan eta abanikoak ganoraz eragiten zituzten. Garai hartako haur guztiek izango dugu treneko abenturaren bat kontatzeko.
Bidea Deba ibai ondotik egiten du trenak. Duela hogeitamar urte ibilbide bera izanda, oso bestelakoa da ibaia orain. Orduan itxuraz behintzat askoz zikinagoa zen. Ibai ertzeko zuhaitz guztiak zintzilikatutako plastikoz beteta zeuden. Eta ura beti iluna zegoen. Ez zegoen ez arrain ez ahaten arrastorik. Egon zitekeenik ere ez genuen pentsatzen. Ibaia zikina zen, eta kitto.
Orain ostera ez da plastiko eta zakarrik ikusten ertzetan. Ura garden samarra da, eta Altzola eta Mendaro artean arrainak eta ahateak begiztatzen dira. Zer edo zer aurreratu da behintzat. Trena ere erosoagoa da, ez du barraka bat ematen, puntual dabil eta denbora gutxiago behar du iristeko. Zalantza barik garraiobide moduan trena askoz hobea da. Abenturatarako baina, aukera gutxiago ematen du.
Ufala
"Urteko bidairik luzeena eta konplikatuena dator gidari gehienentzako, eta horrekin errepideetako ataskoak. Oporretara joateko bidai desiratsuena, arrazoi pozgarria izan beharko litzateke, baina sarritan benetako bidegurutz bilakatzen da" (El Pais, 05-7-23)
Bizitza markatutako bidezidorretik doan bitartean, mundu zibilizatuko langile gehienak, Debagoieneko kalbindarrak barne (Iban Zaldua dixit) dena ondo antolatuta daukagu lanaren arabera: hamaika hilabete lan, bat jai (eta gaitzerdi horrela denean). Lanak finkatzen dio bizitzari eraman beharreko bidea, eta abuztuko etena ubideko hesien barruan geratzen da. Santiago egunarekin hasten da opor giroa, eta oporraldiak guztion ahotan daude, zer egin behar dugun jakiteak ematen duen segurantzarekin, oporrak izateak sorrerazten duen pozarekin.
Abuztuko oporrak, bizitzaren planifikazioaren ezaugarri, ura behar den bidetik doanaren seinale. Naturaren elementuak menderagaitzak dira baina, eta noizean behin urak ubidea gainezkatzen du, ubideari muzin egiten dio. Orduan ufala sortzen da, uholdea. Bizitza bihurkaitzak zedarritutako bidea onartzea nekeza da.
Ufala gertatzen da pertsona askoren bizitzan, natura temati basatia dela gogorarazten saiatzen denean. Natura modurik gordinenean agertzen zaigu ume bat jaiotzen denean, gaixotasunean edo gertuko baten heriotzean.
Santiago egun hauetan oporretako ubidean baino ufalean igerian dabiltzanek jakingo dute aurrera egiten gizakiak mendeetako ufal, sute eta elurteetan erabili duen jakinduria eta elkartasunari esker.
Konjuroa
Ezagutu nuen neska bat bat gaixorik egon zena orain dela urte batzuk. Sukarra zeukan eta ez zioten topatzen nondik zetorkion. Medikuetan froga mordoa egin eta ezer ez, sukarra ez zen joaten. Ama, larrituta, ama askoren fede itsuarekin, berak egindako janariarekin sendatuko zela pentsatzen hasi zen. Egunero eramaten zizkion etxean egindako lentejak, haragia saltsan, garbantzuak... Horrekin batera auzoko baten errezetarekin basoko landarez egindako edabe garratz bat eramaten zion edateko. Aldi berean, lapikokada eta basoko belarrak eraman-ekarriak uzten zion denboran edo batera, ama toki bateko eta besteko amabirjinei errezoka hasi zen. Lehenengo gertuko amabirjinei. Gero mirari txikiak egiten zituztela esan zioten hurrunagokoei. Otoitzean eta kandelak eta eskupekoak eskainiz. Sendabide guztiak pilatu ziren momentu batean: medikuaren frogak eta botikak, lapikokadak eta tisanak, otoitzak, kandelak eta eskupekoak. Nire ezaguna, sukartutaz gain, gainezka eginda ere bazegoen. Bere iritziz, erremedioek badaukate gradazio bat: medikuak kale egiten duenean jotzen da sasi medikuarengana, eta honen ezean laguntza zerutiar eske. Ez dena batera! Zorionez, agin bat kendu zioten eta kalentura, amatxoren eltzea eta konjuroak uxatu ahal izan zituen.
Niri Oierren gaixotasuna iragarri zigutenetik, konjuroarena (nolabait esateagaitik) atzo gertatu zitzaidan lehen aldiz. Gu medikuaren eta amamaren lapikokaden fasean geundelakoan nengoen. Banekien baita ere inguruko fededunen otoitzen berri (nire fedeak ez du jangoiko guzti-konpontzailea siniesten, jangoikoa badago eta hala ere bizitza askorentzat desgrazia bat da) baina ez nuen ideiarik ere konjurogai ere baginenik.
