Aittitta Akilinoren kontrako paskiña
Aste honetan sorpresa politta hartu dot: Oier Araolazaren bidez, Andoaingo lagun baten etxeko paper zaharren artian zer agertuko, eta aittitta Akilinon kontrako paskin moduko bat.
Lehendik be ezaguna zan bere sasoian, 1900 inguruan, mundu kontserbadoriak (euskaltzaliak barne) tirria haundixa zetsela Akilino Amuategiri. Epoka horretan ezkerreko ideak sartu barrixak ziran Euskal Herrixan eta, kontuan hartuta artian euskaldun elebakar asko zeguala, Amuategik paper garrantzitsua jokatu zeban euren artian idea barrixak zabaltzeko. Ordura arte jauntxuen mende izandako politika / industria munduan, uste eze hau distortsiño faktore haundixa izan zala. Euskaltzalien artian be (karlistak, jeltzale sortu barrixak...) euskal sozialistekingo gorroto haundixa zabaldu zan, militante eta hautesliak kentziangaittik; Tomas Meabe bera EAJ-tik urtendakua zan, adibidez, eta aittitta Akilinoren kasuan meeting-etan emondako euskerazko hitzaldixengaittik nabarmendu zan, ikuslego euskaldun elebakarrakin konektatzeko gaittasun haundixa ei zekalako.
Dabillenari gertatzen jako, eta Akilino, arpegixa publikuan emoten zebanez, kritiken "itu perfektu" bihurtu zan. Bere kontrakuak, pentsau leike iraintzeko asmoz, normalian "Txikillana" esaten zetsen: eibartar askoren modura zezenzalia zan Amuategi, baitta korrida plazan torero ibillittakua be. Ordurako afiziño hau espainiartasunakin lotzen hasittakua izango zan kontizu; eta, nere ustez hori azpimarratzeko asmoz, orduko torero famoso baten ezizena ipiñi zetsen: "Chiclana". Orduko euskaldun elebakar gehixenendako ahoskatu eziñezko berbia zanez, jentiak bere erara moldau zeban izena.
Dana dala, gauzia ez zan kaleko marmarretan geldittu. Esandako moduan, euskal sozialistak kalte politiko nabarmena egitten zetsen karlismo/abertzaletasun esparru politiko barrixari, eta horregaittik kritikia mailla intelektualera be allegau zan. Adibiderik ezagunenetakua Txomin Agirreren "Garoa" eleberrixan agertzen dan pasarte hau da; umorezkua berez, baiña era berian etsipen haundixa (ez diñot nik, honek baiño) erakusten dabena.
"«Langilliak: Euskalerrixan jaixo naiz, baña euskaldun izatiak eznau batere arrotzen!» (Patxikok: Geuk ere i emen jaio aizalako, ze arrotu andirik etzeukagu). «Euskaldun izatia baño lurbiratarra izatia gurago dot». (Plazenzitar batek, Patxikoren ondoan dendatuta: Edonongoa ta iñongoa ez, ijitoak bezela). «Euskalerri guztia, Eibar izan ezik, abadien mendian dago, ta nik eztot iñon mendian egon gura». (Norbaitek: Viva la libertad!). «Gizonak eztau lokarririk biar». (Ermutar batek: Gerrikorik ezpaneuka ba, nire prakak laster litzakez orpuetan). «Danok gara bardiñak». (Elgoibartarrak: andi-txikirik ezta beraz, erren ta elbarririk ez. Badeitzok, Artola? Siñiste aldek, Julian?) «Gizona lotzeko eskubiderik iñork eztauka». (Moxolok, bere artean: Ta bear luke). «Goialdeak utsik dagoz». (Ermuatarrak: Izarren batzuk gabetan ikusten dira, baña, orrek diñonean... jakintsua eidata). «Gure gañean eztago iñor, ez erregerik, ez Jaungoikorik...» (Patxikok: Ondo giñake, astoen gañean iñor ezpalego!) «geuk egin biar ditugu geure legiak, gura dogun modura» (Moxolok: Neuk egiten badizkiat, laster urkatuko diat ire amona). «Iñork eztauka iñor iltzeko eskubiderik»; (Moxolok: Orra orain, orra). «Lurrean ezta batere gudarik biar; guda-gizonak alper-gizonak dira». (Eibartarrak: Ederto jaok, baña orduan gure armak nun salduko jituagu?) «Ugazabak eta lantegien jabiak gure odolez loditu dira». (Plazenzitarrak: Ta zuk ere ori nai, loditu, odolez edo odolkiz). «Zortzi orduko lana gura genduke»; (Moxolok: Askotxo dek, baño, tira, nai duanak egin dezala). «Orain artean baño aloger obea biar dogu». (Denak: Ori, ori! Betor dirua! Venga diñero!). «Diru-etxeak lapur-etxeak dira» (Moxolok: Orrenbesteraño ez orratik). «Asko gara, guztiok alkartu gaitezen ta zor doskuena eskatu daigun». (Ardosaltzalle batek: Neuk ere, zure ondoko batzuei, edandakoen ordaña eskatu bear diet). «Agintarixakana goazen ta esan deixogun geu gerala geixen, geu gerala indartsuen». (Ermutarrak: Ori dok! Ukabilla nagusi). «Ezergaitik ez bildurtu; gogor egin bear da; gogor andiki, agintari, legegille ta abadien aurrian. Geure indarrez, geure kemenez, gauza guztiak goikoaz bera jarri biar ditugu: legiak ausi, agintarixak azpiratu, aberatsak ebaki, pralleak larrutu, elizak erre...» (Plazenzitarrak: Bai, mutil; ator Plazenzira). «Orrela ekarriko degu aginpidia pobrien eskuetara, orrela izango degu dirua ugari». (Lengoak: Orrela izango degu... adarra jotzia). «Adiskidiak, lagunak: danok batera diar egin daigun: gora erri langillia! bera legiak! bera ugazabak! bera gizon alperrak! bera soñeko beltzak! bera argizai jaliak! Biba la repúbica! Abajo inkisisión!» (Geienak: Gora! Bera! Abajo! Txaloak, oiuak, marruak, Trágala, Marsellesa ta Intenazionala...).". (XIX atala, "Bi arpegiak")
Andoaiñen agertutako papel hau be mailla horretan sartu beharko geunke: Amuategi erridikulizatzeko apropos prestatu eta zabaldutako paskina dirudi. Izan be, berak benetan idatzittakua izan leiken beste testu hau kontuan hartuta, paskin honetakua ez dau emoten berak egindakua danik; ostera, modu fortzau xamarrian osatutako "mordoillokeri" txortia emoten dau, Akilinok diskurtsuetan erabiltzen zittuan erderakaden parodia moduko bat.
Izan be, "Txikillana"ren kontrako argudixo nagusixetako bat horixe izan zan: erderakadak (gogoratu artian Sabino Arana bizirik zala, eta abertzalien artian garbizaletasuna zala joeria). Gaur egunian guztiz gaindittuta dago auzi hori, beste batzuk (lotura, lotura) nik baiño hobeto azaldu izan dabena. Baiña iritzi hau asko be asko zabaldu zan, hain da eze, gaur egunian (ondiok!) Eibarko euskerian gaiñian aurreiritzixon aztarna nabarmenak ikusi leikezen (Eibarren "denpora ona trigua maduratzeko..." eta halakuak esaten doguzela pentsatzen daben jente asko dago).
Papelekua guzurra zein egixa izan, kontua da politta izan dala Andoaingo lagun honek bere papel zaharren artian hau topau izana, eta zabaltzia. Halako zenbat gauza egongo diraz gordeta gero, ganbaretan! Halako sorpresa atsegin asko hartu daiguzela.
PD 1: paradoxak! Nahiz eta badirudixan Akilinok ez zittuala sekulan esan hórrek berbok, Eibarko Udalak egindako ekittaldi baten (Alejandro Telleria 1936ko "Alkate Txikixa" omentzeko ekitaldixa) erabilli dittuz, zeiñek eta Josu Mendikute zinegotzi jeltzaliak (baiña halan be lagunak) ;-)
Hamen bideua osorik,
PD 2: Asier Sarasuak "Eibartarrak" zerrendan paskiñan gaineko azterketa txiki bat argitaratu dau, bere interesangaittik hitzez hitz ipintzeko morokua. Hona:
"(...) nik neuk zalantzak dakaraz.
Ez, biharbada, paper hori orijinala ete dan, baina gatxa iristen jata Akilinok idatzittakua izatia. Beste batek (ez eibartarra) Akilinon berbak jaso eta transkribitzia, laburtzia edo moldatzia? Balitteke.
Aurretik esan bihar dot ez dotela nahikua ondo ezagutzen 1900 inguruko testuinguru linguistikua eta panfletistikua, baina behin hori esanda, hementxe neri zalantzak sortzen destezen ezaugarrixak.
* "Defendatu" eta "bainan" nafar-lapurterako aldaerak dira (nagusiki). Eibarren eta 1900 inguruan... ez da ezinezkua, baina bai oso-oso zaila.
* "Mejoramentu" moduko forma bat, erderaz be forzatua da, baina euskeraz ziharo, bestiak beste, erderatik hartuta balego, "mejoramiento" erabiliko leukialako. Zer dala eta "mejoramEntu" hori?
* Testua Z-z beteta dago (dozuez, entuziastiari, bezte, ezaten...), sasoi horretako idazle alfababetatuen artian S-dun formak nagusitzen diran bittartian. Erderazko berba batzuk be "zuzenduta" dagoz eta Z sartuta ("ez decir").
* K guztiak K dira. Zuzen-zuzen ipinitta. Baitta erderazko berbeta be: "okupatzen"? eta ez "ocupatzen"?
* Ez dago Ñ bakar bat bez. Begiratu Mogel, begiratu Toribio.
* Mugatzailiak sortzen dittuan eraldaketa batzuk ez dira agertzen: sozialista, tribuna, diferentea...
* Erderazko pasartiak ez dira naturalak (hori ya nere uste subjetibua), sarreratik bertatik hasitta. Eta testu osua ixa erdera hutsian da. Gauza bat da Eibarko sozialistak ospe txarra eukitzia eskumako fededun eta abadien artian eta euskalgaiztotzat hartzia gure herriko euskeria eta beste bat da 30 berbako pasarte batian 20 berba erderazkuak izatia.
* Izenburua ez zeban idatzi hizlarixak. Hori segurutzat joko neuke. "Aurkezpen sozialista-Eibarren". Hori ez leuke idatziko Eibarren hitzaldixa emon bihar daben sozialista batek. Kanpoko lekuko batek idatzittako berbak dira (eskuz idatzitta dago).
Alderaketak eta ereduak ez dira asko eta ez dira errezak. Baina hartu Toribion euskerazko testuak. Hartu sasoi bereko Iturriozenak. Edo, errezena: hartu 1902ko "Caleco biarguiñac" testua. Ez daka zerikusirik. "Calecon" ez dago Z-rik eta dana da S, ez dago K-rik eta dana da C; "defendidu" agertzen da eta ez "defendatu", ez dago erderazko joskerarik, eta abar.
"Caleco" zeinek idatzi zeban be ez dakigu, hori be egixa da. Akilino izan leikiala emoten dau; edo ingurukoren bat, behintzat. Pare bat esku egon leikiazela be beittantzen jata neri (euskera aldetik parrafuen artian alde dexente dago). Baina edozein izanda be, makaleko aldia dago batetik bestera.
Eta, hau guztiau esanda, ez dot guztiz ezinezko ikusten 1900 inguruko hizlari entusiasta batek, oradore forasteruak etorri ziran egunian, eta euskeraz alfabetatu bakua izanda, goiko lerruak idaztia.
Bainan.
a."
PD 3: eta ondiokan, gaixak sortutako interesa ikusitta, Oier Araolazak berak papelan nundik norakuak argitzeko peskisak egin dittu. Hamen doiaz bere azalpenak, "Eibartarrak" zerrendan bertan emondakuak:
"Hitz egin dut Iñaki Arregirekin. Horrela du izena paskina bidali didan lagun andoaindarrak. Bere aitaren paperen artean agertu da. Aita ere Iñaki Arregi zen, abuztuan hil da 92 urterekin.
Iñakik kontatu didanez aita horrelako papertxoak batuzalea zen, eta horietako batzuk buruz ere esateko zaletasuna zuen. Hau berau, zatiren bat behintzat, esaten omen zuen memoriaz, beste esaldi xelebre batzuekin batera, hala nola "Era de noche y sin embargo llovía..." xelebrekeria literarioa eta abar. Semearen ustez paskin nonbait jasoko zuen eta gorde "dibertitua iruditu zitzaiolako".
Orritxo beraren bizpahiru kopia omen zeuden, eta kopia horiek aitak berak eginak izango zirela uste du semeak, horretarako ohitura bazuelako, dibertigarriak iruditzen zitzaizkionak banatu ahal izateko. Orrietako batek beste paper txikitxo bat, tira mehe bat pegatuta zeukan, eta bere garaiko post-it horretan idatzita zegoen "CHIKILLANA" Amuategui". Iñakik (semeak) berak papertxoan jartzen zuen hori, paskinean bertan jasota uzteko idatzi du guri bidalitako irudian ageri den orrian. Hain zuen, "HE DICHO"ren azpian eskuz eta urdinez idatzita dagoena, "OHARRA: behean "CHIKILLANA" Amuategui".
Euskararen inguruko topikoetako batzuk, bateko euskara zela garbiena eta bestekoa berriz aldrebesa, oso presente omen zituen aitak, baina inor gutxiesteko asmorik gabe, kontu xelebreak iruditzen zitzaizkionak batu eta kontatzen omen zituen. Sozio-politikoki kokatzeko, gurasoak abertzaleak baina ez militanteak, eta fededunak eta eliza girora lotutakoak izan direla kontatu dit. Hori bai, adina kontuan hartuta, orritxoa aitaren eskuetara handik edo hemendik iritsiko zela sumatzen du semeak. Izan ere, 92 urterekin zendu berri da, 1927-28 inguruan sortua zen beraz, gerra garaian 11 urte zituela aipatu dit Iñakik, eta beraz, ezinezkoa dirudi zuzenean edo gutxienez garai berean bildu izana.
Pena du azken urteotako berriketetan orritxo hori ez aipatu izanaz, aitak nondik atera zuen jakin ahal izateko.
Oier A."