Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Prospektiba

Bilaketen etorkizuna

Eneko Astigarraga 2005/08/30 11:16

Time aldizkariko On the Frontier of Search artikulua The future of search izenpean aipatzen dute Smart Mobs blogean.

Etorkizunean bilaketak noraino ailegatuko diren azaltzen .... "inor ezagutzen ez duzun hiri batera ailegatzen zara, ez duzu lo egiteko holetik, zure gauzak ez daude zuk espero zenuen aeroportuko terminalean, ... Zer egin dezakezu? Telefono mugikorraren bidez Google, GPS-a, mapak, hamaika zerbitzu edo zure etxeko ordenagailua erabiliz bilatuko dituzu lagungarri izango dituzun informazioak ..."

Eguneraketa

Ikusi dut E. Dans-ek bere blogean albiste bera aipatzen duela, Fronteras de la busqueda izenarekin, eta Timeseko albistearekin lotuta, gaur egun martxan dauden hainbat zerbitzu aipatzen dituela. Interesgarria izan daitekelakoan, hona hemen zerrenda:

Nork nahi du edukien jabe izatea?

Eneko Astigarraga 2005/08/26 21:00

Gure eremura ekarrita, feedback eta jarioaren garrantzia aipatu du Jabik Sarean blogean aste honetan idatzitako artikulu batean.

Bezperan Jeff Jarvis guruak, jarraipen handia izan duen Who wants to own content? izeneko artikulua idatzi zuen. Bietan, gaur egun Interneten edukia baino gehiago jarioak, elkarrizketak duen garrantzia azpimarratzen da.

Banaketa ez da erregea.

Edukia ez da erregea.

Elkarrizketa da erresuma. Gaur egun balorea hartuemanetan dago. Balorea konfiantzan eta fidagarritasunean datza.

Horrela zioen Jeff Jarvis-ek bere blogean idatzitako lehen artikuluan . Izen bereko Who wants to own content? bigarren aipu bat idatzi zuen, eta gaur hirugarren bat: Who wants to own content? (Cont.) .

Etorkizunari begira horrela dirudi. Agian, oraindik eta gaur egun gehiegitzea da, baina Jarvisek arrazoi puntua du gutxi gora behera honelakoak esaten dituenean:

Gure gaur eguneko media 2.0, web 2.0, post-media, post-eskasia, open source, small-is-the-new-big munduan, gizaki konektatu eta ondo ekipatuen munduan, balorea ez dago hainbeste gauzen esklusibotasuna eduki eta mantentzean.

Balorea ez dago hainbeste edukien jabetzan edo banaketa kanalen kontrolean.

Balorea hartuemanetan dago. Balorea konfiantzan eta fidagarritasunean datza.

In our media 2.0, web 2.0, post-media, post-scarcity, small-is-the-new-big, open-source, gift-economy world of the empowered and connected individual, the value is no longer in maintaining an exclusive hold on things. The value is no longer in owning content or distribution.

The value is in relationships. The value is in trust.

Sarearen etorkizuna

Eneko Astigarraga 2005/08/19 01:45

Ia beti legez, artikulu interesgarriak Wired aldizkari geekean. Abuztuko ale baterako, Kevin Kelly , aldizkariko erredakzio buru ohiak, sarearen iragana, oraina eta etorkizuna jorratzen dituen artikulu interesgarria prestatu du: We Are the Web . Azken joerek diotenaren ildoan.

Sarritan irakur dezakegun moduan, Kevin Kellyk denon artean sortu eta eratuko dugun Internet sarea aurreikusten du.

Internet Actu aldizkarian Kellyren hainbat esaldi azpimarratu dituzte.

Oso urruti joan barik, 2015 urteko web irudia emateko oso adierazgarria iruditu zaidan bat: A simple extrapolation suggests that in the near future, everyone alive will (on average) write a song, author a book, make a video, craft a weblog, and code a program. This idea is less outrageous than the notion 150 years ago that someday everyone would write a letter or take a photograph.

"Etorkizunean edonork idatziko du abesti edo liburu bat, bideoak egingo ditu, bloga izango du, programa baten kodea idatziko du. Ideia hau ez da, duela 150 urte edonork gutun bat idatziko zuela edo argazki bat aterako zuela, esatea baino txokanteagoa"

Beraz, EPIC 2014 , ez dago hain urruti?

Azkoz gehiago We Are the Web artikuluan.

WorldFuture 2005: Prospektiba, Berrikuntza eta Estrategia

Eneko Astigarraga 2005/08/18 00:23

Ingelesa apurra badakizu, asti nahikoa eta prospektiban interesa baduzu, World Future Society delakoaren urteko Batzarrean izandako mintzaldien aurkezpenak jasotzen dituen web orria gustokoa izango duzulakoan nago.

Chicago hirian, uztailaren 29tik abuztuaren 1era, WorldFuture 2005: Foresight, Innovation, and Strategy (WorldFuture 2005: Prospektiba, Berrikuntza eta Estrategia) izenpean ospatu da aurten urtero egiten den Future Society's Annual Conference delakoa.

www.wfs.org/sessionlinks.htm orrialdean batzarreko aurkezpen gehienak daude, powerpoint, html, .pdf formatoetan eta pare bat bideo.

Segurunez, etorkizunarekin zerikusia duten zure gustoko gaiak aurkituko dituzu bertan: metodologia, hedapena, prospektiba enpresetan, Adimen Estrategiko Globala, nanoteknologiak, Wireless Web, kimika, osasuna edo janaria etorkizunean eta beste gai asko.

Interneten gobernamenduaren etorkizuna

Eneko Astigarraga 2005/08/17 07:43

Uztailean kaleratu duen txosten batean, Nazio Batuen Erakundeak teoriaz Interneten gobernamenduaren etorkizuna nolakoa espero duen azaldu du.

Txostena Internet Gobernurako Lan Taldeak, WGIG- Working Group on Internet Governance delakoak, egin du eta etorkizunerako lau eredu edo ideia proposatu ditu.

Lan Talde hau Nazio Batuetako Idazkari Nagusiak sortu zuen, duela pare bat urte, 2003 urteko Genevako Informazioaren Gizarteari Buruzko Munduko Goi-Bileraren ondoren. Bide batez , aurtengo azaroan Bilbon Genevako horrekin lotura estua duen Hirien eta Agintari Lokalen Informazioaren Gizarteari Buruzko Munduko II. Goi-Bilera egingo dela gogoratu behar da.

Internet: etorkizuneko gobernamendurako lau eredu

Interneten gobernamenduaren etorkizunari bueltatuz, ezadostasunen artean, proposamen bakarra lehenetsi gabe eta apur bat eragile guztiak kontentatu nahiean, esan bezala, aipatutako txostenean lau eredu aurkeztu ziren. Honako hauek:

  • Lehen Eredua: Internet Kontseilu Globala sortu.
  • Bigarren Eredua: gaur egungo egitura indartu: begirale berariazko lana egingo duen erakunderik gabe eta ICANNen aholkulari lanak indartuz.
  • Hirugarren Eredua: Nazioarteko Internet Kontseilua sortu, inolako gobernurik gehiegizko indarrik eduki ez dezan.
  • Laugarren Eredua: hiru erakunde berri Interneten gobernamendurako. The Global Internet Policy Council (GIPC) ; the World Internet Corporation for Assigned Names and Numbers (WICANN) eta The Global Internet Governance Forum (GIGF)

Beraz, lau ideia Interneten erregulazioaren etorkizunerako baina adostasunik gabe . Hala ere, badirudi WGIG Lan Taldearen beharren ondorio gisa sarearen araupeketa ezin dela estatu bakar baten menpe izan dela.

Eleaniztasuna Interneten

Txosten berean, besteak beste, eleaniztasunaren inguruko hausnarketa batzuk daude. Batez ere, eduki eleanitzen sorrera bultzatzeko neurriak hartzearen aldekoak: "More effort should be put into developing content development tools to facilitate the creation of multilingual content" edo "Governments, the private sector and civil society are encouraged to promote and create more content in local languages to be posted on the Internet."

Gaztelerazko txostenean; "Deberían tomarse más medidas para elaborar instrumentos para el desarrollo de contenidos que faciliten la creación de contenido multilingüe" edo "Se alienta a los gobiernos, al sector privado y a la sociedad civil a que promuevan y creen más contenido en idiomas locales para incluirlo en Internet". Edo "Il faudrait intensifier les efforts visant à mettre au point des outils de création de contenus afin de faciliter la production de contenus multilingues" eta "Les États, le secteur privé et la société civile sont encouragés à promouvoir et créer davantage de contenus dans les langues locales pour affichage sur l’Internet." Bada, hori.

Info gehiago: http://www.theregister.co.uk/2005/07/15/un_wgig_report/

Txostenak eskuratzeko: http://www.wgig.org/WGIG-Report.html

Eguneraketa: CAT domeinuaren onarpena atzeratu egin da (12:27etan)

Goian aipatutako eleaniztasunarekin lotuta: aurreikusita zegoenez Katalan hiztunek Interneteko .cat domeinua lortzekoak ziren gaur, Interneteko domeinuak kudeatzen dituen ICANN erakundeak gaur eman behar ziolako baiezkoa Interneteko katalanen hizkuntz komunitatea biltzeko proiektuari. Baina sexu edukientzat aurreikusita dagoen xxx domeinuarekin sortu den eztabaidagatik, bilera irailerarte atzeratu du ICANN-ek. Irakurri albistea CNN news-en edo VilaWeb-en .

