Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Zaharren zaintza eta nerabeen sexu abusuak

Zaharren zaintza eta nerabeen sexu abusuak

Leire Narbaiza 2017/01/31 15:01
Gipuzkoako Hitza-n 2017ko urtarrilaren 27an argitaratuta

Irmarekin topo egin nuen lehengo egunean, aspaldiko partez. Luzaroan egon ginen berriketan kalean. Irma ikasle izan nuen orain hamabost bat urte. Zoritxarrez, gaztelaniaz jardun genuen, ezin izan zuelako aurrera egin, familiari lagundu behar izan ziolako. Irma kolonbiarra da, eta interna dabil lanean, zaharrak zaintzen. Neska azkarra eta bizia den arren, triste samar ikusi nuen, eta lanarekin kokoteraino zegoela aitortu zidan.zainketa

Kontua da, hainbeste urte emanda lan horretan oso nekatuta dagoela. Batez ere, langile horiei baldintzak okertu egin zaizkielako. Nola ez, bada, denon egoera gaiztotu denean, eta eurak gure piramidean azkenak badira? Atzerritarrak, emakumeak, zaharrak zaintzen,... osagai guztiak ahaztuenak izateko langileriaren munduan.

Erreta dago, baloratuta ere sentitzen ez delako. Bai zaindutako nagusiak, bai familiarendako bere lana egonean egotea da, jesarrita besaulkian telebista ikusten. Hori da duten ikuspuntua. Baina iritzi hori dutenek ez dituzte kontuan hartzen behargin horien betebeharrak. Zaintzen duten nagusiaren etxea daramate: garbiketa, jatorduak, gobada, konponketen ardura, errekaduak,.... Horretaz gain, jagoten duten pertsonaren ardura osoa; zaintza ez ezik, lagun papera ere egiten dute, paseatzera atera, konpainia egin etxean, berba egin eurekin, kariñoa eman. Hori egunean 24 orduz eta askotan astean 6 egunean. Bertan egotea egonean ere lana da, hala ikusten ez badute ere.

Askoz gauza gehiago ere esan zizkidan, baina hemen ezin esan. Zaharren egoitzez ere egin genuen berba, eta halakoetan ikusitakoaz ere ibili ginen berriketan: askok ez dutela nahikoa jende lanerako, zaharrak telebistaren aurrean jartzen dituztela pertsonala ezinean dabilelako, eta hori bertan bizi direnak dirutza pagatzen dutela.

Irma agurtu ostean, etxerako bidean buelta asko eman nizkion esan zidanari. Gure gizarte honen krudeltasuna, zaharrak eta migratzaileak sozietatearen marjinetan dauden sektore bi elkartu eta biei arazoak konpontzen dizkiolakoan ikusezin bihurtzen ditu eta horrela, zokoratu.zahar bikotea

Hori guztiori nerabilela buruan, ideia lotura bitxia otu zitzaidan. Zaharren zaintza eta adingabekoei egindako abusu sexualak. Abusu sexualak izan dira denon ahotan egunotan, eta esango nuke badagoela erlazioa gai bien artean.

Abusu kasuak denon ahotan ibili dira. Gipuzkoako Mendizabal apaizarenez gain, Leioan dagoen Opus dei-ren Gazteluetakoaz hitz egin da, baita Kote Cabezudoren auziaz ere (hau gutxiegi). 

Asaldatu egin gaituzte; niri neuri, batez ere, Berrian biktima batek egindako kontaketak. Predatzaile baten jokaera azaltzen zuen. Higuina eta horrorea eragin zizkigun. Hala ere, ez gintuen harritu, gutako hainbatek horrelako abusuak entzunak geneuzkalako. Botere egoera batean daudenek egindako erasoak, gazteago, eta euren pentzuan lagatako nerabe zaurgarriei eragindakoak. Ikaragarria!

Bitxiki lotu ziren neure buruan nerabeei eragindako abusu sexualak eta gure zaharren eta euren zaintzaileen bazterketa, eta sozietate honen irudi penagarria marraztu zidaten. Zer gizategi klase dugu, ahulenei erasotzen diena? Nazkagarria, hitz baten. Zaharrak eta umeak zaintzen eta babesten ez dituen gizartea, gizarte ustela eta krudela da!

Hemen Gipuzkoako Hitzaneliza barru bat


Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua