Posturak
“Jokoa ez da errenta” entzun dut txikitatik etxean. Amamak historia beldurgarriak kontatzen zizkigun posturen gainean; frontoian baserria jokatu zuen gizonarena, adibidez. Beti imajinatzen nuen gizona etxera itzultzen, emazte eta seme-alabei esaten bizilekua eta bizibidea abandonatu behar zutela. Gurdi gainean ihesi, lau trepetxu eta piltzar batzuk jasota irudikatzen nituen nire buruan, film negar-eragile askotxo ikustearen ondorioz. Baina beti jartzen nintzen andre horren larruan, zein latza izan behar zuen ganorabako batengatik ordura arteko bizimodua alboratu behar izatea.
Antzinako kontua dirudi honek. Egia da gaur egun estanpa hori ez dela existitzen, baina ezin ahaztu posturak zenbaiten hondamendia direla. Jokoa arazoa da askorendako, eta orain askoz eskuragarriagoa da lehen baino. Ugaritu egin dira joko-aretoak, tabernetan apustu-makinak daude, internetez ere joka liteke erruletan, ordu txikietako telebista saioak ere eskaintzen dute trabes egitea.
Beti aberastasun promesa faltsuekin, zoriontasun eskuragarria krisi sasoi larri honetan. Droga moduko bat, menpekotasuna sortu samatik ondo oratuta eduki gaitzaten. Sistema honen beste tranpa bat; askatasun ekonomikoaren izenean, posturen esklabotza.
Kantuak esan arren bizitza tonbola bat dela, zorizko jokoak sekula ez dira errenta!