Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ate adina maratila / Itzulera

Itzulera

Xabier Etxaniz 2014/09/25 00:35

 ITZULERA

            Ez, ez naiz hitzeko gizona.

            Atzera ere hemen naukazue, matraka emateko prest. 3 hilabete baino ez dira pasa dimisioa eman nuenetik. Are: nire dimisioa atzeraezina eta baldintzarik gabekoa zela esan  nuen. Zutabegintza behin betiko uztea erabaki nuen. Eta, egia esan, egun haietan huraxe iruditu zitzaidan erabakirik onena.

            Izan ere, 10 urte eman baititut BERRIA egunkarian zutabeak idazten. Hasieran esperimentu gisa. Gero dibertimenduz. Eta bukaeran, lumaz bainoago, bihotzez eta arimaz, halako moldez non nire zutabeak arriskutsu bihurtu ziren. Bai, ene lagunok: trapu zikinak, konspirazioen teoriak eta estolderietan grabatutako elkarrizketak haizatzen hasteak arriskutsu eta deseroso bihurtzen zaitu eta BERRIAri kalterik egin baino lehen desagertzea erabaki nuen.

            Eta mundua nitaz azkar ahaztuko zelakoan, Lizarrustihistango basoetara erbesteratu nintzen.

            Bistan da oker nengoela.

            Marimaistrak deitu zidan lehengoan. Ikasturtea hastear zegoela eta nire zutabeen falta sumatzen zuela. Eta ez zekiela zer eraman ikasgelara, eta idazten jarraitzeko.

            - Non, baina? -galdetu nion, arriskuez ohartarazi ostean.

            Eibarespazioa toki segurua zela esan zidan.

            Zalantzaz beterik, pentsatuko nuela erantzun nion. Eta denbora emateko.

            Baina ondo dakizuenez, Marimaistra emakume tematia da, amore ematen ez duen horietakoa eta berehala hasi zitzaidan estutzen erantzun bat eman niezaion.

            Ezetz esan nion.

            Ikusten duzuenez, ez naiz hitzeko gizona...      

 

               

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Etxaniz Rojoren bloga da hau. Donostiarra. Trintxerpetarra. Idazlea. AEK-ko beteranoa. Zutabegilea. Errealzalea. Pipa erretzailea. Aita (biologikoa zein adopzio bidez). Elkarte gastronomikoan sukaldaria. Txiolaria (@xabietxaniz). 2014ko irailetik, Eibar.org komunitateko blogista.

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.