Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Udako trantze latzak

Udako trantze latzak

Leire Narbaiza 2019/09/16 12:10
Gipuzkoako Hitzan 2019ko uztailaren 19an argitaratua

Uda bueltan trantze gutxi izango dira bainujantzia erostera joatea bezain latzak. Normalean, sasoi hasieran egiten da erosketa hori, eta, horregatik, zuri-zuri egoten gara, negu osoan arropapean ezkutatutako azala guri eta bizigabe bezala egoten delako. Probagelan sartu, arropa erantzi, eta hondartzarako janzkia jantzita ispilu aurrean, tente, gure gorputzak dituen inperfekzio guztiez jabetzen gara: irten zaizkigun girgiloak, irabazi dugun tripa, nabarmendutako barizea, azaldutako azal-ildoak, haragi eroriak… Zelan erosi horrela hondartzarako ezer? Gainera, depilatu barik joanez gero, akabua! Argentinara ospa egiteko gogoa pizten da, udarik berriro ere ez bizitzeko.

Jakina, bigarren trantze latza izaten da erositako bainujantzi hori soinean dugula hondartza edota igerilekuan luzitzea! Batez ere inguruan ezagunak badaude. Lehenengo momentu hori itzela da, zeren probagelan, bakarka, ikusitako guztiak hortxe jarraitzen du —agian, depilatuta gaude, baina beste dena bere horretan dago—. Gure gorputzaren miseriak agerian publikoki, begiradapean, epai zain.

Batek baino gehiagok drama hori guztiori irakurrita pentsatuko du arazo gutxi ditugula, lehenengo munduko problemak direla horiek, eta bainu-sasoiko kontuez karaktereak alferrik galtzen nabilela EAEn pobrezia %46 hazi denean hamarkada baten —hari izugarri argigarria egin zuen Jule Goikoetxeak Twitterren, benetan irakurri beharrekoa—. Itxura kontuekin dihardudala euskal oasiko 130.965 biztanle benetako pobrezian bizi diren bitartean.

 

[EUSKAL OASIA]
1) Etorkizunean pobrezia, batetik, eta enpleguaren polarizazioa, bestetik, handituko da: kualifikazio handiko enplegua eta batez ere "inolako" kualifikaziorik behar ez duen enplegua geroz eta ohikoagoak izando dirahttps://t.co/xyCj3hqz47

— Jule Goikoetxea (@JuleGoi) July 12, 2019

Bai, fribolitatea da, handia. Baina nago guztia sistema beraren isla dela. Sistema bihozgabe bat, non gure gorputzek ere lotsa eman diguten. Naturala dena, ukatu. Gorputzak zein bizimodu duina. Kontentagaiztasun etengabean bizitzeko, menpekotasun absolutua helburu duena.

Kontua da gorputz-perfekzioa eskatzen zaigula, kanon batzuen araberakoak izan behar dugula. Hori ezinezkoa da, ordea, perfekziorik ez dagoelako. Gainera, perfekzio hori azalutsa da, itxurakeria, besterik ez. Hala eta guztiz ere, zeharo barneratua dugu, eta helburu hori lortze aldera, denetatik egiten da. Gurpil zoro baten sartuta gabiltza, imajinaren erresuman murgilduta, beti asegaitz, beti ezinean eta lotsatuta. Beti eredu anker horren esklabo.

Gobernatzen gaituen edertasun kanonak menpeko gauzka, eta sakon-sakonean eragiten digu, zeren onartua izateko kanonera ahalik eta gehien hurreratu behar dugun. Jakina, beteezina denez, geure buruarekin gustura ez egotera garamatza, insatizfazio hutsera, beti deseroso, gauza terribleak egitera. Esate baterako, naturalak diren ileak, arbuiatu eta erauztera modu biolentoan, mina jasanda. Izan ere, luzitzeko sufritu behar da leloa oso barneratua dugu, eta luzitze aldera —kanonaren barruan, betiere—, dena da onargarria.

Onargarria dirua gastatzea tratamendu, krema eta abarretan. Kanonak atzean duena kontsumoa delako, gastua eta enpresa batzuen irabaziak gure lotsen kontura. Sistema bete-betea, pobretzen gaituena, eta kontsumoaren sorgin-gurpilean prekaritatera bidaltzen gaituena. Konbo perfektua!

Eta laster txanda eskatu behar dut depilatzeko, hazten hasi zaizkit-eta ileak. Ai, ene!

Gipuzkoako Hitzan

Gari
Gari dio:
2019/09/17 09:37
Gai hau azaleratzea ez ote da kontraproduzentea Leire? Esan nahi dut arazoa ez dagoela gorputzaren jabearengan, epaitzen duten begietan baizik. Norberak bere gorputzean hainbeste "akats" ikusten baditu epaile bihurtu eta sistema indartzen ari da. Bestalde, egongo dira bereziki akonplejatu gabekoak, zure zutabea irakurri eta "arazoaren" kontzientzia pixka bat gehiago har dezaketenak (zentzu okerrean).

Nola zen "aprecio" eta "desprecio" zituen esaera hori?
Leire Narbaiza
Leire Narbaiza dio:
2019/09/24 01:25
Ez dut uste, ba! Epaile bihurtu gaituzte txikitatik, eta ez dut ezagutzen emakumerik epaiketa horren pean ez dagoena, askatzea badago ere. Presioa demasa da. Uste dut jakinarazi behar dugula nolakoa den presioa hori.
Ez dira konplejoak, "inperfekzioen" konpilazioa baizik.
A, eta lehenengo pertsonan idatzita egon arren, dramatizazioa da, ez naiz neu, geu gara!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua