Hemen zaude: Hasiera Blogak Anti-gona Artxiboa 2010 Urtarrila

Artxiboa Urtarrila 2010

Ruper txandalean?

Gabon hauetan familia bazkarian, Ruper Ordorikaren azken diskoko portada izan dugu hizpide. Harrituta geunden argazkiarekin. Ruper txandalean dago? izan zen gure eztabaida.

Ruper? Ni ezetzean nago; ingurukoak, ordea; baietzean. Nire ustez, goikoa bada izerditzeko bat (sudadera bat), baina prakak, zabalak izan arren, normalak dira. Oinetakoekin ez dago dudarik, kirol zapatilak dira!

Ordorikak beti izan du oso estilo propioa: pastazko betaurrekoak zeramatzan guk metalezkoak geneuzkanean. Patilla luzeak mutilek bizarrarekin batera kendu eta belarri gainetik zeramatzatenean. Azkenean modan ere jarri dira/ditu, eta pastazko antiojoak eta patillak dira nagusi.

Hainbatek galdetuko duzue zer dela eta hainbesteko garrantzia portada bati. Esan beharra daukat, ni neu Ruperren fana naizela, asko gustatzen zaidala, eta diskoa erostean harritu egin nintzela; izan ere, Ruper Ordorikak beti izan du oso look berea. Lehen esan bezala, pastazko antiparrak, patillak, alkandora (beltza edo gorria) ez nikia, txupa bakeroa, jaka beltz dotorea. Beti bere estiloa. Kirol arroparekin ikustea bitxia benetan!

Hala ere, txandala ez dela osoa pentsatzen dut. Zuek zer uste duzue? Bota, bota zuen erantzuna!

A! Portzierto, diskoa, Haizea Garizumakoa,; oso gomendagarria. Asko gustatu zait, baina hau beste baten lana da.....

Chaconen prakak

Erregenetan Espainiako militarren jaia da. Berstan garrantzitsuena ministroaren prakak izan ziren.

Badira urte bi militarren pazkoan gauzarik inportanteena ministroaren janzkera dela. Pasa den uretan eskadalua izan zen esmokin erako arropa jantzi zuenean, beste andrazko guztiak soineko luzea zeramaten bitartean.

chacon09

Badirudi jai horiek dirua gastatzeko, eta militarren auto-estimua igotzeko baino ez direla; izan ere, aurtengo notizia bakarra, atzera ere, Carme Chaconen prakak izan dira. Ez neukan dudarik, horrelako jaiak zer ziren. Baina Chaconen izena Carma izan beharrean, Antoni balitz komentarioak berberak lirateke?

Emakume politikariei, sarritan, janzkeragatik epaitzen dituzte: Soraya Saenz de Santamariaren probokazioa, Ana de Palacioren gustu eza, bere ahizpa Loyolaren neskazahar itxura, Mª Teresa Fernandez de la Vegaren zimurrak, Idoia Zenarruzabeitiaren estilo nahasia....eta zer esanik ez Ezker Abertzaleko emakumeen gainean Ussiak esan zuena! (Kaos en la red-tik hartuta, La Razonen esteka ez jartzeagatik!)

Janzkera eta itxuragatik kalibratzen dituzte emakume publikoak (euskaraz eradaraz baino hobeto ematen du esamolde honek). Badirudi itxura dela garrantzitsuena, mendeetan lorontzi izatearen ondorioa, nire ustez. Baina imajina genezake Raxoiren gorbaten gaineko komentariorik? Patxi Lopezen betarrekoen kritika? Arnaldo Otegiren ile mozte berriaz jardun? Urkulluren praken marraz? Ez, ezta?

Egia esateko, gizon politikarien janzkera hain da aspergarria, ezen zeresanik ere ez duen ematen. Hala ere, larragikoak dira diferentziak. Epaitu eta gaizki jardun. Egin dutenagatik baino euren itxura fisikoagatik. Higuinduta gaituzte! Bada ordua ekintzei baruzko iritziak emateko, ez gonen luzeraz, edo alkandoren eskoteaz, mesedez!

Elurra eta arropa

Kantauri alde honetan bizi garenondako elurra fenomeno bitxia da, gutxitan agertzen zaiguna herrian. Eta agertutakoan, bizimodua goitik behera aldatzen digu: autoa atera ezin, kalean labain, hotza, bustia... Janzkera ere aldatzen zaigu.

Horrezaz gain, herrietan zarata ere gutxitu egiten da, trafikoa murrizten delako, seguruenik. Estalki zuriak ematen duen argiak lasaitu egiten gaitu. Honek guztionek, bake sentsazioa handia ematen du, eta horregatik maite ditut hainbeste elur-egunak.

Bake honekin batera modan ere eten bat egoten da. Ez dakit zer gertatzen zaigun, baina badirudi elur-egunetan janzkera guztiak libre direla. Armairutik ateratzen dugu gustukoa duguna, baina oso modaz pasata dagoena, aitzakia perfektua baita: hartz beroki berdea, ganbaran agertutako ez-dakit-zeinen katiuskak, aitarenak izandako mendiko bota zaharrak (bi taila handiagoak), Perutik ekarritako artilezko txanoa, amamak eginiko eskuzorro epelak,...

Inoiz ikusi duzue hainbeste kapela, txapel, sonbreiru, txano? Kuriosoa da. Hotz egiten du, konforme, baina izotza botatzen duenean, hotzago egiten du, eta badirudi burua estaltzearena ez dela zilegi, elurrarekin libre den arren. Esplikaezina!


© cc-by-sa: Nazareth Berlanga /Wikipedia

Egia esateko, sonbreiruzale guztiondako egun aproposak izaten dira. Aprobetxatu egiten ditugu egunok etxean dauzkagun kapelu polit askoak ateratzeko, begirada okerrik jaso barik. Zelan disfrutatzen dudan!

Elur gehiago egingo ahal du armairuko beroki modaz kanpoko, baina zoragarri hori janzteko! Oxala elurra mara-mara sarri egingo baligu negu honetan!

Arrosa ala urdina

Ume txikien arropa erostean beti egiten duten galdera.

Inoiz ez zaizue pasatu, jaio berriendako arropa erostera joan eta ea neska ala mutila den galdetzea? Niri bai. Oparitxo bat egitera lehenengoz joan nintzenean itaun hori egin zidaten. Erakusleihoan txanodun toallatxo batzuk zeuden, hiru koloretan: arrosa, urdina eta zuria. Denda sartu eta zast, galdera madarikatua! Niri gehien arrosa gustatu eta horrela esan nion: "mutikoa da, baina arrosa nahi dut". Toallatxo bat zen, mesedez! Eta zuria erosteko zer esan behar nion, hermafrodita zela?

Zergatik galdera hau? Nik ez diot zentzurik ikusten. Baina gero kontatu zidaten hainbat familiak ez diola mutikoari inoiz arropa arrosarik jarriko, eta alderantziz. Gaur eguneko kontu bat da hau, ez "Cuéntame"-koa! Nire adineko bikoteen artean! Eta gazteagoek ere egiten dute!!!

Duela hamarkada batzuk fenomeno hau ez zela hainbeste gertatzen esango nuke; izan ere, ekografiarik ez zegoen, eta sorpresa izaten zelako umearen sexua. Hortaz, arropatxo asko zuria zen, edo hiru koloreak batera zituena: arrosa, urdina eta zuria.

Jende askok hainbesteko garrantzia ematen dio mutikoa urdinez janzteari! Zergatik? Ez daukat erantzuna, baina neska izan ez dadin, kutsatu ez dadin dela esango nuke. Horrela sumatu dut. Antza denez, neskak urdinez janztea "baimenduago" dago; mutilak ostera, ez. Badirudi mutikoari arrosa koloreak etorkizunean eragingo diola eta ez dela inoiz gizonduko, emakume ahul eta negartia bihurtuko dela. Katastrofea!! Gizon izan behar zena, emakume bihurtuta!!

Eta neskatiletan zer dakar horrek? Arrosa kolorea nonahi, mundu arrosa kolore hutsezko gelak, arropak, motxilak, jostailuak....mundu arrosa zatar zoro bat, printzesaz eta Disneyz betea.

Zuetako askok pentsatuko du artikulu hau sekulako tontakeria dela. Eta hala litzateke banaketa hasierako hilabeteetako koloreetan geldituko balitz. Baina ez, hori hasiera baino ez da. Jostailuekin jarraitzen du: kopinak neskendako, automobilak mutilendako. Gero dekorazioarekin jarraitzen du:arrosaz pintatutako gelekin, horma urdinak eta koadroak nonahi. Mozorroak ere hain dira desberdinak: printzesak, super-heroiak.....horrela nerabezarora arte.

Eta gero harritu egiten gara hainbeste urteko borrokak ez duela berdintasuna ekarri! Zelan, baina? Jaiotzen garenetik desberdindu egiten gaituzte, rolak inposatu eta sehaskatik gure gustuak eta joerak markatu.

Horrela berdintasuna ezinezkoa da!

 

Leire Narbaiza 2010/01/07