Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Sosola

Irristadak

Enrike Gisasola 2018/10/27 11:43
Irrist egin eta jausi egin zen Loixola baserriko Oier uda-hasiera busti eta ilun honetan.

 Eguren baserriko teilatuan mantenu-lanak egitera joan eta zortzi metrotik behera, hura danbatekoa. Hamabost egunean zainketa berezietan igarota, etxean da gizajoa. Berriro jaio da Loixola. Arratekoari eta bere gazte-sasoiari esker osatuko da.

       Orain dela 10 bat urte, Deba Barreneko baserritarren ordezkari sindikala nintzela, Mendaroko baserri batetan lan-istripua gertatu zen. Gauxitxa baserriko Antonio zendu zen ximaurrez betetako gurdia irauli eta azpian hartuta. Sindikatura jo eta orduko presidenteari proposatu nion kalera irtetzea lan-istripua salatzeko. Nere harridurarako ez zuen begi onez ikusi. Ea "zeinen aurrean egin behar genuen protesta" galdetu zidan, "geu izanik langile eta guezaba". Zalantza barik, prekarietatean diharduen beharginen ordezkari izatea nahiko lukeen baten irristada handia.

       Familiek elikaduran inbertitzen duten diru-kopurua %40tik %10era igaro da hamarkada batzuetan. Gutxiago jaten da egun? Gizentasun-datu kezkagarriek ez diote halakorik. Zeinen kontura merketu da sabela betetzea orduan? Argi dago:Landareak, animaliak eta nekazariak gogor estututa, zukututa, muturreraino hustiratuta. Irristada itzela hau ere, gizarte osasuntsua nahi badugu behintzat. Izan ere, norabidea aldatu ezean, ez da egongo jainkosarik datorkigun danbatekotik salbatuko gaituenik, ezta Arratekoak ere.

Animo Oier!!

...eta kitto! aldizkarian Urriko 1eko alean argitaratutako zutabea.

Flysch-aren umeak

Enrike Gisasola 2017/10/29 19:46
Harri artean hazitakoa naiz. Lantoki eta bizitoki den harrizko baserri garaua izan dut babes. Artoki eta labeko harlozezko estalpetan itogina sarri. Korta eta atariko zoruak beti konpotzen eta beti labainkor. Auzora joateko bideetan ere, harri lau erraldoietan aurrera eta atzera geratu barik. Kalerako martxa harmaila ilada amaigabean zehar linterna eskuan. Muga, luhan eta kainuak nonahi azaltzen dira soroetan dotore paratutako harriekin eginak. Errekak pasatzeko arkudun zubi bikainak. Ganaduan askak,karobiak, txabolak...dan danak Eibarko Abontza errekako bazter honetan. Flysch-ari eta gure arbasoen behar zein trebeziari esker gaur goza ditzakegun ezkutuko altxor ederrak.
Flysch-aren umeak

zubia

zubia 

Herri arkitekturaren adibide bikainak.  Betidanik atentzioa eman didate baina bere benetako balioaz ez naiz jabetu googeleatzen nenbilela "construccion en piedra seca","Dry stone Walling" Pierre Sèche" "Pedra Seca"......eta antzekoen inguruko  orriekin topo egin nuen arte. Beste herrialdetan egitura hauen balio ekologiko, paisajistiko eta etnografikoaz konturatu daude aspalditik. Gurean nik dakidala ez dago mortairu,porlan, kare edo bestelako orerik erabili gabe jasotako eraikuntza hauen katalogatze, zainketa eta dibulgazioaz arduratzen den elkarterik. Baten batek baleki eskertuko nioke kontakturen bat luzatzea.

Artikulu-sorta batekin hauen berri ematea nahi nuke, ezagutzera eman. Hasteko bildumatxoa ideia orokor bat egiteko. Hurrengoetan elementuon berri zehatzago ematen saiatuko naiz multzoka edo banaka. Eta galdera bat egin hasterako: nola izendatu euskeraz eraikuntza-mota hau? Saiatu naiz baina ez dut oraindik asetu nauen aterabide egokirik aurkitu. Harri hutsean(-ez), harri sikuan,...? Proposamenik?

 

Mug(i)a: Soroko lurrari eusteko harrizko horma ederrak.

Harlozazko bidea: Intsaustiko amildegia gainditzeko pasabide zaharra

mugia

Sosola eta Arrajola arteko harlozazko bidea

Libertè, egalitè, fraternitè,identitè,et...?

Enrike Gisasola 2017/09/02 19:26
Maiatzean Gipuzkoako hiru gaztagilek "espioitza-bidaia" egin genuen Baxe Nafarroara. Ossau-Iraty sor-markako gaztai goxoaren sekretuak aurkitu nahi genituen, besteak beste. Bertan, hiru gaztategi eta artegietako ateak zabal- zabalik topatu genituen. Laborarien harrera ezinhobea izan zen. Euren gaztagintzaren prozedura anitzak eta ezagutzak eskeini zizkiguten debalde, erreparorik gabe, jator.
Libertè, egalitè, fraternitè,identitè,et...?

espioitza-taldea mendian dabiltzan ardiei so

 

Lehenengo misterioaren nondik norakoak argituta, gatozen bada beste bat askatzen saiatzera. Izan ere, Iparraldeko nekazarien artean bi gauzek deitzen dute atentzioa azken urteetan: euren gaztetasuna eta ugaritasuna. Zer dela eta horrenbeste lagun lurretik bizitzen eta horren gazteak Hegoaldeko Euskal Herrian kontrakoa gertatzen den bitartean. Era berean, azpimarratzekoa da Frantzia mailan berau dela nekazari-kopuruaren gainberari eusten dion zonalde bakarra. Are gehiago, bertan istalatzen ari diren nekazari berrien portzentaia ez txikia  Euskal Herritik kanpokoak dira. 

