Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Zatiak batzen

Zatiak batzen

Leire Narbaiza 2012/10/10 23:57
Bihotz apurtuak

Edade batera ailegatuta, nahi baino gehiagotan apurtu digute bihotza. Batzuetan krak eginez, zauri sakon eta mingarria eraginda, gaitza dena osatzeko, orbaina lagako diguna betiko. Barruraino sartuta eztena, sortzen duen zuloari odola dariola egongo da luzaroan. Minsor-minsor, hortxe izango dugu beti.

Beste batzuetan, sarriago, bihotza printzatu egiten da, automobiletako aurreko kristalak bezala, zeharo txikitu barik, oreka ahulean, edozein ukiturekin milaka puskatan amiltzeko prest.

Besteetan, apurtu beharrean, arrakalatu egiten digute, ez da birrintzen baina markatuta geratzen zaigu, txikitan lisaburdinarekin eskuan egindako errea bezala: estua, meharra ia ikusezina, baina beti hor dagoena gogorarazteko zein erraz ematen diguten min.

Maizago, bihotza makestu egiten digute, akastu, mailatu txikiak baino ez dizkigute eragiten, izekoren baserriko portzelanazko kikara eta katilu zaharra balitza bezala, betiko makatu eta kamertua.

Horregatik askotan gure bihotzak belaunen itxura hartzen du; izan ere, belaunok gure umetako jauste guztien lekukotasuna baitute, urratuak lagatako aztarnak, mapa bihurtuta. Beste batzuetan konbatea amaitu duen boxeolari baten aurpegia dirudi: ebaki egin berriak, odoletan, ubelduak, hanpadurak, jipoitutako gorputz sufritua.

Kolpeek, batzuek zein besteek mina eta samina eragiten digute. Jakina, txiki-txiki eginda, birrinduta dagoenean da latzena. Baina kolpe txikiek ere zauritzen dute, uste duguna baino gehiago. Sarritan espero ez genituelako, dezepzioak eta desilusioak baino ez direlako izan.

Agian, mingarriagoak izan zaizkigu mailatu hauek bihotza gogortuta, gotortuta eta sendotuta geneukala benetan pentsatzen genuelako. "Berriro ez zait pasatuko" amorruz oihu egin genuelako…

Atzera ere bihotz eritua, berriro ere kola bila zatiak jaso eta itsasteko, indartuko den esperantzan…

Baina ez dago sentimenduak korazatzerik, nire aurretik poeta handiak konturatu ziren bezala, eta nik baino hobeto deskribatu zuten legez

etiketak: udazkena, Txargainen
Jon
Jon dio:
2012/10/11 06:26
Testu ikusgarria,zinez,goiz jaiki eta halako urrehitzak irakurriz...ua,ze eguna heldu den! Zori on!
leire
leire dio:
2012/10/11 14:59
Aupa, Jon!
Ez dakizu zelan eskertzen ditudan zure berba horiek! Korreoa zabaldu eta horrelako erantzun bat jasotzeak, bihotz zati guztiak bat-batean batu eta, berez, isatsi zaizkit, erabil nezakeen lekedarik indartuena, benetan!

Goiztxo zabiltza, ezta? kontu hauek irakurtzen! Pozten naiz eguna hasten lagundu izanaz!

Mila esker! Laztan bat!
 
Ni neu
Ni neu dio:
2012/10/13 12:49
Oso polita eta sakona. Asko gustatu zait. Heldu da nire bihotza apurtuta dagoenean. Horregatik gehiago balioztatzen dut. ESkerrik asko!.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua