Zer da euskara batua
Batek baino gehiagok artikuluaren izenburua irakurrita, pentsatuko du burua joan zaidala, ea beste gairik ez dagoen txoko honetarako. Nik ere pentsatzen nuen denok, euskaldun guztiok, bagenekiela zer zen batua, baina azken boladan izandako elkarrizketa batzuek deskubritu didate badagoela jendea ez dakiena oso ondo zer den batua. Seguruenera, ez delako ganoraz azaldu.
Uste nuen euskararen kontrako erdaldunek baino ez zituztela uste faltsuak batuaren gainean. Haiei irakurrita diet artikulu eta sare sozialetan asmatutako hizkuntza bat dela batua. Baina, antza denez, euskaldun batzuen artean ere bada uste ustel hori.
Batua estandarra da, eta zer esan nahi du horrek? Estandarra da edozein hizkuntza ikasten dugunean irakasten diguten eredua, komunikabideetan eta literaturan, oro har, erabiltzen dena. Hori da estandarra, hori da batua.
Gaztelaniak badu batua, frantsesak, italierak... asmatutakoa, neurri batean. Kontua da, euskararen estandarrak oraindik 50 urte ere ez dituela, eta aitatutako beste hizkuntza horiek mendeak daramatzatela euren estandarrak eraikitzen. Eta beti izan dute estatu bat atzean; izan ere, estatuak bultzatzen duen hizkuntza da estandar bihurtzen dena. Ez ahaztu, duela gutxira arte estatua zela gehien idazten zuena. Eta gogoan izan behar dugu hezkuntza, beti eskatuaren eskuetan. Eskolak ezartzen duen eredua hori ere estandarra bihurtzen da.
Tira, baina Euskaltzaindiak 68an Arantzazun egin zuena izan zen estandar horren oinarriak jarri. Oinarri horiek ortografia, aditza eta deklinabidea dira. Besterik ez, eta hainbeste!
Baina hiztegia ez. Hiztegi guztia da batua, nahiz eta gure auzoan baino ez erabili berba hori. Esan zein erran, ireki zein zabaldu, piztu zein isiotu... denak dira batua. Batzuk hedatuago daude, beste batzuk gutxiago erabiltzen dira, baina guztiak erabil genitzake batuan dihardugunean.
Horregatik, batuan idazten dituzuen testuetan zuen herriko euskarako hitzak ere txerta ditzakezue, indarra eta kolorea emango diote, eta euskara aberatsagoa erabiliko duzue. Koloretsuago aberatsago...zer gehiago eska genezake?