Zergatik behar dugu Kukutza?
Atzoko espektakuluaz berba gutxi geratzen dira esateko. Goiko argazkiak laburbildu lezake Kukutzan gertatu zena. Eta ia zuzenean ikusi genuena teknologia berriei esker. Hala ere, esan nezake ez nauela harritu, izan ere, badakigu barne sailburuek nola bidaltzen duten polizia, eta hamaikatxotan ikusi ditugu horrelakoetan, biolentzia erabilita.
Gaur interneten badabil jira-bueltaka orain 20 urteko irudi batzuen bideoa: Bilboko beste gaztetxe bat eta Bilboko beste alkate bat, baina gauzak ez dira apenas aldatu, imajinaren kalitatea eta arropa besterik ez.
Ez da antzekoa? Hori, bada! Diskurtsoak ez dira aldatu!
Urte hauetan guztiauetan, gaztetxe eta etxe okupatuak hustutzen eta botatzen jardun dute. Ia beti eraikin abandonatuak ziren gazteak (edo ez hain gazteak) okupatu dituztenean, jabeen utzikeriaz, ardurabakokeriaz bertan behar lagata, abandonatutako etxeak.
Horrek beti eman izan dit atentzioa. Antza denez, edifizo hauen ugazabek nahiago izan dute arratoiek eta tristeziak jatea euren ondasunak, berreskuratu eta erabili beharrean. Edo, beste kontu bat ere izan liteke: hainbeste gauzaren jabe dira, non konturatu ere ez diren egiten etxe hura eurena denik. Baliteke.
Kasualitatea izango da, baina, urteetan itxitako fabrika, frontoia, etxea, ... erdi jausita egon, gazteak sartu, margotu, apaindu, biziberritu, martxan jarri, aktibitatez bete,... eta orduan gogoratzen dira bazeukatela fabrika, frontoi, etxe bat leku horretan!
Eta anbizioa sortzen zaie, jabegoaren harra. Orduan, esnedunaren ipuinean bezala, alferrik galduta zuten eraikinarekin zenbat diru lortuko duten hasten dira kalkulatzen. Begiak
Tio Gilitori bezala dolarraren ikurrez $$$ betetzen zaizkie, edo euroarenak €€€, berdin dio, dirua beti baita ona (venga de donde venga). Segituan, birkalifikazioetan hasten dira pentsatzen, eraikuntza enpresetan eta espekulazioan. Une horretan hasten dira arazoak, diruak euren buruaren eta bihotzaren kontrola hartzen duenean. Izan ere, ordura arte, poz-pozik bizi ziren...
Hau guztiau positiboa litzateke gure herri eta auzoek kultura eta aisialdi aukerak balituzte. Baina ez da hala, makroaren gizartean baikaude, eta makroan eskaparatismoa da garrantzitsuena: dotorezia kanpotik, baina barrua hutsa.
Mikro asko behar ditugu, txikiendako eta txikiek eginak, izpiritu xumez, euren apalean eder. Horregatik behar dugu Kukutza, ..... Kukutzak! Kukutza moduko lekuak nonahi!
Besteen azalean jartzeko eskatzen diozu Leireri, uste dut beti ere ariketa ona dela. Inor epaitu aurretik beren zapatekin ibili behar omen da astebetez, auskalo nungo amerikar indigenek esana...
1- Jabea banintz: Hau da ziur aski zailena. Etekin ekonomiko hutsa bilatzen duen entitate bateko nagusi izanda (kasu honetan eraikuntza enpresa) zaila daukat arazo sozial bati erantzutea. Agian pentsatu beharko genuke ez dela zilegi etekin ekonomiko HUTSA bilatzea, enpresa guztiek kodigo etiko bat beharko luketela. Alegia, eraikin bat abandonatu eta arratoiz betetzen utzi eta gero ezin dela erreklamatu atzo bertan egon izan bazina lez. Hala ere, oso oso gaiztoaren paperean jarrita, egingo nukeena zera da: Udalari planteatu (ustez, arazo sozialen kudeatzaile den heinean) bizilagunak eta bertan dabiltzanak kaltetu gabe, nire galera ekonomikoa arindu dezala. Noski, hau onartezina iruditzen zait (pertsonalki).
2- Alkatea banintz, exigituko nioke enpresari lur horiek "obra sozial" bezala uztea, agian konpentsazio ekonomiko baten truke, auskalo. Uste dut enpresaren historia begiratuta (hainbat trikimallu zikin dituzte euren bizkar) ez zela zaila izango akordio bat. Bestela, espropiatu. Nik dakidala, autopistak egiteko edo AHT-aren bidean zeudelako espropiatu izan dira lokalak eta are gehiago etxebizitzak. Uste dut udalak baduela eskubiderik hontarako, baina kontua da erabakitzea zer den interes orokorreko proiektu bat (Kukutza ez da, baina Durango-Beasain bai).
3- Epailea banintz. Ez nuke inolaz ere onartuko "ejecucion provisional" deitzen duten hori. Alegia, oraindik epai JUDIZIALA atera ez denean (soilik administratiboa) eta epaitu ez denean hor deliturik izan den, badazpada ta bide batez, alde bati arrazoi osoa ematean. Eman dira hainbat kasu nun epaileek ondokoa planteatu duten: Eraikina botaz gero, epaiak (edo helegiteek) demostratzen badute okupatzaileek arrazoia zutela, ez dago nola arindu haiei egindako kaltea (eraikina lurrean da, eta etekin-nahi gabeko erakundeak izanik diruak ez du ezer konpontzen, kaltea soziala da). Beraz, epaiketa eta errekurtso guztiak konpondu arte LEGALA denez inolako mugimendurik ez egitea, horri eutsiko nioke.
Hortaz, uste dut epaileak eta udalak hartutako erabakiak bestelakoak izan ahalko zirela, ez zituztela "eskuak lotuta" eta hala balitz, beraiek jakingo dute zeinek lotzen dizkieten. Enpresari dagokionez, ezin ezer espero etekin hutsa (inolako proiektu sozialik gabe) bilatzen duen jendeaz...