Puntua jarrita
Aspaldi batean Yop.yop-ek puntua jarri zidan bere erantzunean. Ez dakit nor den, inoiz ez baita identifikatzen. Garbi atera dudan bakarra izan da, euskara ikasten ari dela....Tira, harira! Duela hilabete batzuk erantzun bat laga zidan azkeneko post-ean, (eta ez póstean :-)). Hau zioen: "Berri bat zu komentatzeko:" eta url bat. Hauxe da berria: Frantzian euskara ondare kulturala izango da (lotura gaztelaniaz dago, horrela bidali zidalako). Eta aspalditik neukan erdi eginda, baina sekula ere ez amaituta. Orain da sasoia.
Iritzia eskatu zidan eta nik eman. Gainera, lotu nahi nuke beste hiru gauzarekin: Eustaten euskaldun kopuruaren neurketa, erabileraren neurketak eta gaztelaniaren aldeko manifestuarekin.
Frantzian euskarari, eta beste hizkuntzei (bata alemana da, gutxitua Frantzia, baina guztiz normaldua Alemanian) ondare izendatzea ondo deritzot; pausotxo txikitxo bat da bide egokian. Baina ez nahikoa. Everestera joan nahi duenak Eibar-Bilbo autobusa ordaintzeko nahikoa diru lortzea bezalakoa litzateke. Bidean, bai; aireportura iritsi berri, hala ere. Hainbeste falta da! Kontuan izan, Frantziak ez duela oraindik sinatu Europako hizkuntzen gutuna, eta hasierako erreforma zabalagoa izan behar zela. Estatu horrek kezka handia du bere "nazio-hizkuntza"-rekiko,
Euskararekin hipokrita jokatzen du hainbatek. Patxi Lopezek, adibidez, bere eta Ibarretxeren euskara mailaren gainean galdetu ziotenean, esan zuen berak ez zuela Ibarretxek beste urte izan lehendakaritzan ikasi ahal izateko. Nire iritziz hori euskaltegietako ikasleenganako errespetu falta ikaragarria da, euskaldungai horiek jo eta sua dihardutelako ikasten lehendakari izan barik. Orain egunean hiru ordu klase hartzen omen ditu. Duela urte batzuk ere irakasle partikularra eduki zuen, eta makinatxo bat piper egindakoa zen, bere jarioak argi lagatzen duen moduan.
Politikariena, baina, mundu aparte bat da: lotsagarria, iraingarria eta errespetu bakoa gure ikasleekiko, eguneroko esfortzua egiten dutenenganako kontsideraziorik ez dute: exijitu bai baina eurak ezer ez. Ibarretxek salbu. Robokop da berbetan, baina gaztelaniako bere jarioa ere ez nahiko errobotikoa da. Eta ikusiko dugu zertan gauzatzen den gainera datorkigun gobernu berria.
Beste alde batetik, esan nahi dut, hiztun kopuruak gora egin duela nabarmen, baina erabilera antzera mantentzen dela. beraz, behera egin duela esan dezakegu: hiztun gehiago eta erabilera estankatua, gehiagok erabiltzeko aukera, gutxiago erabiltzen dute, hortaz.
Milioi bat ei gara euskaldunak. Ez da gehiegitxo? 3tik batek euskara daki? Erribera, Ezkerraldea, Araba eta Iparraldea kontuan hartuta? Horrek esan nahi du beste leku batzuetan ikaragarria dela dakitenen kopurua, eta nire pertzepzioak diosta hori ez dela egia, kafesnetan joatea beterik ez duzue!
Gure hizkuntza txikiak buruko min handia ematen die. Ez dakit zergatik. Baina PP ere duela gutxi ahalegindu da hizkuntza minorizatuen kontra egiten Europako parlamentuan. Ez dakit zer-nolako enbarazua egiten diegu. Behin eta berriro dioskute aukeratzeko askatasuna zapaltzen dugula. Guk, txikiok, hainbesteko indarra ote daukagu?
Baietz sinistu nahiko nuke indarra daukagula, baina gero eta konbentzituago nago eurendako gaitza garela, gure hizkuntzak aurrerabidearen aurkaritzat dauzkatela eta gu ezgai gizajo eta salbatu beharreko pertsonatzat. Dena dela, berba hauek nik baino lehenago Ruper Ordorika handiak jarri zituen kantu batean, jakina, nik baino hobeto:
Egin kontu
Bost mila zazpiehun
kultura ezberdin
desagertu dira historian.
Esaten dutenez
aurrerabidea
elkar jan horretan
oinarritu da mendeetan zehar.
Beraz ez larritu
izan jakintsu
orpoa erakutsi
aurrerabideari.
Jarraitu egiozu
asko dakienari
behingoz utziozu
baldar izate horri.
Gabiltza hainbeste
nor gara gu
zer gara gu
euskotarrak gara gu
Ez dela egoki
egunak ematea
zilborrari begira
munduan zentroa bagina
Ez dela zilegi
insolidarioa ei da
traban ibiltzea
ezberdintasun kontuekin
Diru kontua dela
autokonplazentzia
atzerakoia
txokoan bizitzeko gogoa.
Gabiltza hainbeste
nor gara gu
zer gara gu
euskotarrak gara gu
Ez baita ahaztu behar
kultura guzti horiek
zirela traba hutsa
delako progreso horrentzat.
Ez baita ahaztu behar
bost mila kultura
desagertu horiek
ezin dira okerturik egon.