Segregazioa
Moja eskolan ikasitakoa naiz. 4 urtetik 14 urtera, azken zortziak neskak baino ez, Oinarrizko Hezkuntza Orokor (EGB) osoa, alegia. Oso oroitzapen onak ditut, politak. Gure artean bazegoen konplizitatea eta giro ona. Bihurriak ginen, eta beti zigortuta geunden. Hori bai, oso xaloak ginen. Batxilergoa egiteko beste eskola batera pasatu behar genuen, eta denok pozez zoratzen, uniformea alde batera lagako genuelako (12 urtez!) eta inguruko eskola guztiak, bat izan ezik, mistoak zirelako. Mutilekin! Zein ondo! Pozarren genbiltzan! Halere, hartu genuen desilusioa handia izan zen. Ia guztiak umetxoak ziren, eta ez zekiten gurekin harremanetan jartzen (agian, guk ere ez haiekin). Tira, ikastola eta eskola publikoetatik zetozenak (mistoak) horiek bazekiten gu tratatzen, baina fraide eskolatik zetozenekin, orokorrean, gaitza zen. Batzuek bultza egiten ziguten, edo bularretakoa askatzen saiatu klasean. Beraiendako neskok kontu bitxia ginen, eta ez zekiten nola jokatu gurekin.
Txikitatik, elkarrekin ikasi bagenu, ez dut uste horrelakorik gertatuko zenik. Arrunta izango ginelako elkarrendako neska eta mutil, ez bat-batean gure errutinetan sartzen diren mamorro erakargarriak. Ez dugu ahaztu behar hau guztiau hormonak dena emanda dabiltzanean gertatu zitzaigula. Oraindik zailago, nire ustez.
Badakit Ipar Europako feminismo korronte batzuek eskolan sexuak banatzearen alde daudela, uste dutelako emakume indartsuagoak sor litezkeela hala. Horrezaz gain, senitarteko batek urte luzez diharduenak umeen irakaskuntzan dio neskek, eurek bakarrik, etekin handiagoa aterako lieketela ikasketei. Agian horrela da, ez dut zalantzan jartzen, baina gero, bizitzan denok nahastatuta jardungo dugu eta hobe da hasieratik elkar ondo ezagutu eta hezkuntzak ezarritako generoaren estandar horiek apurtzea.
Argi dago Espainiako gobernuak segregazioa praktikatzen duten eskolei diru-laguntzak eman nahi izatea kalkulatuta dagoela, ezkutuan berdintasunari galga jartzeko. Ikastetxe horien ideologian ez dago ez genero-parekatzea, ez feminismoa. Ia guztiak Opus Deikoak edo antzeko sektetakoak baitira.
Polemika hortxe dago. Baina argi dago matxismoak ez digula meniarik eskainiko. Edozer egingo dute, barregarria bada ere. Esaterako, Wert kultura ministroaren ideia berria, Clan umeendako telebista kate publikoa bitan banatzea: Clan girls eta Clan boys. Horrela, marrazki bizidunak generoz banatuko dituzte! Sekulako astakeria! Zeren arabera egingo dute banaketa? Beti egon behar dugu «hau neskena», «hau mutilena»? Arrosa/Urdin etiketa eroan behar du guztiak?
Laster, neskei ez diete ile laburra eroaten lagako, luzea eta txoriekin! Sekula halakorik!