"Txokolate" txakurra
Aurreko baten Lurrek kontautako umetako oroitzapen usaintsuan moduan, egunotan Jabier Ferreira “Txokolatenekuak” Ondarruko beste kontakizun txiki bat ekarri desta, hain zuzen be bere familian gatxizenan jatorrixa argitzen dabena. Jabierrek diñuanez, jente askok uste dau euren desizena arbasoren baten gozotasunakin-edo zerikusixa dakala... baiña ez.
Antxiñan, bere aittitta-amamen denporan, jakiñekua da ez zeguala gaur eguneko zabor-kudeaketarik. Suertia zekanak komuna izango zeban etxian, eta jente normalak hori bez; hondakin guztiak be, leku baten amaitzen zeben: errixuan.
Jatekua eta hondakiña ugari dan lekuan, badakigu automatikoki zer datorren: arratoia. Jabierrek etxian entzundakuan arabera, euren etxietan (Kafekoatzi) arratoiak “katuak lakotxik zin”, eta komunetan gora be etortzen bazekixen. Horretara, ixa etxe guztietan eurak harrapatzeko arratoi-txakurrak egoten ziran.
Hónek txakurrok oso estimatuak ziran, jakiña: egindako zerbitzuan pare. Eta Kantxope inguruan bizi ziranen artian, bat nabarmentzen zan: Txokolate, marroi kolorekua; Jabierren amamanekua. Beste edozein txakurrek baiño arratoi gehixago harrapatzen zittuan, antza, eta hori dala eta oso ezaguna bihurtu zan Ondarru osuan. Hain ezaguna eze, familixia bera be “Txokolate” izenakin ezagutzen hasi zan; gaur arte.
Ez dira asko izaten, ez, historiara izen propiuakin pasatzia lortu daben animalixak; gitxiago, bere izena familixa oso bati emon detsenak. Lagun txiki honek lortu zeban!