Fenomeno bitxia eta gogoeta mereziko duena zalantzarik gabe. Hona nere baitan sortutako azalpena motz-motzean, irakurlearen iruzkinen esperoan izenburuan iradoki modura:

- Bat baino gehiagoren esplikazioa bestelako alternatiba  gehiagoren falta izan liteke. Alegia, Iparraldeko kostaldea zerbitzuen polo garrantzitsua izanik, barnealdean, azkenaldiko ekimen berritzaile bakanak salbuetsita,  laborantzaren bidea baino ez da bertan bizitzen jarraitzea nahi duenarentzat. Nola ez, horrek pisu handia  du etxaldeari lotzeko erabakia hartzeko garaian.  Halabaina, zergatik ez du pisu bera Nafarroa Garaiko  gazteengan? Baztan, Bortzirietan, Aezkoan,...zer dala-ta ez da gazterik nekazaritzarako hain egokiak diren lurretan? Zein da Pirinioetako ixurialdeen arteko aldea? Bi Estatu eta bi historia ezberdin agian?. Batean iraultza bortitz eta traumatikoa egin zuten, zeinean Herriak Erregea hil bait zuen. Ikuspegi kolektibo eta sozialak gailenduta biztaleen gogoan gelditu da iltzatuta, baita nekazarienetan ere: Klase-kontzientzia oso barneratuta dute. Harro dira bere ofizioaz. Formatu dira teknikoki eta ideologikoki. Ez dira lotsatzen (ipar- zein hego-adieran). Antolatu eta aldarrikapenerako ez dute nekerik. Elkartasunaren birusak jota, lurra eta gainontzeko baliabideak (ekoizpen eskubideak, diru-guntzak,ezagutzak,..) banatu behar direla diote.Laborari ugari behar direla. Auzoa ez da etsaia, ofizokidea baizik, aliatua. Aldarrikatu eta eraiki. Estatuak bere ardurak bete ditzala. Ez bada horrela, geronek sortuko ditugu egitura eta ekimen berriak. Zenbat eta zenbat adibide, nagusiena Euskal Herriko Laborantza Ganbera, nekazaritza-politika eraginkorrerako tresna. Naifkeriatik aparte, hankak lurrean eta gogoa etorkizunean, emaitza logikoa: Etxaldeetako errelebo eta gazteen istalaziorako ingurugiro egokia.

- Nolatan ba ez da gauza bera gertatzen Frantziako gainontzeko eskualdetan? Arestian aipatu dudan bezela, Euskal Herrian beste istalazio ez da Frantziako inongo eskualdetan. Iraultzaren  zero-gunetik urruti dira euskaldunak eta leherketaren kutsadura handiagoa beharko luke beste eskualdeetan, seguru EHan baino jarraitzaile eta   arrakasta gehiagorekin. Era berean, euskal kulturari ez zion batere mesede egin iraultzaileen homogeneizaziorako asmoak. Hizkuntza eta kultura exotikoa desagertarazteko saiakerak egin dituzte hexagonoan sasi-errege berriek. Alta, bere txikian, euskalduntasunak iraun egin du, eutsi egin dio erauntsi jakobinoari eta horrek jendeari nortasuna eman dio, identitatea, lurra eta arbasoekiko engaiamendua. Hain zuzen Frantziako beste herrialdetan, agian, hain errotua ez dagoena. Laburtuz, euskerak eta euskal kulturak jendea bere lurrean sustraitu egiten dute, eta ondorioz, tokiko garapen ekonomikorako ere  funtsezko elementu bihurtu dira. 

 Nere ikuspegitik uztarri bikoitzak eragiten dio Iparraldeko goldeari. Hegoaldean, uztargileari berria egitea agindu orduko, badugu zer hausnartu eta nori ikasia zenbat adarretakoa behar dugun jakiteko. 

Aurkezpena

Eibarko Sosola baserria dut bizileku eta bizibide. 1967an jaiotakoa,92an biologia (ekosistemak) ikasketak amaitu ondoren arbasoen ofizioari jarraipena ematea otu zitzaidan. Egun, Aizpea, Uxue eta Manex-ekin batera nekazaritza ekologikoan dihardut ogi eta gaztai   xumeak eskeintzen. Orain arte sare sozialekiko urrun eta uzkur izan arren, mendi-kasko honetatik  komunikaziorako beharra nagusitu da neregan. Izan ere, uste dut XXI.mendean  nekazaritzatik asko dugula esateko eta aportatzeko jendarte hain hiritartu honi. Eta zer arraio, eztabaidarako gogoz nagoelako...

Saioa hasi


Pasahitza ahaztuta?