Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Plastikozko poltsak

Plastikozko poltsak

Leire Narbaiza 2008/02/29 16:30
Edozein egun haizetsutan gure paisaietako irudirik arruntena izaten da plastikozko poltsa bat (edo batzuk) hegan, Normalean, supermerkatu kate ezagun batekoak. Edozein paraje ezkututara joanda ere, han aurkituko dugu zorioneko plastikozko poltsa, botata. Uholdea izan denean ere, erreka ondoko arboletan milaka poltsa gelditzen dira kateatuta. Eta gure etxeak? Plastikozko poltsaz josita daude merkatuko kolore, forma, kalitate eta tamaina guztiekin.

Gordon Bronwek, Erresuma Batuko lehenengo ministroak eskatu die supermerkatuei poltsak doan ez ematea, horrela gutxituko direlakoan. Frantzian, esate baterako, 2010erako desagertu egingo ei dira dendetatik. Hemen ezinezkoa litzateke horrelakorik, denda txikietan nahiz hipermerkatu handietan nahi baino gehiago ematen baitizkigute, mesede egiten digutelakoan, eskuzabaltasuna erakutsiz. Horregatik, milioika poltsa dauzkagu etxean, produktuko bana, petrolioa kiloka gure erosketetan eta bizitzetan.
Askotan, dendako zoroa sentitzen naiz, azalpena eman beharrean, poltsa etxetik eramaten dudalako, ahal dudanean. Supermerkatuko kobratzaileak automatikoki egiten du edozein gauzatxo poltsan sartu, nahiz eta etxetik ekarritako poltsa erakutsi. Gertatu izan zait esatea “ez dut poltsarik nahi” eta dendaria tematzea, mesede egiten didalakoan: “mujer, ya la usar·s, para echar la basura o algo” nik ezetz, eta berak atzera ere ekin!.
Honekin lotuta, enbalajeak. Badakit aparteko post bat merezi dutela, baina ezin diot tentazioari eutsi. Batez ere harategi/urdaitegi produktuak aipatu behar ditut. Hor poliespan, plastiko, paper eta abarren orgiak ez du akaburik! 100 gramo saltxitxoi eskatu, eta paper-plastiko baten jartzen dute, ondo. Gero film garden batekin batu, eta ostean, toki batzuetan, plastikozko poltsa arruntean sartu. Zer da hori? Eta gazta fresko edo foie-gras zati bat eskatuz gero? Lehengo zatitu, gero bandejatxo zuri nazkagarri horietako batean jarri, ondoren plastikozko film garden horrekin batu, eta beroaren! bidez, itxi. Ostean, jakina, derrigorrezko poltsan sartu. Puaj!!! Jakingo bazenute poliespanezko bandeja zuri hiltzaile horiek ematen didaten higuina! Gainera horrelako produktuentzat eta beroa aplikatuz! Noski, horrelakorik ez jartzeko esaten diedanean martiztar bati bezala, bezero berezitxoa, arraroa. Beti horrelako irribarre bat jartzen didate, esaten moduan: “ondo, ondo. Horrela nahi baduzu, zuk ikusiko duzu zelan alferrik galtzen zaizun Burgosko gazta”. Beti nabarmen gelditu beharra ere, marka da gero!
Lehen esan dudanari jarraituz, Britainia Handiko lehen ministroak eskatutakoari dagoeneko erantzun dio supermerkatu kate erraldoi batek: ez dute jaramonik egingo, baina birziklatzeko guneak eta birziklatzea sustatuko dute. Zoritxarrez, birziklatzea ez da soluzioa, irtenbiderik merkeena eta egokiena poltsa gutxiago erabiltzea da, eta horretarako kobratu behar badira, ondo ikusten dut
Umea nintzenean poltsak kobratu egiten ziren, eta oso ondo zaintzen genituen. Askoz gutxiago zeuden, jakina, eta gure ama eta amamak erosketetarako poltsa edo karrotxoa erabiltzen zituzten. Gogoratzen dut, plastikozko poltsa hori —bost pezeta balio zuena!— ona eta egokia bazen, tolestu eta gorde egiten zela. Zikintzen bazen, urtean pasa eta berrerabili.
Amama Kipuletak egin du berba, baina gauza horietan antzinako kontuak erakutsi behar digute gaur egun nola jokatu, eta ikasi beste era batera ere ibil gintezkeela.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua