Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Teknosexua / Bizikletan Eibarren: urte eta erdiko emaitza

Bizikletan Eibarren: urte eta erdiko emaitza

Gari Araolaza 2019/02/23 20:10
18 hilabete pasatu dira Eibarren bizikletan hasi nintzela, hemen ondorio batzuk.
Bizikletan Eibarren: urte eta erdiko emaitza

Nire bizikleta elektrikoa

2017ko uda aprobetxatuz, lanera bizikletan joaten hasi nintzen, Eibar erdigunetik Azitaingo industrialdera. Hasieran etxeko bizikleta zaharrekin eta gero BH bizikleta elektrikoa erosita. Horretarako geroz eta gutxiago erabiltzen nuen motorra saldu eta trukean bizikleta erosi nuen. Tarte honetan ikasitako esperientzia partekatu nahi dut:

Eibarren bizikleta ez da utopia

Ez da gauza zail bat. Ibili daiteke eta ondo gainera. Hasieran lotsa pixka bat ematen du, arraro begiratua sentitzen zarelako, baina gero ohitu eta oso gustora nabil.

  • Atasko amaiezinetan kotxe artean pasatzen naiz eta trafiko gutxi dagoenean abiadura ederrean jeisten ditut Bidebarrieta, Karmen eta Barrena kaleak.
  • Bizikleta etxean gordetzen dudanez ez dut aparkatzeko buruhausterik izaten.
  • Autoa baino azkarragoa da, hori zalantzarik gabe, eta sarritan motorra bezain azkarra.
  • Nire bizikleta elektrikoa izatean aldapekin ez dut arazo handirik, baina imajinatu izan dut Urki, Amaña edo Ipuruara igotzeko ez nukeela arazo handirik izango ere, herriko "eskailera mekaniko sare txit ohoragarria" erabiliz.
  • Uste nuena baino arrisku gutxiago dago. Hori bai, espazioa hartu beharra dago eta legediak agintzen duen bezala errepidearen erdi-erditik joatea aholkatzen dut, albotik ateratzen diren ateak, pertsonak edo beste ibilgailuekin arazorik ez izateko.
  • Euriaren arazoa ez dut ondo bideratu oraindik. Txamarra eta praka onak erosita ditut, baina hala ere ez da batere atsegina oinak bustita lanera iristea. Egia da egun euritsu batzuetan ere ibiltzen naizela, zerura begiratu eta ateri uneak aprobetxatuz, baina euri asko emanda badago eta aurrez antolatzerik badut, autobusa edo/eta oinez joatea da alternatiba onena.

Bizikleta elektrikoa bentaja handia da

  • Une askotan motorraren pare ibiltzen naiz, ez du puntako abiadurarik, baina kotxeen artean gelditu eta berriz martxa hartu eta uzten duten bitarteetik pasatzeko oso erosoa da.
  • Inbertsiotxoa bada (1500-2000 Eurotik hasita) baina kotxea gutxiago erabiltzen dudanez iruditzen zait ekonomikoki ere merezi duela. Zer esanik ez bizi kaliteari begira, goiz eguzkitsu batean bizikletan joatearen plazera edo ostiral batean etxera itzultzearena. Eta motorrak ez bezala, ez dago segururik eta gasolinarik ordaindu behar! Konponketa mekanikoak ere, askoz merkeagoak noski.
  • Ez da kirol gehiegi egiten. Pentsatzen baduzu kontua kirol moduan hartzea, ez erosi elektrikorik, baina dutxatzeko modua aurreikusi! Eibarren aldapak ditugu.

Udaberria badator, emaiozu aukera bat bizikletari

Lehengoan irakurri nuen kotxearen ordez bizikletan egiten dugun kilometro bakoitzeko gizarteari Euro bat aurrezten diogula. Kalkulua hau eginda dago azpiegiturak, zerbitzuak, osasunari kalteak eta abar kontutan hartuta. Nik uste dut gure buruari ere onura egiten diogula, estres gutxiago, lasaitasuna, elektrikoa bada ere egiten dugun aktibitate fisiko hori eta abar. Benetan merezi du.

Bizikletaren (eta garraio publikoaren) aldeko politika behar dugu

Udalak hau bultzatu beharko lukeela uste dut, noski.

Aurrekoan pentsatu nuen Eibarko trafikoaren arazo nagusia dela kotxeentzat baliabideak (aparkalekuak, bideak...) eta kotxe kopurua ez datozela bat. Jende (eta politikari) askok oraindik uste du soluzioa aparkaleku gehiago sortzea dela eta bide, bial, zubi eta biadukto gehiago eraikitzea. Nik uste dut Eibarren kotxe gutxiago egotea komeni zaigula. Aparkaleku gehiago ez dugu behar, kotxe gutxiago behar dugu.

Ez dut uste oraindik puntu horretan gaudenik. Non dago Elgoibarrerako bidegorria? Non daude garraio publikoa eta bizikletaren erabilera errazteko pausoak? Inbertsio gutxirekin gauza asko egin daitezke: neurketak (zenbat kotxe goaz egunero herrigunetik poligonoetara, adibidez? Zein ordutan?), seinalizazioak, kontzientziazio kanpainak, bizikletak erosteko dirulaguntzak eta abar. Zain jarraitu beharko dugu baina beldur naiz publikoki ez ote den beste pausorik emango bizikletarentzat proiektu erraldoi baterako hamar bat miloi juntatu arte. Bitartean Gipuzkoako Foru Aldundiaren zain. 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

naiz. Teknogauza guzti hauetaz idazteko sortu nuen bloga, baina orain gai eta maiztasun librean nabil.

Mastodon