Atzo harrapatu ninduen sanadore batek. Energia eta botereak ei dituen horrelako batek. Gure umearen argazkia ikusi eta energia eta indar positibo berezi bat sentitzen duen horietakoa, eta ez dut zalantzan jartzen horrela sentituko zuenik. Ni, hain pragmatikoa, hain errealitateari pegatutakoa, haren aurrean, ahal nuen moduko aurpegia ipintzen, erabat sinistuta zegoelako eta borondaterik onenarekin egiten zuelako. Eta hain beste kontatzen zuen, hain konbentzituta zegoen, momentu batean pragmatismoa baztertu eta bere diskurtsoaren eskutik joateko gogoa baizik ez nuela. Diskurtso horretan sartu nahi nuen, sinistu nahi nuen, sendabidean zeukan itxaropen zuri eta itsu hartan murgildu nahi nuen.
Joan nintzenean, emakumea erabateko sinismenarekin laga nuen, nik sinismena neure egiteko gogoarekin alde egin nuen. Zelako polita da dena ona, dena ederra izatea. Begiak itxi eta dena perfektoa izan daitekela sinistea. Ez da harritzekoa fede oro-konpontzaileak eta konjuroek horrelako arrakasta izateak.
Etxeko erantzukizunak konpartitu
Nahiz eta dibortziatzeko posibilitatea zabaltzen zuen legea, sexu bereko pertsonak ezkontzeko posibilitatea onartzen zuen legea baino lehenago onartu zen Espainiako Kongresuan (egun bat lehenago), dibortzioarena piska bat beranduago sartu da indarrean. Joan zen zapatuan, hilak 9, argitaratu zen Espainiako boletin ofizialean, eta domekan, hilak 10, sartu zen indarrean. Praktikan noski, astelehenetik aurrera. Aste bete daramagu hortaz ezkondu eta hiru hilabete pasata zuzenean dibortzioa eskatzeko aukera dugula. Gaur sartu dut lehenengo demanda, Donostiako epaitegian.
Bikote demandagilea lege berriaren zain zegoen. Joan zen asterarte, bere ezkontza bukatzeko lehenengo banaketa tramitatu behar zuten. Eta dibortzioa, banaketa-epaia izan eta urte bete beranduago. Bi prozedura, bi tramite, bi gastu. Aste honetatik aurrera, zuzenean dibortzioa eskatu ahal izan dute. Dibor-express.
15/2005 Lege honek baina beste zeozerengaitik deitu dit atentzioa. Kode Zibileko eta Auziperatze Zibileko Legearen artikulu batzuk aldatzen ditu, batez ere dibortzioari dagozkionak, eta horretxek azpimarratu dituzte komunikabideek. Ostera ez dut inon ikusi aipatuta legeak ezartzen duen beste aldaketa bat, hain zuzen ezkontideen betebeharrak ezartzerakoan, Kode Zibilaren 68 artikulua.
Orain horrela idatzita geratuko da: Los cónyuges están obligados a vivir juntos, guardarse fidelidad y socorrerse mutuamente. Deberán, además, **compartir las responsabilidades domésticas y el cuidado y atención de ascendientes y descendientes y otras personas dependientes a su cargo**.
Aldaketa beraz nabarmena da: legez ezartzen zaie ezkontideei betebeharra etxeko ardurak eta etxean bizi direnen zainketan parte hartzeko. Betebeharra bai, ezbetetzeak ostera, ondoriorik ez. Edo bai, elektragailu txikien kasuan moduan. Ikusten bada ezkontideak hiru hilabetetan ez duela etxeko ardurarikk konpartitzen, hobe, garantia-eperik erabili gabe, zuzenean garbigunera joatea. Eskatu dibortzioa. Elektragailu txikietan moduan, garestiago da piezak aldatzea gailu berria eta modernoagoa erostea baino.
Orain arteko erredakzioa, Andrés Urrutiaren zuzendaritzapeko itzulpenean: Ezkontideek betebeharra dute, elkarrekin bizi, bestearenganako fideltasuna izan eta elkar sorosteko.
Hasiera
Eureka, bloga inauguratzea lortu dut. Blogen berri izan eta urte terdi beranduago, eibar.org-eko blogak hasi eta urte bete beranduago, bloga egiten ikasteko ikastaroa egin eta hiru hilabete beranduago, hemen nire bloga. Berandu bai, seguru, ez dakit. Nire lanaz, nire inguruaz, Debagoienaz, Debabarrenaz, pertsonez, gertakizunez, ideiez. Asmoz anitza. Praktikan, praktikak ematen duena. Bizitzan bezala.
