Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Tomate-saltsaren afera

Tomate-saltsaren afera

Leire Narbaiza 2019/08/22 15:19
Udako misterio txikia

Abuztu honetan, oporretan, gauza bitxi bat gertatu zait. Jatorduak prestatzeko aukera izanda, eta etxetik ia guztia eroan arren, beti falta da zeozer. Kasu honetan, arroza kubatar erara egiteko tomatea ahaztu! Pote bat erosteko asmoarekin dendara joan nintzen.

Inguruan janari denda bakarra zegoen, txikia, udatiarrendako supermerkatutxo bat. Ez dut esan, baina mugaz beste aldean nengoen, Frantziako errepublikan. denda txika izan arren, ez nuen aurkitu tomate-saltsarik, tomate frijiturik. Ezta tomate natural kontserbarik ere. Dena zen tomate boloniar erara, napolitar erara, tomate arrabiata... Italia oso presente apal zati hartan, baina arrozarekin nahasteko, ez oso egokia.

Arraroa egin zitzaidan, baina pentsatu nuen super txiki bat izanda, produktuak falta izatea normala izan zitekeela. Baina irudipena nuen zeozer arraroa zegoela.

Jakina, ikertu nahi nuen (eta arroza prestatu). Beraz, hurrengo egunean, herri batera joandakoan, zentroko beste denda batera joan nintzen. Hau ere ez zen oso handia, baina eguneroko premiak asetzeko baino askoz gehiagorako ere bazuen apalategietan.

Saltsen atalera jo, eta han aukera oso zabala, baina tomate-saltsarik ez! Italiako guztiak, baina tomate frijiturik (edo naturalik kontserban) ez! Aurkitu nuen bakarra tomate coulis bat izan zen, zati barikoa, behar nuena ordezka zezakeena.

Tomate-coulisa

Bada, erosi eta kozinatu nuen arroz hura. Egia esatera, ez zuen esperotako gustua, baina ez zegoen gaizki.

Halere, kontuak kuriositatea piztu zidan. Ez nuen ezer ulertzen. Guretako tomate egina (gurean horrela esaten zaio) eguneroko jakia da –hozkailu-hondoa modaren hizkera erabilita–, ia edozein plateretan agertzen zaiguna, goarnizio. Oso tradizionala, plater askotan erabiltzen den osagaia, gainera. Intrigak gora egin zidan.

Betikoa da tomate egina gurean, amamak udazkenero prestatu, potetan sartu, eta kontserbak egiten zituelako urte guztirako: tomate egina eta piper erreak. Bizitza guztiko kontu bat. Baina norbaitek esan lezake: zer da bizitza guztia? Beharbada, lehenago ez zen halakorik egiten-eta.

Horretarako ere amamaren historia bat daukat, beti kontatzen ziguna tomate-entsalada jatean, batez ere. Baserrikoa zen, baina aita marinela, munduan zehar ibilitakoa lanean, eta beste mundu bat ere ikusitakoa. Birraititak tomatea gordinik jaten zuen, eta sekulako higuina eragiten zien gure amamari eta familiako beste kideei, eurek beti kozinatuta (saltsan/frijituta/egina) jaten zutelako. Beraz, ez da atzo goizeko kontua tomate-saltsarena.

Hori guztiori buruan jira-bueltaka nerabilen hipermerkatu bateko tomate apaletara joan nintzenean, jakin-nahia asetze aldera. Eta harridura handitu baino ez zitzaidan egin. Eskaintza oso zabala zen, italiarra, ordura artekoa berretsi baino ez zidana egin. Halako baten, bazter batean "tomate frito" etiketa zuten flaskoak aurkitu nituen, gaztelaniaz etiketatuta, denak marka espainiar ezagunak zirelako.

Orduan nire galdera da tomate saltsa hutsa produktu espainiarra da? Estatu espainiarrean gurean beste erabiltzen da? Hego Euskal Herrian askotan jaten bada ere, Iparraldean produktu arrunta da? Ala piperradarekin nahikoa dute?

Norbaitek "tomate-saltsaren afera" honetan lagundu baliezadake, benetan eskertuko nioke!

etiketak: Uda, janariak
Oier G
Oier G dio:
2019/08/22 17:53
Zure galderia zuzenian ezin dot erantzun, baiña igual interesauko jatsuan datu bat emongotsut, zure ikerketian osagarri edo. ;-)

Nere andrian gurasuak (oiartzuarrak, 1935 inguruan jaixotakuak) kontatzen zeben, gaztetan, ez zebela tomate gordiñik jaten. Errenterixara-eta etorrittako extremeñuak bai, ostera: entsaladiari tomate gordiña botatzen zetsen, eta eurengandik ikasitta hasi zirala jaten gaur egunian hamen korrientia dan entsaladiori.

Arto garaua be, bardin: animalixen jatekua zan. Artua eixota baiño ez zeben jaten pertsonak. Gaur egunian be, basarriko jentiari artodun entsalada bat emon, eta jangotsue, baiña muzturra okertuta. ;-)
Oier A.
Oier A. dio:
2019/08/23 15:51
Tomate frijitua! Geu be Europara tomate frijituz (Errigoranak aurten) ondo kargatuta etortzen gara. Arroza, hegaluzea, makarroiak... Europan oso zaila da tomate frijitu "normala" topatzea, Gehienetan guretzat ez-ohikoak diren espezie eta zaporeak dituzte.

Tokaioak aipatzen duen artoari buruz, bikotean osaba bat etorri zait burura, baserrian jaio eta hazitakoa hura ere, entsaladan arto alerik sumatuz gero altoa botatzen zuena: "Ee-te-te, ollo-janik neri ez, e!".
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua