Astegun goiz batez
Peña Santiagon naturalezian ikuspegi triste eta ederra ikasi eta barneratu nebanez, inspiragarrixagua izango litzakek oin dala urte batzutako Lekeittioko portua, nere umetzarokua, 8-10 bapor urdin illunetakua: deskargia, izotza, tiñak, kabania, kamioiak, arrantzaliak, seiñeruak –“¡Txomin akorda, jangoikuan izenian...!”. Ostera, gaur egunian Kalamua eta Ondartzabal barrixak baiño ez dittuk geratzen –Ondartzabal zaharra museo moduan dala- eta sepia koloreko antiajuak betaurrian ipiñitta be, ezin dok ukatu turismora begirako herri baten bizi garala. Halan be, gaurko itsaso bildurgarrixa nasabittartetik sartzen danian, noraixetan lotutako txikotak tiratu eta nasaitzen hasten dittuk, eta aspaldiko soiñu berezixak imajinaziñua hegan jarabik: ñiiiiiic.... ñiiiiicc....
Nere astiak be momentu gozuak izaten jittuk. Batez be neguan, ezin juat ondo azaldu zenbat gozatzen doten pasa dan martitzeneko moroko egunekin: egualdi ona, etxeko bihartxuak egin eta kalera umiakin. Premeditaziñua be ba naroian: Izotzetako Esfinjian liburua hartu, eta ojal eta txupete artian sartu... Betiko modura, kaleko pasiua errekauak egitteko aprobetxau najuan: atzo ogixa hartzia tokatzen zan Arranegixan. Eta Marinako ranpatik portura... Ilbeltzeko eguzki zoragarripian. Portua Ipurbeltzeko Mintxon Donostia emoten juan: koloretsua, hegaberen klin-klona, argi briztadak uretan... ertz-ertzetik juatia gustatzen jatak, jubilauekin batera uretako biharrei begira... arrain saltzaillien ondotik pasau, ia zer ekarri daben gaur... ¡uy kontuz! tximiñoian tripak aidian uretara –klin-klon, klin-klon hegaberak-. Zelako trankilla eta ederra egoten dan portua hórrek orduetan. Vinoteruak ardauan deskargan. Soldadoriak han, aittitta-amamak umiekin hamen... Talara heldu eta hortzmugia tiralineasakin lez eginda. Nere txoko faboritua, clubdepeskan osteko harmaillia dok. Hantxe, norteko haizetik babestuta, morroko olatuen kresala arnasten juagu (ioi negatibuak, Asier Arregik erakutsittako legez) Lumentza aldeko euzkixak berotzen gaittuan bittartian. Iñoiz, umiari frakak erantsi eta hor ipintzen juat euskixari ostikaraka, vitamina D sintetizau deixan –eta jentian begirakarak somau, zoratuta dago hori, eneruan eta umia izterrak bistan-.
Hantxe egoten nok ni ondo. Etxuat gehixagorik bihar: liburua eskutan, umia albuan eta euzki hotza. Peña Santiagok naturalezia moduan, Toribio Etxebarriak be kaleko bizitziari begiratzeko modu bat erakutsi jestan: harek be bizitzia ospatzeko eta goresteko bere leku sekretua ba zekan, bizitza contemplativo baiña ez pasivorako aldare sakratua. Sekulan etxuat jakin zergaittik, baiña “Viaje al país de los recuerdos” liburuko txatal batekin beti gogoratzen nok: “Piedras como la de Bethel” izenburuduna.