Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Prospektiba

Argia Topaketak: Kultur Sorkuntza: nora eta nola?

Eneko Astigarraga 2005/10/24 23:50

Argia Topaketak

Euskal Herria 2005-2025 Argia Topaketen barnean antolatu den azken mahaingurua, bihar arratsaldean egingo da Iruñeko San Zernin Aretoan.

Jose Ignazio Ansorenak, Aingeru Epaltzak, Tere Irastortzak eta Xabier Mendiguren Elizegik hartuko dute parte. Eta aurrekoetan bezala, laurak prestatu dituzten ponentziak Argian irakur daitezke .

Seguruenez, Argiak proposatzen zuen galderaren aurrean errezago zuten, Mendigurenek adierazten duen moduan, ez dakit edo auskalo! esatea, baina ausartu dira aipatutako laurak.

Eta ez, ez da lan erraza Argiak eskatutako hausnarketan murgiltzea, horregatik orohar, pasatutakoak eta gaur egungoak azaltzen saiatu dira gehiago, etorkizuna aurreikusten edo imaginatzen ahalegindu baino.

Hala ere, sumatzen dira hainbat ideia interesgarri argitaratutako ponentzia edo idatzietan. Hogei urte barru ez dela mundua amaituko dio Ansorenak zentzuz: Ez dugu irabazi. Hogei urte falta dira. Eta hogei urte barru beste hogei faltako dira noski; euskal kulturak ahalegin mental gehigarria eskatzen duela dio Epaltzak eta euskal idazleak Ezagutzaren Gizartearen aurren-puntan aritzeko prestatu behar duela dio Tere Irastortzak , Pernandoren egiak bezala aurkezten digu etorkizuneko joerakXabier Mendigurenek eta horren segidan argitzeke segitzen (segituko) duten hausnarketa interesgarriak plazaratzen ditu.

Etorkizuneko Ezagutzaren Gizarte horretan etorkizuneko euskal hiritarrek euskal kulturan eta euskal kultur sorkuntzan izango duten eraginari buruz, aldiz, ez dut larregi irakurri.

Etorkizuneko kultur kontsumitzaile eta sortzaileak gure eskola, lanbide heziketa eta unibertsitate zentroetan daude. Gaur 12, 15 edo 20 urte dituzten gazteek 32, 35 edo 40 urte izango dituzte 2025 urtean. Ez lukete tokia izan behar horrelako hausnarketa batean? lantzen da sormena? lantzen da kultur sormena eremu horietan?

Bestalde, irakurritako hausnarketetan teknologiek euskal kulturarengan gaur egun daukan eta etorkizunean izan dezakeen eragina aipatzea faltan bota dut.

Egunero ikusten dugu teknologia berriak kultur sorkuntza erraztu egiten dutela eta, egunero ere, kultur sorkuntza eta banaketarako modu berriak asmatzen direla.

Teknologiekin batera eredu berriak sortzen ari dira ezagutza eta kulturaren kudeaketa eta banaketaren inguruan.

Idazleak tresna berriekin argitaratzen ikusten ditugu ; argazkilariak , pintoreak , ... erakusketak antolatzen sarean; enziklopediak modu berrian izateratu; gaur egun arruntak diren medioekin jendea telebista , irratia , bideoak, albisteak edo dokumentalak ekoizten; sarean filmak, musika , liburuak, ... banatzen, trukatzen, sortzen, ...; teknomusika, ziber-artea, ... beste teknologia eta tresna batzuekin sortutako kultur adierazpen berriak. Kultur sorkuntza azken finean.

Teknologia aipatzen denean, menpekotasun teknologikoa aipatzen da. Ez naiz teknologoa eta seguru euskal kultur sorkuntzan eragiten duten faktore garrantzitsuagoak daudela - batzuk badatozkit burura - , baina azken boladan mundu horren inguruan mugitzen naiz eta horregatik datorkit burura: herri txiki honetan ezin dugu teknologia ahalik eta ondoen menperatzen saiatu eta gure kultur sorkuntza sustatzeko erabili?

Ezingo dut Iruñan egon, ondo joan dadila mahaingurua. Interesgarria, seguru.

Nanoteknologiak: pantailak gure azalean

Eneko Astigarraga 2005/10/19 20:13

Robert A. Freitas Jr ikertzaile usa-tarrak azal azpian ezarri daitezkeen pantailak ikertzen omen dabil. Kontzeptua Nanomedicine, Volume 1 : Basic Capabilities liburuan azaltzen du .

Nano Eskua

Pantailatxoa edo Programmable dermal display delakoaren gakoa azal azpian joango den 6zm x 5zm azalera batean miloika robot-pixel ezartzean datza. Nanoteknologiei esker, jakina.

Beraz, irudian ikus daitekenez etorkizunean gure azaleko pantailan kontsultatuko ditugu gure gorputzeko parametro nagusiak, elektroak, odol analisiak, azukrearen egoera, kolesterola, ...

Oraindik ez dago argi zeinek ordainduko dituen pantailatxoak, baina has daitezela prestatzen Osakidetza, Osasunbide eta abarrean!

Info gehiago:

Hezkuntza eta prospektiba, Prospecti... va aldizkarian

Eneko Astigarraga 2005/10/16 09:58

Prospecti... va Construyendo Futuros

Berriz ere Hezkuntza eta Prospectiva dira sarean dagoen Revista Prospecti...va, Construyendo Futuros, Millenium proiektuko aldizkariaren zenbaki berriaren ardatz nagusiak.

Mexikon espainolez argitaratzen den Prospektiba aldizkariaren 7. zenbakia ikusi eta irakurtzera gonbidatzen gaituzte Prospectiva posta-zerrendara bidalitako mezuan.

Era berean, aldizkariaren editoreak Miguel Angel Pérez Wong, datorren zenbakiari begira ekarpenak bidaltzera gonbidatzen du . Hurrengo aleak, zortzigarrenak, jorratuko duen gaia Prospektiba eta Zientzia Fikzioa da.

Podcasting politikoa

Eneko Astigarraga 2005/10/13 23:45

Podcasting politikoa

Guy Verhofstadt, Belgikako lehen ministroak Podcasting-a hasi du erabiltzen. Lehendik ere, albiste eta prentsa oharren jarraipenerako XML jarioa eskaintzen zuen, hori adierazten duen etiketa laranjarekin, nola ez.

Orain, bere asteroko prentsa agerraldiak podcasting moduan hasi du ipintzen eta zabaltzen frantsesez (www.premier.be/fr) eta flamenkoz (www.premier.be/nl ).

Oso ideia ona, bai horixe. Kopiatzeko modukoa.

Google 2084

Eneko Astigarraga 2005/10/10 23:34

Batzuek erraz aurreikusten dute etorkizuna.

Parade Publications delakoaren lehendakaria den Randy Siegel-ek New York Times-en argitaratutako irudia

Microsiervos blogean ikusia.

Oso bitxia. Globalizazioa eta IKTak ei dira. Blogak eta Internet: New York Times -en gaur argitaratutako bineta, posta-zerrenda bat eta beste pare bat blogen bidez, egun berean irudia euskarazko blog kaxkar honetan argitaratuta dugu.

Intelektualeriako intelektualena

Eneko Astigarraga 2005/10/09 22:55

Prospect Magazine ingelesak eta Foreing Policy aldizkariek Munduko 100 Intelektual ezagunenen eta eraginkorrenen zerrenda atera dute: The Top 100 Public Intellectuals.

Chinua Achebe (A) nigeriarratik Slavoj Zizek (Z) sloveniarraraino. Tartean beste 98 aurkituko dituzu.

Eta horien artean handienak hautatzeko aukera dugu orrialde honetan: Vote for the world's top public intellectuals . Hau da, intelektual eraginkorrena aukeratzeko, bozketa egitea proposatu dute .

Parte hartu nahi baduzu, Top public intelektual aukeraketan zerrandakoen artean bost izen markatu. Baina, guztien artean gustokorik ez baduzu, berri bat, edo gehiago, proposatzeko aukera dago.

Kriterio nagusia intelektuala bizirik eta jardunean egotea da. Hortik aparte norberaren lehentasunak edo gurago dituenak. Noski, zerrenda eztabaidagarria izan daiteke eta horrela aitortzen dute egileek. Horregatik, izen berri bat proposatzeko laukitxoa aurkituko duzu webgunean.

Argia Topaketak: Euskal Herria 2005 - 2025

Eneko Astigarraga 2005/10/07 23:55

Argia Topaketak

Argia -ren eskutik prospektiba saiakera interesgarriak egun hauetan: Argia Topaketak: Euskal Herria 2005 - 2025 izenpean .

Uste baino azkarrago etorriko den 2025 urteari begira zer gerta daitekeen aztertzeko, Larrun gehigarria sortzeko erabiltzen den topaketa formatoa, baina etorkizunari begira enfokatua, erabiltzen dute Argia Topaketek.

Horretarako, iritzi sortzaile ezberdinak batu eta gai konkretu baten inguruan hausnarketa prospektiboa egitea eskatu eta, ondoren, elkarrizketan ipintzen ditu Argiak.

Oso ideia polita iruditu zait. Beharbada zatikako irudia emango du, jorratzen den gaiarena baino ez. Baina, ondo ezagutzen duten metodoa erabili, - Larrun formatoarena jarraitzen dute, beraz oso talde mugatuak dira, laupabost lagun baino ez -, eta emaitza onak aterako dituztelakoan nago.

Agian, hausnarketara deitutako askok aurrera egin baino gehiago, atzera begiratuko dute. Normala. Beti errazago egiten zaigu pasatutako esplikatzea, etortzekoa dena imajinatzea baino.

Hala ere, oso interesgarria eta gai gehiagorekin egin beharko litzatekeen ariketa da.

Euskal nazioa 2025ean

Lehendabiziko artikulu sorta kalean da: Euskal nazioa 2025ean . Prospekzio politikoa beraz.

Eta zegokion hausnarketa kolektiboa egiteko, urriaren 4an Bilboko La Bolsa Kultur Etxean, ondokoak batu ziren:

  • Josune Ariztondo (EAJ): Euskal nazio euskalduna eta integratzailea, herri borondatea duena oinarri
  • Uxue Barkos (Nafarroa Bai): Erronka berriak gainditzeko epea
  • Mertxe Colina (AB): Zer egin?
  • Begoña Errazti (EA): Helburua: erabakitze eskubidea gauzatzea
  • Aintzane Ezenarro (Aralar): Naziotasun ikuspegia ireki eta independentziaz bermatu
  • Jone Goirizelaia (Batasuna): Herri gisa dagozkigun eskubideak eraikiz.

Klik egin eta bakoitzak esan duena irakurri dezakezu. Iritziak faltan, akaso?

Datorren asteetan prospektiba gehiago Argian: Hizkuntza, Gizartea, Kultura.

Datozen asteetan gai interesgarri gehiagoren inguruan, prospektiba gehiago izango dugu Argiak antolatutako mahainguruetan. Gaiak hauek:

  • Hizkuntza Normalizazioa: nora eta nola?. Urriak 11an, 19:00etan. Gasteizko Villa Suso Jauregian. Partaideak: Joxe Jabier Iñigo, Paula Kasares, Miren Mateo eta Erramun Osa.
  • Gizarte Eredua: nora eta nola?. Urriak 18an, 20:00etan. Donibane Garaziko Herriko Etxeko Gela Nagusian. Partaideak: Mixel Berhokoirigoin (ELB), Rafa Diez (LAB) eta Joxe Elorrieta (ELA)
  • Kultur Sorkuntza: nora eta nola?. Urriak 25ean, 19:00etan. Iruñeko San Zernin Aretoan. Partaideak: Jose Ignazio Ansorena, Aingeru Epaltza, Tere Irastortza eta Xabier Mendiguren Elizegi.

Zorionak Argia!

Shuttleworth

Eneko Astigarraga 2005/10/06 23:55

Gaur goizean Araba Digitalak antolatuta Mark Shuttleworth Miñaon. Arabako Parke Teknologikoko Areto nagusia bete-betea zegoen.

Shuttleworth  Gazteizen 3

Bere espazioko bidaiko irudiak ikusten ziren bitartean, Shuttleworth-ek Software Libreaz hitz egin du denbora gehienean, aldez aurretik konbetzituta zegoen entzulego baten aurrean, egia esan. Beraz gehienek bazekiten gauzak aipatu ditu, baina hala ere, oso interesgarria izan da hitzaldia. Neurtua eta dinamikoa.

Nik ere, aurretik uste nituen pare bat gauza apuntatu ditut Mark Shuttleworth-en hitzalditik:

  • Software libreak etorkizun handia duela. Hazkunde tasa handiak ezagutuko dituela.
  • Software Librearen alde egiteko arrazoi ekonomikoak (merkeagoa, garapen endogeno lokala, ...), kulturalak (kultur aniztasunari edo hizkuntza gutxituen kasuari egoki erantzuten diola aipatu du) eta teknologikoak (aurreratuagoa, segurtasuna, ...) daudela.
  • Software jabedunetik software librera transizioa gradualki egin daitekela. Hutsetik dena aldatzera aldaketa handia dela, baina pixkanaka egiteak ez duela arazorik. Abiapuntua merkatu kuota handia duten aplikazioak izan daitezkela, adibidez: Apache, Firefox, web aplikazioak, ...
  • Software jabeduna sortzen duten enpresa handiak ez direla desagertuko. Egoera berriari egokitu egingo dira. Sektore hau beti izan da oso aldakorra.
  • Etorkizunean software banaketak unibertsalak izango dira, baina egokitzapen pertsonalizatuekin, kulturalak (kultura edo hizkuntzaren arabera), sektorearen arabera (hezkuntzarako, eraikuntzarako, metalerako, ...) edo talde profesionalen araberakoa (medikoena, irakasleena,...)

Shuttleworth  Gazteizen 1

Espazioan ibiltzeak, lurra han goitik ikusteak, lehendik kartografian zeukan zaletasuna berpiztu egin duela komentatu du. Beharbada, Tagzania garapenerako finantziatzioa eskatu beharko diogu!

Ekitaldiaren bukaeran E.S.L.E. Euskadiko Software Libreko Enpresen Elkartea aurkeztu dugu.

Eguneraketa, 2005.10.28

Gaur bertan 53R61-ren weblogean ikusi dut :

Orain Euskadi Digitalekoei esker hitzaldi horren audioa jaisteko prest daukagu esteka honetan:

www.euskadigital.net/especiales/ubuntu_shuttleworth.mp3

edo eta euren Podcast jarioaren bitartez:

www.euskadigital.net/rss/especiales.xml"

Audioan bapateko itzultzailea entzuten da gazteleraz eta atzetik Mark ingelesez berba egiten.

Gazteizera joan ez zirenentzako hitzaldia entzuteko aukera ona.

Zaintza Teknologikoa eta Adimen Lehiakorra

Eneko Astigarraga 2005/10/06 23:50

tekniker

Zaintza Teknologikoa eta Adimen Lehiakorraren inguruan jardunaldi interesgarria zegoen gaur arratsaldean Tekniker zentro teknologikoan eta bertaratu egin naiz.

Hau da, enpresarentzat garrantzitsuak, estrategikoak, diren informazioak (merkatua, lehakideak, teknologiak, patenteak, arauak, ...) nola bildu, tratatu eta kudeatu, eta horretarako nolako tresnak dauden aurkeztea zen helburua.

Lau orduko oinarrizko jardunaldia izan da, baina orohar interesgarria . Egitarauan (adi .pdf 104 KB) iragartzen zen moduan, Francisco Sanchez Fuerte-ren aurkezpen orokorarren ondoren, hiru aurkezpen:

  • Rosa Freire-k, "Vixia" izeneko aplikazioa aurkeztu du. Aplikazioa nahiko famatua da zaintza teknologikoaren mundu honetan. Baina ikusi dudana, ez nau konbentzitu. Neretzat, funtsean groupware bat da, baina sarea eta aurre-finkatutako datubaseak arakatzeko robot indartsu batekin. Informazioarako filtroak onartzen ditu, noski, baina astunegia ematen du. Aplikazio larregi nere iritziz, groupware arrunt batek dituenak, eta ez onegiak: egutegia, agenda, kontaktu datubasea, ... benetan robot arakatzailearen indarra behar zuen tokian. Eta azken hau ez dakigu nolakoa den. Off the record entzun dut lizentziak antzinako 17 miloi peseta balio duela, baina ez dakit egia den. Dena den, Rosa Freirek aipatu du arazoak izan zituztela softwarearen garatzaileekin. Nahiko ordainduta, baina hasieran barneko funtzioak prest ez zituen software jabeduna saldu zieten, kristona balitz bezala eta, geroago, benetan ibili zedin garapen gehigarriak kontratatu behar izan zituzten. Programaren tripetan ezin dira sartu gauzak modifikatzera eta edozein aldaketa jabeei eskatu eta ondo ordaindu behar omen dute. Horregatik, azken moduloak Open Source moduan garatzen ari dira eta hobeto. Ferroatlántica bezalako enpresa handia aipatu da erabiltzaile arrakastatsu moduan.

Eguneraketa: Aipaturiko prezioa plataforma teknologikoarena da, eta ez Vixia zerbitzuarena. Plataforma teknologiko horrek hiru modulo ditu : ITPilo , Aracne eta Virtual DataPort (klik egin bakoitzean eta zehaztasun gehiago izango duzue), eta Vixia bezalako zerbitzua emateko hirurak dira beharrezkoak. (eskerrik asko azalpenengatik, Xabier )

  • Teknikerreko Xabier Garcia de Kortazar-ek aurkezpen majoa egin du. Eguneroko tresna sinpleekin edo sarean eskura ditugunekin zaintza teknologikoa nola egin azaldu du. Helburua zaintza "a coste cero" edo ia. Outlouk eta office-n oinarritutako tresnak, enpresetan oso hedatuak daudelako, baina gustatu zait. XML edo RSS(protocol) jarioak tresna garrantzitsu bezala aipatu ditu. Orokorrean Googlek bilaketarako eskaintzen dituen aukera ugariak edo patenteen ikerketarako espezifikoki http://ep.espacenet.com edo http://www.freshpatents.com/ eskaintzen dituzten aukera merkeak aipatu ditu. Gustatu zait enfokea, noski gure etxean erabiltzen dugun estilora zen. Ez da diru kontua, kultura kontua baizik.
  • Urrestilako Biele enpresako Elias Badiolak aurkezpen majoa egin du. Oso praktikoa, beraiek berrikuntza eta I+G-a nola planteiatu eta egiten duten azaldu du. Doazen toki guztietan ikusi, ikasi eta saiatu hobetzen, bere produktuei aplikatuz. Garrantzitsuena kasu honetan ere ikerketa, berrikuntza eta zaintzarako enpresa kultura.

RSS-ak Teknikerreko albisteetan

Xabier Garcia de Kortazar-ek iragarri du RSS-ak ezarri berri dituztela Teknikerren webgunean .

Begiratzen ibili naiz eta nik uste oraingoz RSS-ak eskaintzen dituen euskal Zentro Teknologiko bakarra dela Tekniker. Harrigarria 2005 urtean.

Hauek behintzat hasi dira, ea besteak noiz!

Jagoleen kluba

Eneko Astigarraga 2005/10/06 01:02

Irailaren 15ean, bloga estreinatu du duela bost urte sortutako Le Club des Vigilants , frantziako prospektiba elkarteak.

Nolabait esateko, elkartean zaintza kolektiboa egiten dute, eta blogaren bitartez iritziak kaleratu, baina batez ere elkarrizketa bideratzea nahi dute.

Argitaratzen dituzten alerten helburua erreakzioak sortarazi, bide berriak ireki, arriskuak jakinarazi, aukerak nabarmentzea da.

Esan bezala, elkarrizketak sortzea da helburu:

Le Club des Vigilants blogean zientzialari batek finantzario bati erantzuten badio, finantzarioak nekazariari, txinatarrak frantzesari,... orduan eta hobeto!

Nous voulons maintenant ouvrir, grâce à ce Blog, un terrain neutre où des gens de qualité pourront amorcer un dialogue. Notre souhait est que nos « Alertes » suscitent vos réactions, ouvrent des pistes, soulignent des risques, signalent des opportunités. Si un scientifique répond à un financier, un financier à un agriculteur, un Chinois à un Français, tant mieux !

Aurkezpena

"Etorkizuna interesatzen zait datozen urteetan bertan biziko naizelako".

Prospektiba, estrategia eta plangintzari buruzko bloga.