Disidente pop
Gogoratzen al duzue joan den hilean aipatu nuen kartzelakidea? Kalean ikusita kasu egitera ausartu ez nintzaiona? Egun gutxitara berriro ikusi nuen, autobusean. Oraingoan arnasa sakon hartu eta berarengana joan nintzen; adeitsuki hartu ninduen. Hasierako isilune normalen ostean, naturalena egin genuen: gai monotematiko talegeroari heldu. Gero ezin isildu!
Kartzelakide hau ere disidentea da, eta urte luzez etsaien ituan egotetik kide ohien jopuntura pasatu da. Horri guztiari buruz berriketan aritu ginen, harrapaladan. Izan ere, duela 15 urte Valdemoroko transito guneko “ziega amerikarretan” legez, oraingoan presa Berriatua eta Ondarroa arteko tarte laburrak sartzen zigun. Solasaldi motza baina niretako lasaigarria izan zen; izotza haustekoa behintzat. Eta ez dadila azkena izan!
Ez dagokit niri ezker abertzaleak disidenteekiko izan duen jarrera juzkatzen hastea (kanpotik epaiak errazegi eman ohi dira, etxe barruko detaileak ongi ezagutu barik). Halere, zuzena edo okerra, nire iritzia badut. Adibidez, asko gustatu zitzaidan “Pitu” Llamas irratikide eta sukaldariak idatzitako artikulu bat: “Un menú desagradable pero necesario en el proceso de paz” izenburukoa. Balore berezia ematen diot gainera, borrokalari batengandik datorren neurrian. Halere, hori irakurrita, segituan gogoratu nituen iraganean horrelako ideak erabili zituzten pertsona asko, garesti ordaindu dutenak. Izen batzuk etorri zitzaizkidan, anabasan: Dolores Gonzalez, Imanol Lartzabal... traidore bezala hilak; Agustin Ibarrola, oraindik bizi dena... Edo, Piturengandik hurbilagoko kasuak aipatzearren, nire kartzelakidea bera (Joseba Urrosolo) eta bere kintakoak, oraindik orain bere kide ohiak seinalatuak eta marjinatuak dirautenak. Zorionez gaur egunean fundamentalista gutxiago dago, eta gutxienez kaletik ibil daitezke...
Bada ezker abertzalean jarrera “gogorra” mantentzearen aldeko jendea, batez ere EPPK-aren estrategia kontuetan; agian oker nago, baina kanpoan jarrerak gero eta malguagoak diren honetan, presoei oraindik erabateko koherentzia eskatzen zaiela iruditzen zait, nolabaiteko heroiak izatea. Horrelako zerbait ulertu nion Josebari, eta uste dut bere iritziak errespetua merezi duela, haren esperientziarengatik eta kurrikulum militarrarengatik bada ere.
Izan ere, nik behintzat ez ditut ahazteko 80.ko hamarkadako urteak (agian ETA eta Espainiako Indar Armatuen arteko gerrako gogorrenak). Artean politikaz ezer ulertzeko gaztetxoegia, ez dut esango ETA-ren aldekoa nintzenik, baina bai ostera haiek polizia eta militar guztiak garbitzea ez nuela txartoegi ikusten; nire inguruko jende gehienak bezala, bide batez esanda. Eta behin eta berriro ikusten genituen aurpegi haien artean (egunkarietan, zein far westeko tipoko karteletan: “wanted”, badakizue...), Josebarena nolabaiteko pop ikonoa bihurtu zitzaigun; horregatik 20 urte geroago kartzelan aurrez aurre aurkitzean, autograforik ez genion eskatu, baina... ia-ia. Baina urteak ez dira alferrik pasatzen; haiekin batera, gu ere pertsona helduagoak gara. Horregatik, oraingoan, autografoa ez, baina autobusean berarekin selfiea ateratzeko tentaldiari eutsi beharko diot.
Info7 Irratiko "Talaiatik" saiorako, 2017ko zezeillan 20xa.