Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Izan eta Esan / Konjuroa

Konjuroa

Elena Laka 2005/07/22 11:39

Ezagutu nuen neska bat bat gaixorik egon zena orain dela urte batzuk. Sukarra zeukan eta ez zioten topatzen nondik zetorkion. Medikuetan froga mordoa egin eta ezer ez, sukarra ez zen joaten. Ama, larrituta, ama askoren fede itsuarekin, berak egindako janariarekin sendatuko zela pentsatzen hasi zen. Egunero eramaten zizkion etxean egindako lentejak, haragia saltsan, garbantzuak... Horrekin batera auzoko baten errezetarekin basoko landarez egindako edabe garratz bat eramaten zion edateko. Aldi berean, lapikokada eta basoko belarrak eraman-ekarriak uzten zion denboran edo batera, ama toki bateko eta besteko amabirjinei errezoka hasi zen. Lehenengo gertuko amabirjinei. Gero mirari txikiak egiten zituztela esan zioten hurrunagokoei. Otoitzean eta kandelak eta eskupekoak eskainiz. Sendabide guztiak pilatu ziren momentu batean: medikuaren frogak eta botikak, lapikokadak eta tisanak, otoitzak, kandelak eta eskupekoak. Nire ezaguna, sukartutaz gain, gainezka eginda ere bazegoen. Bere iritziz, erremedioek badaukate gradazio bat: medikuak kale egiten duenean jotzen da sasi medikuarengana, eta honen ezean laguntza zerutiar eske. Ez dena batera! Zorionez, agin bat kendu zioten eta kalentura, amatxoren eltzea eta konjuroak uxatu ahal izan zituen.

Niri Oierren gaixotasuna iragarri zigutenetik, konjuroarena (nolabait esateagaitik) atzo gertatu zitzaidan lehen aldiz. Gu medikuaren eta amamaren lapikokaden fasean geundelakoan nengoen. Banekien baita ere inguruko fededunen otoitzen berri (nire fedeak ez du jangoiko guzti-konpontzailea siniesten, jangoikoa badago eta hala ere bizitza askorentzat desgrazia bat da) baina ez nuen ideiarik ere konjurogai ere baginenik.

Atzo harrapatu ninduen sanadore batek. Energia eta botereak ei dituen horrelako batek. Gure umearen argazkia ikusi eta energia eta indar positibo berezi bat sentitzen duen horietakoa, eta ez dut zalantzan jartzen horrela sentituko zuenik. Ni, hain pragmatikoa, hain errealitateari pegatutakoa, haren aurrean, ahal nuen moduko aurpegia ipintzen, erabat sinistuta zegoelako eta borondaterik onenarekin egiten zuelako. Eta hain beste kontatzen zuen, hain konbentzituta zegoen, momentu batean pragmatismoa baztertu eta bere diskurtsoaren eskutik joateko gogoa baizik ez nuela. Diskurtso horretan sartu nahi nuen, sinistu nahi nuen, sendabidean zeukan itxaropen zuri eta itsu hartan murgildu nahi nuen.

Joan nintzenean, emakumea erabateko sinismenarekin laga nuen, nik sinismena neure egiteko gogoarekin alde egin nuen. Zelako polita da dena ona, dena ederra izatea. Begiak itxi eta dena perfektoa izan daitekela sinistea. Ez da harritzekoa fede oro-konpontzaileak eta konjuroek horrelako arrakasta izateak.

etiketak: dogma
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Elena Laka. Elena. Elenalaka. Elen. Helen. Ama. Letrada. Señora Laka. Horretxei erantzuten diet. Horretxetatik abiatzen naiz.