Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Izan eta Esan / Errenta kontratuaren iruzurra

Errenta kontratuaren iruzurra

Elena Laka 2005/09/02 13:13

Maria andrea, ia hirurogei urteko emakume euskalduna, ez da pertsona txarra. Seme-alabak hazi ditu, gizona ondo zaintzen du, astean behin beste hiru matrimoniorekin afaltzen du. Sekula ez du inorekin arazorik izan herrian, ondo konpontzen da auzokoekin. Emakume dotore samarra, bizitza ordenatua darama: ordenaren aldeko egunkaria irakurtzen du, ordenaren aldeko alderdiari ematen dio botua, ordenaren aldeko elizara joaten da. Zergak ordaintzen ditu, eskatutako egiten du. Lagun artean estimatua da eta bere ahotsa eta iritzia kontutan izaten dute bere inguruan.

Maria andreak, bizi den etxebizitzaz aparte, badauka etxebizitza bat hutsik, gurasoek utzitako diru apurrarekin eta aurreztutakoari esker erositako pisu zahar bat. Iaz etorkin batzuei alokatu zien. Alokatzeko tratua iazko uztailean egin zuten, eta maizterrak abuztuan sartu ziren etxera, fidantza eta hileko saria aurretik ordainduta. Opor garaia zela eta, kontratua uda ondoren egiteko geratu ziren. Joan zen Maria andrea irailean kontratua egingo zion profesionalarengana. Kontatuko zion etxea alogeran zuela eta kontratua egin nahi ziela maizterrei. Kontratugileak galdetuko zion zenbat denborarako, Maria andreak urte beterako erantzungo zion. Profesionalak esplikatuko zion urte beterako egin ondoren, *maizterrak eskubidea+ duela kontratua bost urte arte luzatzeko, urtean errenta KPIa igoaz, nahiz eta jabea ados egon ez, Ley de Arrendamientos Urbanos-en arabera. Maria andreari irudituko zitzaion bost urte asko dela, auskalo zer gerta daiteken bost urtetan, eta gainera etorkinekin ez dagoela jakiterik. Ea ez zen moduren bat kontratuak gutxiago irauteko.

Profesionalak baietz, sasoiko errentamendua egin zitekeela. Alegia, kontratua urritik abuztura bitartekoa egin. Nahiz eta maizterrak abuztutik egon etxean, kontratua urriko datan egin, urrian sartu izan balira bezala. Eta hurrengo bukatze-data hurrengo abuztua ipini. Hartara maizterrak urte beteko alogera du, baina “sasoiko errentamendua” sinatu denez, ez urte beteko kontratua, 2005eko abuztua iritxita, ez dauka kontratua luzatzeko eskubiderik.

Maria andrea pozik, etxebizitza urte betez alokatu du, urte beteko errenta jasotzen du, baina urtea amaitzean kontratua ere bukatu egiten da, eta Maria andrea libre da beste norbaiti edo maizterrari berari alkilatzeko, noski berak nahi duen errentarekin, ez KPIaren igoerarekin. Maizterra ere pozik, badaukalako etxebizitza bat alogeran kontratuarekin.

Gazteluaren pareko lege iruzurra da. Maria andreak “sasoiko errentamendua” erabili du berez urte beteko errentamendua dena arautzeko, alogera “sasoiko errenamendu”tzat hartzea urte bete pasatua etxebizitza berreskuratzea ahalbideratzen diolako, iruzurrari esker berak erabakitzen duelako nori eman errentan eta zenbatean. Maizterrek hiru irtenbide baino ez dituzte orain: bat, etxe horretan segitu alogeran Maria andreak eskatu dien errenta igoera dexentea ordainduz. Bi, errentan hartutako beste etxebizitza batera alde egin. Hiru, juizioetan sartu frogatzeko urte beteko kontratua zeukatela, bost urterarte luza daitekena, eta ez “sasoiko errentamendu”a, frogatzeko Maria andreak iruzurra egin diela.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Elena Laka. Elena. Elenalaka. Elen. Helen. Ama. Letrada. Señora Laka. Horretxei erantzuten diet. Horretxetatik abiatzen naiz.