Sintonia
Mahi baten inguruan, halabeharrak sei emakume (gazte eta heldu) elkartu ditu, ez dute denek elkar ezagutzen, zaletasun bakan batek eseri ditu mahi horretan, eta txinparta ezezagun batek piztu du garra, inoiz baino elkartuago sentitu dira, inoiz baino beteago.
Ezezagun bi, blogariak. Bizipen zeharo desberdinak, antzeko adina baina ez bera. Inguruabarra ere ezberdina. Bati bestearena gustatu, besteak batarena gogoko. Idazteko modu bi, baina bestearen idatzietan euren burua islatuta dute, esan nahi dutena beltz-zurian jarrita ikusten dutelako. Izkiraturik aurkitu dituzten euren postak...
Emakume bi, behin elkar ikusi, sare sozialetan komunikatzen segitu, bizitzako plano desberdinetan: lan egoera, adin, bizileku, interesak... topo egin berriz ere bizitza errealean eta klak, konfidente bihurtu.
Jakin barik zelan, kontaktatu, berba egin, konektatu, elkarren pistari jarraitu, proiektu bat sortu hutsetik eta begiratuta ia pentsamendua irakurtzea elkarri.
Sintonia esaten zaio horri. Batzuetan lotura ikusezin hori une baterako da, gerora berreskuratu nahi eta ezin. Besteetan betiko dago gurekin eta pertsona horrekin sendo lotzen gaitu.
Ez dakigu, baina, zerk eragiten duen, ez dakigu zein den pizgailua. Uhin frekuentzia berean jartzen gaitu zerbaitek eta konexioa sortzen da. Gure gogoek elkar errekonozitzen dute eta gogo bera dela deskubritu, kontzientzia unibertsal delako horren zati, gorputz anitzeko izaki bakarra sinisteraino.
Horregatik, sintonia aurkitzen dugunean etxean sentitzen gara, gure terrenoan, babesean, libre esateko eta egiteko, ulertuko gaituztelakoan eta onartuko. Burujabe, burugabe izateko, oso-osoan.