DISKURTSOAK
DISKURTSOAK
(Eibarespazioko Zerbitzu Sekretuek Alderdi Sozialistako bi militanteri grabatutako telefono elkarrizketa)
- ...txikituko haute, Andoni, pepelerdo halakoa!
- Mikel, mesedez, oihurik ez, burukominez nagok.
- Burukomina? Laster bururik ere ez...
- Baina zer gertatu da?
- Idoia turko-buruak bilatzen hasi duk eta hireak gero eta otomandarragoa ematen dik...
- Argiago hitz egin dezakek?
- "Demokrata izan zaitezke eta independentziaren alde egon. Baina ezin zara demokrata izan eta erabakitzeko eskubidearen alde egon." Baina hi zer demontre edaten ari hintzen diskurtsoa idazten ari hintzen bitartean?
- Hirugarren gin-tonika... nire koinatuak primerakoak prestatzen ditik, kardamomo botatzen ziok eta...
- Galdera erretorikoa zuan, Andoni...
- ...
- "Amarru kontzeptuala da gutxiengo bat gehiengoaren gainetik nagusitzeko"... non sartu ere ez zekian Idoiak...
- Idazten ari nintzela primerako ideia iruditu zitzaidaan...
- Baita Pello Urizarri ere... oraindik jarraitzen dik barrez lehertzen... Jesusssss!
- Bai, Jesusek arazorik gabe irakurriko zian diskurtsoa, horretan ez izan dudarik!
- Bai, Andoni, bazekiat diskurtso kontuetan Egigurenen eskolako ikaslerik finena haizela, malgutasunaren aldekoa, orain A eta gero B...
- Jada ez zagok Jesus bezalakorik alderdian...
- Arrazoi duk, bai. Idoia ez duk Jesus. Eta horrexegatik kontuz ibili behar diagu diskurtsoak idaztean... ulertzen?
- Gutxienez Idoiak irakurri izan balu pulpitura igo aurretik...
- Irakurri, irakurri zian... baina, nonbait, hire koinatuarekin bazkaldu ostean...
(Erredakzioan itzulita)
JOSE LUISEN MEMORIAK
JOSE LUISEN MEMORIAK
...bai, askotan gogorarazi dizkidate egun hartan esandakoak, eta are gehiago orain, nire memoriak idazten hasiak ginelako zurrumurrua zabaldu denetik, baina tira... zer esango dizut nik ba, niretzat hura guztia jolasa izan zen, bizitza osoa serio plantak egin ostean nire buruari egindako omenaldi xume bat besterik ez.... Izan ere, beti gustatu izan zait jendearen bat-bateko erreakzioak ikustea...
...gogoan dut pulpitutik jaitsi bezain pronto hasi zitzaidala telefonoa dantzan. Denak urduri... "Baina zertan ari haiz?", "Hi burutik hago", "Damutuko zaik"... Eta ni barrez lehertzen...
...lasai egoteko esan nien, ez nuela txintik esango, baina, antza, nire promesak ez zituen lagunak erabat asebete eta horrexegatik asmatu nuen aitorlekuaren metafora hura... badakizu, aitortzan kontatzen dena isilpekoa dela, mutu egongo nintzela per secula seculorum, eta erretolika hura guztia...
...bai, funtzionatu egin zuen eta denek sinetsi zidaten... normala, bestalde... azken batean, alderdiak ospe ona dauka erlijio kontuetan...
...dena den, mundu guztiak badaki sekretuak -baita aitorlekuetakoak ere- ez direla kontatzen ez diren gauzak, ezpada bakarka eta belarrira xuxurlaka kontatzen direnak...
... beno... horrela jartzen bazara, emango dizkizut izen batzuk...
...beldurrik? Nik? Ez noski... Dagoeneko dena preskribituta dago, motel!...
... apuntatu, apuntatu... ikusiko duzu zer-nolako algarak egingo ditugun...
ISILTASUN HURA
ISILTASUN HURA
Egia esan, bestelako irudi bat nuen.
Uste nuen alderdi-gizon bat izango zela. Beste alderdi-gizon gris bat, gorbata urdinez jantzitakoa. Gurean hain dira ugariak, non han ere denak halakoak izango zirelakoan nengoen.
Alabaina, kameren aurrean agertu zen eta, bat-batean, isiltasuna nagusitu zen egongela hartan. Hamabost bat lagun izango ginen, denok euforikoak Bartzelonako V erraldoian parte hartu eta gero, denok nekaturik ia bi orduz zutik egon ostean, denok arrakastaren irribarrea musuan tatuaturik. Eta orduan presidenteak diosala egin zigun telebistatik eta denok iltzatu genituen begiak pantaila gainean.
Inork ez zuen txintik ere esan gizonak hizketan jardun zuen minutuetan.
Eta niri oso adierazgarria gertatu zitzaidan isiltasun hura. Izan ere, han bildutakoen artean gutxi baitziren CIUren boto-emaileak.
Nik ere adi-adi jarraitu nuen Mas-en hitzaldia. Katalanez egin zuenez, erdia baino ez nuen ulertu. Nahikoa eta sobera, baldin eta jarrerak laguntzen badu.
Eta, zer nahi duzue nik esatea, ez zitzaidan iruditu bere aldekoentzat soilik hitz egiten zuen alderdi-gizon bat zenik. Estatu-gizon bat iruditu zitzaidan, bere herriaren aurrean zintzo eta tinko.
Handik gutxira mahaiaren inguruan eserita geunden denok, politika alde batera utzita eta lagunarteko giroan afaltzeko prest.
Nik pa amb tomaquet, butifarra beltza, eta platerkada bete inbidia afaldu nituen.
Itzulera
ITZULERA
Ez, ez naiz hitzeko gizona.
Atzera ere hemen naukazue, matraka emateko prest. 3 hilabete baino ez dira pasa dimisioa eman nuenetik. Are: nire dimisioa atzeraezina eta baldintzarik gabekoa zela esan nuen. Zutabegintza behin betiko uztea erabaki nuen. Eta, egia esan, egun haietan huraxe iruditu zitzaidan erabakirik onena.
Izan ere, 10 urte eman baititut BERRIA egunkarian zutabeak idazten. Hasieran esperimentu gisa. Gero dibertimenduz. Eta bukaeran, lumaz bainoago, bihotzez eta arimaz, halako moldez non nire zutabeak arriskutsu bihurtu ziren. Bai, ene lagunok: trapu zikinak, konspirazioen teoriak eta estolderietan grabatutako elkarrizketak haizatzen hasteak arriskutsu eta deseroso bihurtzen zaitu eta BERRIAri kalterik egin baino lehen desagertzea erabaki nuen.
Eta mundua nitaz azkar ahaztuko zelakoan, Lizarrustihistango basoetara erbesteratu nintzen.
Bistan da oker nengoela.
Marimaistrak deitu zidan lehengoan. Ikasturtea hastear zegoela eta nire zutabeen falta sumatzen zuela. Eta ez zekiela zer eraman ikasgelara, eta idazten jarraitzeko.
- Non, baina? -galdetu nion, arriskuez ohartarazi ostean.
Eibarespazioa toki segurua zela esan zidan.
Zalantzaz beterik, pentsatuko nuela erantzun nion. Eta denbora emateko.
Baina ondo dakizuenez, Marimaistra emakume tematia da, amore ematen ez duen horietakoa eta berehala hasi zitzaidan estutzen erantzun bat eman niezaion.
Ezetz esan nion.
Ikusten duzuenez, ez naiz hitzeko gizona...