Sentimendu fosilak
Handik minutu batzuetara damutu egin naiz, baina beranduegi zen: bere bidean aurrera eginda, bistatik galdua nuen. Eta barruak nahastu zaizkit: zergatik geratu naiz izoztuta? Ez da gertatu zaidan lehengo aldia, gainera.
“Barruan” ezagututako jendearekin behin bakarrik izan naiz, atera eta gero esan nahi dut. Porlan artean egindako lagun ugarien artean minenari zor nion begirunearengatik izan zen, nolabait esateko. Baina topaketa hori ere oso arraroa egin zitzaidan. Agian motibo berberarengatik. Orain, sentimendu hori idatziz jarrita, argitu nahiko nukeen arrazoi misteriotsu eta deserosoarengatik.
Presondegiko lagunarekin topatu nintzenean sentsazio arraroak igarri banituen, lagunarengatik baino, familiarengatik izan zela uste dut. Nik oso oroitzapen garratzak ekartzen nizkiela konturatzen nintzen. Edo hori uste nuen nik, behintzat. Eta ez zitzaidan gustatzen haiei min ematea. Azken finean gure lagunak, etxera bueltatu zenean, bere bizitzarekin jarraitu zuen; txarto edo ondo, baina askatasunean bizi izandako hurrengo asteek, hilabeteek, urteek, kartzelako urte mingots haiek nolabait estaltzen ari ziren. Eta hara non agertzen naizen ni, iraganeko fosila, zer eta kartzelako urte haiek berpizteko (lagunak eta biok ez baikenuen ezer konpartitzen, espetxealdiko oroimenak baino). Gu pozik, bistan da; katxondeo pixka bat ere bagenuen; baina begi-bistakoa zen gure ingurukoei ez ziela grazia putarik egiten une haiek berriro bizitzea. Edo hori uste nuen nik. Eta sentsazio hau jasanezina zitzaidan.
Kontrakoa ere gertatu zait, nirekin preso izandako laguna etxera etortzea, eta neure familiakoen begietan horrelako lainoa ikustea. Deserosoa da. Eta ez dakit egoera erreala den, ala nire barruko kondenatuaren begirada berezia. Sarrionandiak esana baita, preso egon denaren gogoa kartzelara itzultzen dela beti; eta poliziek besteei baino gehiago begiratzen diotela, pausua sosegatua ez duelako; edo sosegatuegia. Eta, hau idatzi ahala, konturatzen naiz une bortitz haiek horrelako gauzak tatuaturik utzi dizkidatela. Eta segur aski nire burutazioak baino ez diren arren, nire pausuak baldintzatzen dituztela nik sekula pentsatuko ez nuen forman...
Bai. Hurrengo ikusten dudanean, eskua emango diot. Ukitu nahi dut (ikusiko dugu berak zer nahi duen, euskaldunak baikara, eta ez dut inor bortxatu nahi). Lotsa gabe hitz egin nahi diot. Zimurturik nago, baina guardasola bezala ireki nahi dut. Ez dakit metafora egokiena den, baina horixe da momentu honetan etortzen zaidan irudia: porlanezko sotoetako ziegetan lizundutako arimak astintzea, lisatzea, aireratzea, eguzkitara ateratzea. Sendatzea.
Talaiatik irratsaiorako, 2017ko ilbeltzan 20xa.