Sentimendu kontentzioa
"Mundua ez da beti jai, inoiz tristea ere bai” diosku Mendian gora haritza abestiak. Eta mila motibo egon arren kantatzeko alai, tristeak ere hamaikatxo dira. Hauetaz gutxi egiten dela berba begitantzen zait.
Bizitzak zaplazteko ederrak ematen dizkigu, eta egungo euskaldunok erreakzionatzen ez dakigula uste dut. Gaixotasuna eta heriotza tabu bihurtuta, pena eta negarra ezkutatu beharra dugu. Hori da gure patua. Halere, sentimen horiei begiratu eta aurre egin behar zaie.
Gaitza da, batez ere gure kulturan, eredua sentimenduei barruan eustea denean, erreprimitzea. Hor dator arazoa, inoiz inpostore ere sentitu izan gara batzuk, kontentzio giroan; hileta batean, esaterako.
Izan ere, oso-oso gertukoa ez bada hildakoa, ez dago ondo ikusia negar egitea. Gogo ikaragarria izan arren norbait besarkatzeko eta malkoei lasai atea zabaltzeko, ezin egin, ez ei delako gure estiloa.
Baina nork marka lezake pertsona batekiko dagoen afektua? Zirkulu gertukoenean egon ez arren, heriotza hori oso barruan senti genezake, pertsona maitagarria zelako, lagun ona, edota, beste barik, maite genuelako. Halere, begiak siku, bihotza gainezka gaude. Halakoengatik bakardadean negar egitea benetan da tristea, gero.