Trenez Debabarrenetik
Uztailak berritasun atsegin bat ekartzen dit urtero: trenez egiten dut laneko joan-etorria ia egunero, Deba-Eibar. Bestela urte osoan kotxez ibiltzen naiz. Aitortzen dut kotxea gidatzea gustatzen zaidala, bakarrik joatea, irratia entzuten. Baina urtean hilabete trenez joan ahal izatea luxu bat iruditzen zait. Egunero ordu bete patxadan irakurtzeko! (orain Truman Capoteren “Odol hotzean”, Debako liburutegikoa). Eusko Trenbideak-eko trena asko aldatu da txikitan Eibartik plaiara joaten ginenetik. Trenek, orain dela hogeitamar urte, egurrezko jarlekuak zituzten, antz handia telebistan agertzen ziren far west-ekoekin. Asko mugitzen ziren, eta jendez lepo joaten ziren. Umeak leihotik sartzen zituzten tokia hartzeko (ni ez, txikitan ere handiegia nintzen leihoraino altxatu ahal izateko), andra potolek hondartzako aulkia zabaltzen zuten pasiloetan eta abanikoak ganoraz eragiten zituzten. Garai hartako haur guztiek izango dugu treneko abenturaren bat kontatzeko.
Bidea Deba ibai ondotik egiten du trenak. Duela hogeitamar urte ibilbide bera izanda, oso bestelakoa da ibaia orain. Orduan itxuraz behintzat askoz zikinagoa zen. Ibai ertzeko zuhaitz guztiak zintzilikatutako plastikoz beteta zeuden. Eta ura beti iluna zegoen. Ez zegoen ez arrain ez ahaten arrastorik. Egon zitekeenik ere ez genuen pentsatzen. Ibaia zikina zen, eta kitto.
Orain ostera ez da plastiko eta zakarrik ikusten ertzetan. Ura garden samarra da, eta Altzola eta Mendaro artean arrainak eta ahateak begiztatzen dira. Zer edo zer aurreratu da behintzat. Trena ere erosoagoa da, ez du barraka bat ematen, puntual dabil eta denbora gutxiago behar du iristeko. Zalantza barik garraiobide moduan trena askoz hobea da. Abenturatarako baina, aukera gutxiago ematen du.