Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Zerbaitetan txarto dihardugun seinale

Zerbaitetan txarto dihardugun seinale

Leire Narbaiza 2017/12/05 13:30
Gipuzkoako Hitzan 2017ko abenduaren 1ean argitaratutakoa

Eskola erlijioso bitan ikasi nuen nik. Bata bestea baino zurrunagoa, baina biak diziplina handikoak. Diziplina antzinako moduan ulertua: malgutasun ez, gogor eta estu, askatasunik gabe. Horregatik, beharbada, esaten zigutenean meza geneukala ―edo aitortza, edo erlijioarekin zerikusia zuen edozer― pozarren hartzen genuen, esan nahi zuelako, egunerokotasunetik irtetea, eta betiko jardunaren errutina apurtzea, alde batera lagako genituela klaseak, beste gauza batzuk egingo genituela. Batzuetan, zentrotik irtetea ere ekartzen zuen funtzio erlijiosoek. Gurean, txangoak gutxi, eta egiten zirenak, kurtso amaieran. Beraz, mezatara joatea zen festa moduko bat; nahiz eta gero elizan aspertu, gogaitu edota amorratu.


Horregatik, zeharo harrituta nauka ikasle batzuen jarrerak euskaltegian. Egia da, ezin dela konparatu gure orduko eskola hura eta euskaltegia. Gure jarduna ez da zurruna, baliteke batzuetan astuna izatea; halere, nahiko askea ere badela esango nuke.


Baina gurean jarrerak aldatu egin dira. Gogoan dut euskaltegiko ikasleei kanpo ekintza bat eskaintzen genienean askok pozarren hartzen zutela, guk eskola erlijiosoan bezala, irakurmenak eta aditzak alde batera lagatzeko aukera zelako. Beste batzuek eroapenez hartzen zuten “zer egingo diogu, ba!” esango balute moduan, eta baten batek disimulu ederrean hanka ere egiten zuen. Baina inork ez zuen protesta handirik egiten, ezta ezezko biribilik bota ere.


Denbora pasatu ahala, jarrerak aldatu egin ziren, eta askok aitzakia merke bat jaurtita, ez zuten ekintzan parte hartzen. Jendea “galdu” ere egiten zen euskaltegitik hitzaldi lekura, abduzitu egin balute lez. Fenomeno paranormalak gure herrietako kaleetan! Horregatik, sarritan, abisatu ere ez genien egiten ikasleei, klase denboran izanez gero.


Orain, ostera, harrituta nago gertatu zaidanarekin. Antzerki batera joateko aukera geneukan, goizean (ez da batere erraza halakorik topatzea), antzoki dotore batera, eta merke. Proposamena bota nienean, ezetz erantzun zidaten batzuek, eta motibo bat eman: ez zaiela antzerkia gustatzen. Ni zur eta lur!


Tira, ados, ez zaie batzuei antzerkia gustatzen. Ondo da. Baina zinema ere ez dute atsegin, Handia ikustera joateko proposamena egin nienean kontu bera esan zidaten-eta. Horiek beroriek ez zuten hartu irakurtzeko libururik, ikasgelara liburuz karga-karga eginda joan nintzen baten, irakurtzea ere ez ei dutelako gustuko.


Kontua da, idazlan bat egiteko ematen diedanean, protesta txikiren bat egoten dela, baina zintzo-zintzo denek egiten dutela. Idazlanak gustukoago dute, orduan? Ez, buruan dute idazlana gogokoa ez izan arren, egin egin behar dela, ikasteko-edo balio duelako. Azterketan ere “sartu” egiten delako.

Baina kezkagarriena ez da ez gustatzea kulturarekin zerikusia duen guztia. Arduratzen nau ikastaldeetako gazteenak direla kulturari uko egiten diotenak. Helduago batzuek, agian, ez dute hain gustuko proposatutakoa, baina aukera bat eman nahi diote, eta zerbait desberdina egin, argi daukatelako egiten dute horrek ere balio diela euskara ikasteko.


Pentsatu beharko genuke eskolak eta gizarteak zein gazte formatzen duten, zein eredu ematen diegun. Hausnartu beharko genuke gazte horiek zer demontre egiten duten euskaltegian, zergatik ez duten nahikotasun maila erakusten euskaraz.


Txarto gabiltzan seinale.

Gipuzkoako Hitzan

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua