Ustezko
Albistegiak delituz eta salaketaz zamatuta iristen zaizkigu begi-belarrietara. Urliak lapurretan egin omen duela; ustez Sandiak iruzur egin diola ogasunari... Omen, ei, bide, ustez, antza, itxuraz, dirudienez, agidanez, nonbait.
Hanka-puntetan dabiltza kazetariak inor ez mintzeko (beti ere euskalduna ez izatekotan mindua). Edota demanden beldurrez, sekula ez dago jakiterik-eta.
Ustezkokeria hau, baina, hedatu egin da; behar ez zen lekuetara, gainera. Ustezko bortxaketa, eta ustezko eraso sexuala errepikatzen dituzte mantra baten moduan. Ustezkoak atxilotutakoak dira epai batek kondenatu arte; ez, ostera, delitua, sekula ez ustezkoa. Halakorik ez da gertatzen lapurretekin, esate baterako. Salatutako lapurretak lapurreta dira, eta kitto!
Beraz, ustezko erabilita zalantza jartzen da erasoa eta emakume salatzailea. Andrakumeon berbak ez duelako balio, poliziak berak norbait atxilotu arren. Komunikabide askok ez digute sinisgarritasunik ematen andrazkooi halako denuntzia bat egiten dugunean. Antzina ere ezin ginen epaitegietan lekuko izan, adibidez. Historikoki emakumeen esana gutxietsia. Beti, antza, justiziaren izenean. Itxuraz, egiaren mesedetan, emakumeok ustezko gezurtiak baikara.