Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Izan eta Esan

183 (berriro)

Elena Laka 2005/09/23 12:59

Eibarko "...eta kitto!" aldizkarirako

Pasa zen ekaina, uztaila, eta ebazpen berria ez zetorrenez, kaltetuaren familiari epea bukatzen zitzaion orain arte daukaten ebazpen bakarra, hots, kalteordaina ukatzen diena, epaitegira eramateko. Saila, jakina, jakinaren gainean. Jo zen epaitegira, kontua ez baitzen epea galtzea, eskubide barik geratzeko arriskua baitzegoen. Pasa dira abuztua eta ia iraila, eta Sailak dio ez duela ezer egin. Aurrekontu arazoa dauka itxuraz, eta nahiz eta ahoz aitortu kasu honi buelta eman dakiokela, ez du ezer egin, ezta egiteko eperik jarri.

Maiatzean kontatu nuen frankismopean 183 egun, urte erdia baino gehiago, baina sei hilabete ez, gartzelan egon zen eibartarraren kasua. Honen senideei EJko Gizarte Gaietako Sailak araututako ordaina ukatzen zioten, sei hilabeteko gartzelaldia ez frogatzeagatik. Arartekoari erreklamazioa egin ondoren, Sailak adierazi zuen bere kabuz gertu zegoela ebazpena aldatzeko, eta beraz 183 egunez giltzapean egondakoari zegokion kalteordaina onartzeko. Hori ekainean.

Orain, larogei urteko alarguna epaitegietan dirua eta arnasa gastatzen Administrazioak ezarritako arau bat betearazteko, senar zenari zegokiona aitorrarazteko.

Administrazioa, arauari propaganda eman zionean ez bezala, isilik.

Arartekoa, gaia epaitegiaren esku dagoenez, ezertan jarduteko eskumenik gabe.

Ez dago arau-hauste handiagorik arauak egin eta edozeini betearazteko indarra daukanak, bere buruari emandako araua urratzea baino.

Xuxentasuna

Elena Laka 2005/09/20 10:27

"Asteleheneko Goienkaria"ko lagunek faena txiki bat egin zidaten atzo. Izan ere nik "Xinplia" izeneko artikulua bidali nien domekan astelehenean argitaratzeko, hemen blogean atzo atera nuen moduan. Testu berbera.

Aldaketaren ondoren ostera pentsatzen dut testuaren zentzua erabat bestelakotzen dela, eta hori dela-eta, mezu bat bidali diet "Asteleheneko Goienkaia"koei nire kexaren berri emanez.

Ostera, Goienkariakoek, gaizki ulertutako zuzentasunaren izenean, aldaketak egin zituzten, eta "xinple" hitz guztiak "sinple" bihurtu zituzten. Euskaldun moduan ditudan atipikotasunen artean dago nire baitan filologo txiki bat ez eramatea, beraz ez naiz hasiko esaten bi hitzen arteko ñabardura zein den, non eta nola bereizten diren. Dakidana da bi berbok desberdinak direla, belarriak eta den-delako senak horrela esaten didatelako, eta, auctoritas dixit, Elexpuruk bere hiztegian desberdintasun hori jasotzen duelako, idazten hasi aurretik hiztegia begiratzeko lana hartu baitnuen.

"Xinplia" artikuluan baita ere "to bat" ipini nuen lekuan "tori bat" argitaratu zen. Bigarrena zuzenagoa izango da, ez dut ezetzik esaten, baina hizkera bizian ez da berdin "to" edo "tori", galdetu bestela Xakilixuti. Eta nik biak jakinda "to" aukeratu nuen.

Ätentzio dei txiki bat bai astelehenero eta bai ostiralero horren argitalpen ona egiten duten Goienkariakoei.

Xinplia

Elena Laka 2005/09/19 10:01

"Alkoholdun edarien eta tabakoaren kontsumoa zergapetzen dituzten zergak %10 eta %5,3 igo ziren hurrenez hurren atzo, Ministroen Kontseiluak ostiralean onartutako errege dekretu legea indarrean sartu ondoren. (...)Igoerok, Presidente autonomikoen Konferentziak hitzartutakoak, sanitatearen zorra finantzatzea dute helburu". (El Diario Vasco 05-9-18)

Bururatzen zaizkit zorra kitatzeko modu apurtxo bat sotilxeagoak. To bat: 120 km/ordu baino gehiagora gidatzearen ondorioz sortzen diren istripuek zenbat diru gastatu arazten diote sistemari? Debeka dezagun 120 km/ordu baino gehiago hartuko duten kotxeak fabrikatzea, diru piloa aurreratuko dugu. Sinplea.

Herritar soilek arazo politiko edo administratiboetaz iritzia ematen dugunean, agintariek sarritan leporatzen digute gaiak oso modu sinplean tratatzen ditugula. Gauza publikoa, adierazi ohi dutenez, arras konplikatua da, herritar xeheak ez dauzka datu guztiak eta norbere ona baino ez du bilatzen, konturatzeke agintariak arazo asko lotu behar dituela batera. Alegia, oinezkoa xinplekerietan baino ez dabilen bitartean, agintariek errealitearen duten ikuspegia ez dela sinplea eta beraz, hartzen dituzten erabakiak ere ez direla sinpleak. Horrekin egongo zen baten bat sinistuta sanitatean kontuak atera ez zaizkion arte, ze zorra finantzatzeko bideak bilatzerakoan, irtenbide sinplea ondo modu xinplean topatu du: zergapekoak erretzen duenean eta alkohola edaten duenean, sanitate sistema publikoa gehiago erabiltzeko boletoak erosten dihardu. Ergo ordain dezala gehiago.

Sinplekeria hau iradokitzen dizue sanitate sistema publiko eta unibertsala ordaindu nahi duen, zigarroaren kearekin mareatzen den eta bi zuritok buruko mina ematen dioten xinple honek.

Zinera Bergaratik Elgetara

Elena Laka 2005/09/06 18:48

Bihar asteazkena, hilak 7, zine denboraldia zabaltzen dute Elgetako Espaloian, eta Frank Capraren "Arsenico por compasión":http://www.labutaca.net/films/29/arsenicoporcompasion.htm ematen dute. Urte mordoa da pelikula hori Donostiako Principalean ikusi nuela. Komedia atsegina da.

Joateko asmoa dudanez, kotxean hiru jarleku eskaintzen ditut baten batek Bergaratik Espaloirainoko txangoa egin nahi badu pelikula ikustera.

Eta zineaz gabiltzanez, inork badaki ezer Bergarako zine-aretoari buruz? Novedadesean ikusi neban azken pelikula Melinda & Melinda izan zen, eta gauzak dauden moduan, iruditzen zait zinearen etorkizuna Bergaran filme horren antzeko dilema izan daitekela: komedia, eta beraz Zabalotegiko areto triste hartan ikusiko ditugu pelikulak, edo tragedia, eta hortaz zine piska bat ikusteko kateak ipini beharko dizkiogu autoari (eginda nago elurretan zinera bidaia Elgetara).

Ez dakit ezta ere umeentzako domeketako zine saiorik izango den aurten Espaloian. Iaz umeak eramateko aitzakiarekin Chaplinen Tiempos modernos eman ziguten oparitan. Zelako aukera ederra pelikula ikusteko!. Iradokizunik onartzekotan: Disney eta enparauen artean sartu noizean behin bada be pirata, abentura eta mosketeroen filmeren bat. Eta baita be txikitan zine komikoa esaten genion horretako pelikularen bat. Umeak pozik, eta guraso hau, zoratzen. Eskerrik asko.

Errenta kontratuaren iruzurra

Elena Laka 2005/09/02 13:13

Maria andrea, ia hirurogei urteko emakume euskalduna, ez da pertsona txarra. Seme-alabak hazi ditu, gizona ondo zaintzen du, astean behin beste hiru matrimoniorekin afaltzen du. Sekula ez du inorekin arazorik izan herrian, ondo konpontzen da auzokoekin. Emakume dotore samarra, bizitza ordenatua darama: ordenaren aldeko egunkaria irakurtzen du, ordenaren aldeko alderdiari ematen dio botua, ordenaren aldeko elizara joaten da. Zergak ordaintzen ditu, eskatutako egiten du. Lagun artean estimatua da eta bere ahotsa eta iritzia kontutan izaten dute bere inguruan.

Maria andreak, bizi den etxebizitzaz aparte, badauka etxebizitza bat hutsik, gurasoek utzitako diru apurrarekin eta aurreztutakoari esker erositako pisu zahar bat. Iaz etorkin batzuei alokatu zien. Alokatzeko tratua iazko uztailean egin zuten, eta maizterrak abuztuan sartu ziren etxera, fidantza eta hileko saria aurretik ordainduta. Opor garaia zela eta, kontratua uda ondoren egiteko geratu ziren. Joan zen Maria andrea irailean kontratua egingo zion profesionalarengana. Kontatuko zion etxea alogeran zuela eta kontratua egin nahi ziela maizterrei. Kontratugileak galdetuko zion zenbat denborarako, Maria andreak urte beterako erantzungo zion. Profesionalak esplikatuko zion urte beterako egin ondoren, *maizterrak eskubidea+ duela kontratua bost urte arte luzatzeko, urtean errenta KPIa igoaz, nahiz eta jabea ados egon ez, Ley de Arrendamientos Urbanos-en arabera. Maria andreari irudituko zitzaion bost urte asko dela, auskalo zer gerta daiteken bost urtetan, eta gainera etorkinekin ez dagoela jakiterik. Ea ez zen moduren bat kontratuak gutxiago irauteko.

Profesionalak baietz, sasoiko errentamendua egin zitekeela. Alegia, kontratua urritik abuztura bitartekoa egin. Nahiz eta maizterrak abuztutik egon etxean, kontratua urriko datan egin, urrian sartu izan balira bezala. Eta hurrengo bukatze-data hurrengo abuztua ipini. Hartara maizterrak urte beteko alogera du, baina “sasoiko errentamendua” sinatu denez, ez urte beteko kontratua, 2005eko abuztua iritxita, ez dauka kontratua luzatzeko eskubiderik.

Maria andrea pozik, etxebizitza urte betez alokatu du, urte beteko errenta jasotzen du, baina urtea amaitzean kontratua ere bukatu egiten da, eta Maria andrea libre da beste norbaiti edo maizterrari berari alkilatzeko, noski berak nahi duen errentarekin, ez KPIaren igoerarekin. Maizterra ere pozik, badaukalako etxebizitza bat alogeran kontratuarekin.

Gazteluaren pareko lege iruzurra da. Maria andreak “sasoiko errentamendua” erabili du berez urte beteko errentamendua dena arautzeko, alogera “sasoiko errenamendu”tzat hartzea urte bete pasatua etxebizitza berreskuratzea ahalbideratzen diolako, iruzurrari esker berak erabakitzen duelako nori eman errentan eta zenbatean. Maizterrek hiru irtenbide baino ez dituzte orain: bat, etxe horretan segitu alogeran Maria andreak eskatu dien errenta igoera dexentea ordainduz. Bi, errentan hartutako beste etxebizitza batera alde egin. Hiru, juizioetan sartu frogatzeko urte beteko kontratua zeukatela, bost urterarte luza daitekena, eta ez “sasoiko errentamendu”a, frogatzeko Maria andreak iruzurra egin diela.

Tom/Tim

Elena Laka 2005/09/02 12:05

Fededuna mezetara joaten den moduan sartzen naiz ni zinera: emango didaten horretan zeharo sinestuta. Horrela sartu nintzen Zubelzu zinean “La guerra de los mundos” ikustera, Spielbergek oraingo honetan zer oparitxo zeukan ikusteko irrikitan.

Eta konbentzitu ninduten. Metalezko zurbiltasun arpegia eta begi urdin hotzak zituen neskatila pantailan atera zenean, pelikulak tripak kuzkurtu zizkidan eta ez zizkidan askatu ipuin antzeko azkeneko eszenaraino. Denetik ikusi nuen bitarte horretan: lehenengo beldurra, zeruaren mehatxua, kaleak zartatzen, B serieko moduko burdinezko medusa ikaragarriak, Frankesteini keinuak, gerrako eszenak, western bateko eszenak. Dena metalezko kolore hotzetako galbaetan pasatuta. Noizean behin, “La lista de Schilnder”en agertzen den neskatxoaren abrigo gorria bezala, koloreekin zipriztinduta. “Minority report”en pertsonaien begiek gertatzen zenaren ardatzetako bat baldin baziren, hemen dena protagonisten begietatik ikusten da, batez ere neskatxo begi hotz ikaratuen begietatik. Baita Tim ere. Tim, Tim Robbins.

Aitortu behar dut Tom Cruise ez dudala gustoko. Iruditzen zait beti antzeko rola egiten duela: amerikar-mutil-piskabatlotsagabebainaon-sasijakintsua, azkenean beti ondo irteten dena. Gainera ez da nire gizon tipoa. Hala ere, nahiz eta Tom Cruise protagonista izan, konbentzi nezaten gertu eseri nintzen aretoan.

Ez nekien pelikulan agertzen zenik, horregaitik ezustekoa izan zen halako batean pantailan ikustea. Aktore hau bai gustatzen zaidala ikaragarri, nahiz eta ikusi dizkiodan azken bi pelikuletan (hau eta “Mystic River”) pertsonai oinaztatuak egin dituen, bietan min handia jasan duten pertsonak. Tim Robbins errifle bat eskuan duela agertzen da, arma erabat anakronikoa eta alperrikoa burdinezko medusen kontra. Agertzen den eszenatokia iluna da, klaustrofobikoa, western bateko mehategi zahar baten antzekoa. Mamu zahar bat ematen du, dena galdu duen eta ezer galtzekorik ez duen pertsona etsia. Primeran islatzen du sentitzen duen izua, berak ere izua sentiarazteraino.

Filmeak dituen keinu sinezkaitzen artean, ipuin ikutua ematen diotenak, Cruisek Robbins borrokan garaitzea da. Borroka ez da ikusten, jakina. Zeinek pentsa dezake benetan Cruise ñañarrituak Robins armairuari irabaz diezaiokenik? Tripetako korapiloa batzuetan nasaitzen lagundu zidana izan zen pentsatzeak berdin zela filmean zer gertatuko zen, Cruise beti irabazle ateratzen dela. Azkenean, noski, Cruise azkarra konturatu zen, bera bakarrik eta halako batean, estralurtarrak garaikorrak zirela, eta bukaerako lortu zuen bere alabatxo zurbila amaren etxean sanu eta salbu uztea.

Fededunak mezetatik bezala irten neban zinetik: konbentzituta sinestunaren fedea egia berdaderoa dela, istorioak ongi kontatzen dituzten pelikuletan sinesmena berretsita.

Aurkezpena

Elena Laka. Elena. Elenalaka. Elen. Helen. Ama. Letrada. Señora Laka. Horretxei erantzuten diet. Horretxetatik abiatzen naiz.