Tipi, tapa
Tipi, tapa, tipi, tapa, ko-rri-ka
Tipi, tapa, tipi, tapa, ko-rri-ka
Tipi, tapa, tipi, tapa, ko-rri-ka
Tipi, tapa, tipi, tapa, ko-rri-ka
Tipi, tapa, tipi, tapa, ko-rri-ka
Malko traidore batek ihes egin dit tipi, tapa bakoitzarekin. Ezin izaten diot eutsi. Korrikaren kontuekin edozein hedabidetan hasten direnean, hantxe dago traidorea, emozioaren lekuko. Zergatik? Ez dakit. Izan ere, euskarak berak ere ez dit halakori sortzen, baina lasterketa zoro honek bai.
Esplikaezina zait eta sasoi batean lotsa ere eragiten zidan. Behin baino gehiagotan malko traidorea negar bihurtu delako eta uste nuelako niri bakarrik gertatzen zitzaidala. Badakizue, euskaldun estoiko eta hotzen estereotipo gezurrezko hori. Eta hara non jakin dudan sare sozialei esker, hala gabiltzala makinatxo bat malko traidoreari (edo negar kataratari) eutsi ezinda. Zaldieroaren tira baten aurreko Korrikan marraztu zuen legez: Egun hauetan hunkigarria da pentsatzea edozein ordutan, nonbaiten, zoro zoragarri batzuk euskararen alde korrika dabiltzala. Exprai-k ezin hobeto adierazi zuen txio horretan sentitzen duguna.
Era berean esplikaezina da argazkietan ikusten den jendearen aurpegiena! Zelako poza, zelako ilusioa! Ikusi duzue inor lekukoa eramaten eta serio? Ez, ez dago! arnasestuka badabiltza ere, ito beharrean, irribarre zabal ederra dute aurpegian! Zergatik? Ze endorfina klase jariatzen du lekukoak? Ze dopin ematen diete euskahaldunei?
Kontu gutxik sortzen dute Korrikak sortzen duen giro ona eta energia positiboa. Azkarregi pasatzen da gure begien aurretik, gure oin azpietatik. Eta asebeteta ez gaitu lagatzen, ase bidean baizik, baina gehiago nahian. Behar den moduan, enpatxatu barik!
Baina agian, sarritan, Korrikaren helburua ere, Korrikaren beraren sonak ostenduta lagatzen du: dirua lortzea. Izan ere, leku askotan helduen euskalduntze alfabetatzeak (eta altolatzen duen erakundeak, Aek-k) sostengu honen beharra du aurrera egiteko. Gure arloan, gure lanbide prestigio gutxiko honetan, inon ez gabiltza zoragarri. Baina, Nafarroan eta EH kontinentalean, batez ere, derrigorrean behar da zerbait euskaltegiek aurrera egin dezaten, euskalduntzea gauzatu dadin.
Nire ustez, emozio eta irribarreaz gain, dirua eta indarra emateaz aparte, euskara ikasteko eta hobetzeko inpultsoa ere izan beharko litzateke Korrika. Euskaltegiak betetzekoa, alegia. Hizkuntza indartzeko eta optimizatzeko. Darabilgun euskara makal eta errakitikoa, elikatzeko eta sendotzeko. Doakotasunaren bidetik, gaztelaniaren irakaskuntza EAEn den bezala, doan eta denondako, oztopo barik.
Horregatik nahiko nuke, hurrengo edizioak ez daitezela egin diru premiagatik edo beharragatik. Ez, euskara gozatua dela aldarrikatzeko baizik. Hizkuntza, Korrika legez, gozatzeko eta disfrutatzeko baita.
Eta antxitxiketan, lasterka, arineketan, arrapaladan, antxintxika, arin-arinka, harramazka, arrapaladan, harrapaka, lasterka, lasterrean, tarrapatan, abespeluan, galopan, karraderan takarradan, arrapataka, destajuan, arrapastaka po-li-ki, po-li-ki, beti.
Tipi, tapa, tipi, tapa, ko-rri-ka
Tipi, tapa, tipi, tapa, ko-rri-ka
Tipi, tapa, tipi, tapa, ko-rri-ka