Argiak dioen bezala, "hainbat erakundetako ordezkariek 2001eko azaroan hasi zuten .cat domeinua lortzeko prozesua, Punt Cat izeneko elkartea sortuz. 2004ko martxoan aurkeztu zuten .cat-en hautagaitza. Domeinua onartu ondoren, fundazio bihurtuko da Punt Cat elkartea eta fundazio horrek kudeatu eta kontrolatuko du .cat luzapena erabiltzen duten web guneak katalanez jarduten duten."

Bigarren eguneraketa: EU domeinua onartuko da udazkenean (19:43etan)

EU domeinua udazkenean onartuko dela irakurri dut Le Monde egunkarian. Baina ez, ez da euskarari dagokiona, baizik eta enpresa europearrak eskatu ahal izango duten domeinua. Gaur egun, enpresa europearrek .es, .fr, .de, .it, eta beste asko eskatzen duten bezala, etorkizunean .eu eskatu ahal izango dute.

Ez ditu aurrekoak ordezkatuko, baina irudi pan-europearra emango die enpresei.

Le Monde :Un nouveau nom de domaine européen va être créé à l'automne

The Times :Companies get set for .eu name fight

EU Observer : .eu internet registration to start in October

Etorkizuna aurreikusten duela 100 urte

Eneko Astigarraga 2005/08/14 01:38

Tokyoko Odakyu Department Store delakoan Andrew Watt bilduma ikusgarria dago ikusgai: Dreams of the future from 100 years ago: From the Andrew Watt Collection, edo duela 100 urte etorkizuna nolakoa aurreikusten zuten .

Irudi bitxiak eta barregarriak gaur egun ikusita, baina nola ikusiko dituzte hemendik 100 urtera gaur egun egiten ditugun aurreikuspenak? Batek daki.

Goiko irudian garbiketa lanak samurragoak egiteko aurreikusten ziren makinak. 2000 urtean dio, 1900 urtean egindako afitxean.

Beheko irudian, gizakien mugikortasuna bideratuko zituzten makinak, garaiko Royal Automobile Club Journal delako aldizkarian aurreikusten ziren moduan. 1910 urtean. Beste asko, Odakyun .

Z + Partners blogean ikusita.

Etorkizunari begira: retour vers le future

Eneko Astigarraga 2005/08/12 01:10

Retour vers le futur izenpean, udako artikulu sorta interesgarria argitaratu dute Le Monde egunkarian. Artikuluek Internet edo robotikaren etorkizuna, esate baterako, jorratzen dute, prospektiba eta zientzia-fikzioaren tartean kokatzen dira, eta aztertutako gaietan adituak diren pertsonei egindako elkarrizketetan oinarrituta daude.

Gainera, artikuluak seguruenez e-gorren gustokoak izango diren Philippe Squarzoni-ren marrazkiekin datoz.

Orain arte argitaratu diren artikuluak:

Mon ami robot , Yves Eudes-ek idatzia. Robotikaren etorkizunari buruzkoa artikulua eta Kazuya Abe, Tsumoto Asegawa, Makoto Mizukawa, Satoshi Konishi, Hiroyasu Koshimizu, Katsuya Suzuki, Helen Greiner eta Colin Angle, Charles Shoemaker, Omead Amidi edo Bob Quinn bezalako adituekin egindako elkarrizketetan oinarrituta.

Le plein d'hydrogene , Michel Albergantik idatzitakoa. Jeremy Rifkin, Adolphe Nicolas, Francis Meunier, Sylvie Joussaume, Jean Jouzel eta beste aditu batzuen iritzietan oinarrituta.

Dans la main invisible du Net , Yves Eudes-ren artikulua. Internet-en etorkizunari buruzko artikulua, Vint Cerf, Douglas Van Houweling, David Karger, Scott Schenker e Ion Stoica, Larry Smarr, Frode Hegland, Ted Nelson, Blake Ross, Susan Vojcicki edo Rob Conant bezelako adituekin izandako elkarrizketetan oinarrituta.

Les pieds sur Mars (Michel Alberganti), Le meilleur des hommes (Yves Eudes) edo Nanogénération (Michel Alberganti) dira artikulu sortaren beste ale batzuk. Merezi dute.

Iturria: Emergences

Estatuak, etorkizunerako erakundeak ?

Eneko Astigarraga 2005/07/27 02:40

Foreign Policy eta the Fund for Peace erakundeek oso txukun eta sendo ez dauden estatuen argazkia eta mapa egin dute.

Adierazle ezberdinak erabiliz - sozialak, ekonomikoak, politikoak edo militarrak - estatuen osasunaren diagnosia egin dute.

Bada, estatuei dagokionez, mundu erdia, gutxi gora behera, gaixo dago. Eta hori, ezagutzen ditugun estatu batzuek - Espainia, Marroko, Belgika, Erresuma Batua, Txina, ... -, askotan bestelako inpresioa eman arren, beltz-beltzak ageri direla mapa hauetan. Erakunde hauen mapan beltz egoteak, estatu bezala sano-sano, ondo finkatuta zaudela esan nahi du.

Beste erdia, ordea, barne arazo larriak direlako kolokan dago: gorri-gorri, apurtzekotan, edo hori kolorez, egoera larrian.

Mundu mailako egoera eta joerak ikusirik, galdera datorkit burura: akabo estatua lurraldeen erakunde antolatzaile bezala?

Z+blog-en irakurria.

Paper digitala gainean dugu

Eneko Astigarraga 2005/07/18 01:12

Azken mezuan liburuak aipatzen genituen hemen eta, asteburuan irakurri dudanez , joan zen astean Fujitsu etxearen laborategiek paper digitala aurkeztu dute Tokyon.

Oraindik ikerketa fasean daude, baina 2007 urterako aplikazio komertzialak kaleratzea espero dute.

Printzipioz, txosten, liburu, aldizkari, egunkari eta bestelako inprimakietan erabiltzen den papera ordezkatu dezake.

Eta paperak onartzen dituen eduki guztiak onartuko ditu: ideiak, historioak, artea, irudiak, kontakizunak, negozioak, jatetxeetako menuak, lanerako plangintzak, amodiozko oharrak, ... Gizakien jakintza, ezaguera, memoriarentzat,... gordailu berria, edo horrelako zeozer.

Dagoeneko, Fujitsukoek aurreikusten dituzte zenbait aplikazio, baina garapen berriak, marketing ikerketak eta erabiltzaile frogak egingo dituzte hurrengo bi urteetan (apirilak 2006 - martxoak 2007).

Ohituko gara edukietarako izango dugun ontzi berrira? Baietzkotan nago. Argazki paperarekin zer gertatu den ikustea baino ez dago.

Liburuak Arizona eta Kansas-en

Eneko Astigarraga 2005/07/13 20:39

Albiste interesgarria jaso dute Mondragon Unibertsitateko Giza Zientzietako HUHEZI fakultateko Gizakom blogean: Arizonako Vail herriko institutoan datorren ikasturtean hango ikasleek ez dutela testulibururik erabiliko .

Aipamenetan Aercilur -ek Enrique Dans-ek bere blogean Arizona y los libros de texto postean erabaki horren inguruan komentatzen duela dio.

Albisteetan kostuak aipatzen dira, baina aldaketa hauei etekina ateratzeko lan egiteko modu berrietara egokitzea da garrantzitsuena, nere ustez.

Lehendabiziko aldiz, duela 4 urte martxan ipini zen planari jarraitzu, nere gelako ESTE-ko ikasle guztiek ordenagailu portatila zeukaten eta gelan WIFI konexioa. Beraz, aurtengo klaseetan ikasleek Internetera konektatuta zeuden klasea ematen genuen bitartean.

Beste batean gehiago sakonduko dut, baina esperientzia ona izan da aurtengoa. Saiatu naiz blog honen gaztelerazko atalean zenbait mezu klaseetako zalantzak argitzeko erabiltzen, edo bloga klasetako gaiak aipatzeko erabiltzen, edo ikasmateriala banatzeko, edo bloglines eta del.icio.us bezalako tresnen erabilera bultzatzen, baina argi dago irakasleok (eta ikasleek) oraindik asko ikasi beharra dugula paperetik alde egin eta digitalera egokitzeko, eta batez ere digitalak eskaintzen dituen aukerak aprobetxatzeko.

Honekin zeharka lotuta..., Kansas City hiriko liburutegi publikoak, argazkian ageri den bezala, kanpoaldean ipini ditu liburuak eta horregatik Ameriketako IDSA (Industrial Designers Society of America) elkarteak antolatu eta Business Week aldizkariak babesten duen IDEA (Industrial Design Excellence Awards) sarietako bat eman diote .

Aurkezpena

"Etorkizuna interesatzen zait datozen urteetan bertan biziko naizelako".

Prospektiba, estrategia eta plangintzari buruzko bloga.