Tom/Tim
Fededuna mezetara joaten den moduan sartzen naiz ni zinera: emango didaten horretan zeharo sinestuta. Horrela sartu nintzen Zubelzu zinean “La guerra de los mundos” ikustera, Spielbergek oraingo honetan zer oparitxo zeukan ikusteko irrikitan.
Eta konbentzitu ninduten. Metalezko zurbiltasun arpegia eta begi urdin hotzak zituen neskatila pantailan atera zenean, pelikulak tripak kuzkurtu zizkidan eta ez zizkidan askatu ipuin antzeko azkeneko eszenaraino. Denetik ikusi nuen bitarte horretan: lehenengo beldurra, zeruaren mehatxua, kaleak zartatzen, B serieko moduko burdinezko medusa ikaragarriak, Frankesteini keinuak, gerrako eszenak, western bateko eszenak. Dena metalezko kolore hotzetako galbaetan pasatuta. Noizean behin, “La lista de Schilnder”en agertzen den neskatxoaren abrigo gorria bezala, koloreekin zipriztinduta. “Minority report”en pertsonaien begiek gertatzen zenaren ardatzetako bat baldin baziren, hemen dena protagonisten begietatik ikusten da, batez ere neskatxo begi hotz ikaratuen begietatik. Baita Tim ere. Tim, Tim Robbins.
Aitortu behar dut Tom Cruise ez dudala gustoko. Iruditzen zait beti antzeko rola egiten duela: amerikar-mutil-piskabatlotsagabebainaon-sasijakintsua, azkenean beti ondo irteten dena. Gainera ez da nire gizon tipoa. Hala ere, nahiz eta Tom Cruise protagonista izan, konbentzi nezaten gertu eseri nintzen aretoan.
Ez nekien pelikulan agertzen zenik, horregaitik ezustekoa izan zen halako batean pantailan ikustea. Aktore hau bai gustatzen zaidala ikaragarri, nahiz eta ikusi dizkiodan azken bi pelikuletan (hau eta “Mystic River”) pertsonai oinaztatuak egin dituen, bietan min handia jasan duten pertsonak. Tim Robbins errifle bat eskuan duela agertzen da, arma erabat anakronikoa eta alperrikoa burdinezko medusen kontra. Agertzen den eszenatokia iluna da, klaustrofobikoa, western bateko mehategi zahar baten antzekoa. Mamu zahar bat ematen du, dena galdu duen eta ezer galtzekorik ez duen pertsona etsia. Primeran islatzen du sentitzen duen izua, berak ere izua sentiarazteraino.
Filmeak dituen keinu sinezkaitzen artean, ipuin ikutua ematen diotenak, Cruisek Robbins borrokan garaitzea da. Borroka ez da ikusten, jakina. Zeinek pentsa dezake benetan Cruise ñañarrituak Robins armairuari irabaz diezaiokenik? Tripetako korapiloa batzuetan nasaitzen lagundu zidana izan zen pentsatzeak berdin zela filmean zer gertatuko zen, Cruise beti irabazle ateratzen dela. Azkenean, noski, Cruise azkarra konturatu zen, bera bakarrik eta halako batean, estralurtarrak garaikorrak zirela, eta bukaerako lortu zuen bere alabatxo zurbila amaren etxean sanu eta salbu uztea.
Fededunak mezetatik bezala irten neban zinetik: konbentzituta sinestunaren fedea egia berdaderoa dela, istorioak ongi kontatzen dituzten pelikuletan sinesmena berretsita.
Kaixo berriz,
Bergarako zinera edo pilotalekura ekartzen ez zutenez, etxean ikusi dut "La guerra de los mundos". Efektu bereziak eta neskatila filmeko onena. Amaiera amerikanoak ez ditut atsegin. Estralurtarren erasoak "Mision imposibilisima 4" ematen zuen eta beti bezala, Cruise ñañarritua irabazle.
Ondo segi.