Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Sosola / Libertè, egalitè, fraternitè,identitè,et...?

Libertè, egalitè, fraternitè,identitè,et...?

Enrike Gisasola 2017/09/02 19:26
Maiatzean Gipuzkoako hiru gaztagilek "espioitza-bidaia" egin genuen Baxe Nafarroara. Ossau-Iraty sor-markako gaztai goxoaren sekretuak aurkitu nahi genituen, besteak beste. Bertan, hiru gaztategi eta artegietako ateak zabal- zabalik topatu genituen. Laborarien harrera ezinhobea izan zen. Euren gaztagintzaren prozedura anitzak eta ezagutzak eskeini zizkiguten debalde, erreparorik gabe, jator.
Libertè, egalitè, fraternitè,identitè,et...?

espioitza-taldea mendian dabiltzan ardiei so

 

Lehenengo misterioaren nondik norakoak argituta, gatozen bada beste bat askatzen saiatzera. Izan ere, Iparraldeko nekazarien artean bi gauzek deitzen dute atentzioa azken urteetan: euren gaztetasuna eta ugaritasuna. Zer dela eta horrenbeste lagun lurretik bizitzen eta horren gazteak Hegoaldeko Euskal Herrian kontrakoa gertatzen den bitartean. Era berean, azpimarratzekoa da Frantzia mailan berau dela nekazari-kopuruaren gainberari eusten dion zonalde bakarra. Are gehiago, bertan istalatzen ari diren nekazari berrien portzentaia ez txikia  Euskal Herritik kanpokoak dira. 

Fenomeno bitxia eta gogoeta mereziko duena zalantzarik gabe. Hona nere baitan sortutako azalpena motz-motzean, irakurlearen iruzkinen esperoan izenburuan iradoki modura:

- Bat baino gehiagoren esplikazioa bestelako alternatiba  gehiagoren falta izan liteke. Alegia, Iparraldeko kostaldea zerbitzuen polo garrantzitsua izanik, barnealdean, azkenaldiko ekimen berritzaile bakanak salbuetsita,  laborantzaren bidea baino ez da bertan bizitzen jarraitzea nahi duenarentzat. Nola ez, horrek pisu handia  du etxaldeari lotzeko erabakia hartzeko garaian.  Halabaina, zergatik ez du pisu bera Nafarroa Garaiko  gazteengan? Baztan, Bortzirietan, Aezkoan,...zer dala-ta ez da gazterik nekazaritzarako hain egokiak diren lurretan? Zein da Pirinioetako ixurialdeen arteko aldea? Bi Estatu eta bi historia ezberdin agian?. Batean iraultza bortitz eta traumatikoa egin zuten, zeinean Herriak Erregea hil bait zuen. Ikuspegi kolektibo eta sozialak gailenduta biztaleen gogoan gelditu da iltzatuta, baita nekazarienetan ere: Klase-kontzientzia oso barneratuta dute. Harro dira bere ofizioaz. Formatu dira teknikoki eta ideologikoki. Ez dira lotsatzen (ipar- zein hego-adieran). Antolatu eta aldarrikapenerako ez dute nekerik. Elkartasunaren birusak jota, lurra eta gainontzeko baliabideak (ekoizpen eskubideak, diru-guntzak,ezagutzak,..) banatu behar direla diote.Laborari ugari behar direla. Auzoa ez da etsaia, ofizokidea baizik, aliatua. Aldarrikatu eta eraiki. Estatuak bere ardurak bete ditzala. Ez bada horrela, geronek sortuko ditugu egitura eta ekimen berriak. Zenbat eta zenbat adibide, nagusiena Euskal Herriko Laborantza Ganbera, nekazaritza-politika eraginkorrerako tresna. Naifkeriatik aparte, hankak lurrean eta gogoa etorkizunean, emaitza logikoa: Etxaldeetako errelebo eta gazteen istalaziorako ingurugiro egokia.

- Nolatan ba ez da gauza bera gertatzen Frantziako gainontzeko eskualdetan? Arestian aipatu dudan bezela, Euskal Herrian beste istalazio ez da Frantziako inongo eskualdetan. Iraultzaren  zero-gunetik urruti dira euskaldunak eta leherketaren kutsadura handiagoa beharko luke beste eskualdeetan, seguru EHan baino jarraitzaile eta   arrakasta gehiagorekin. Era berean, euskal kulturari ez zion batere mesede egin iraultzaileen homogeneizaziorako asmoak. Hizkuntza eta kultura exotikoa desagertarazteko saiakerak egin dituzte hexagonoan sasi-errege berriek. Alta, bere txikian, euskalduntasunak iraun egin du, eutsi egin dio erauntsi jakobinoari eta horrek jendeari nortasuna eman dio, identitatea, lurra eta arbasoekiko engaiamendua. Hain zuzen Frantziako beste herrialdetan, agian, hain errotua ez dagoena. Laburtuz, euskerak eta euskal kulturak jendea bere lurrean sustraitu egiten dute, eta ondorioz, tokiko garapen ekonomikorako ere  funtsezko elementu bihurtu dira. 

 Nere ikuspegitik uztarri bikoitzak eragiten dio Iparraldeko goldeari. Hegoaldean, uztargileari berria egitea agindu orduko, badugu zer hausnartu eta nori ikasia zenbat adarretakoa behar dugun jakiteko. 

Serafin
Serafin dio:
2017/09/03 22:21
Oso ona Enrike
Josebe
Josebe dio:
2019/10/14 12:37
Ze egun ona eta zenbat ikasi genuen elkarrekin eta elkarrengandik...
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibarko Sosola baserria dut bizileku eta bizibide. 1967an jaiotakoa,92an biologia (ekosistemak) ikasketak amaitu ondoren arbasoen ofizioari jarraipena ematea otu zitzaidan. Egun, Aizpea, Uxue eta Manex-ekin batera nekazaritza ekologikoan dihardut ogi eta gaztai   xumeak eskeintzen. Orain arte sare sozialekiko urrun eta uzkur izan arren, mendi-kasko honetatik  komunikaziorako beharra nagusitu da neregan. Izan ere, uste dut XXI.mendean  nekazaritzatik asko dugula esateko eta aportatzeko jendarte hain hiritartu honi. Eta zer arraio, eztabaidarako gogoz nagoelako...

Saioa hasi


Pasahitza ahaztuta?