PISAren akuilua
Benetan diotsuet, albiste onen bila ibiltzen naiz haien gainean hemen idazteko. Horrela jardun dut ea zerbait pozgarria topatzen nuen, edo zer edo zer positiboa, sikiera. Eta ahalegindu banaiz ere, eta zantzu baikor bat agertu zaidan arren, azken aldiko notizia etsigarria gailendu zaio guztiari. Izan ere, tristea da benetan PISA txostenak EAEn izan dituen emaitzak.
Askotxok esango didazue Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak (OCDEk) sortutako probak direla, kapitalismoaren mesedetan eratutakoak, konpetentzia batzuk baino ez dituela neurtzen, sorkuntza eta imajinazioa alde batera lagatzen dituela,… Bai, egunotan aditu ditut halakoak nonahi. Baina halakorik ez nuen entzun, ez irakurri txostenaren emaitzak onak izan zirenean, edo behintzat, Espainiakoak baino hobeak irtendakoan.
Kontua da horrek ere ematen digula amorrua, euskal erdiko oasia ez dela hain oasi, alegia. Lehen edozein kontutan estatuaren batez bestekotik gora geunden; eta nahiz eta Europakotik urrun egon, espainiarren gainetik izateak urguiluz eta satisfazioz betetzen gintuen “zein onak garen” esanaz bezala, gainetik begiratuta beste estatukide guztiak. Hain izan zaigu amorragarria probena, ezen nafarren emaitza onei ia ez zaien erreparatu ere egin EAEn. Edo agian, gure tripako zilari larregi begiratzen diogulako autonomia erkidego honetan, euskaldun bakarrak gu garelakoan, ez dakit.
Baina lagunok, konturatu gara zertan atera dituzten hain emaitza kaskarrak gure nerabeek? Bada, irakurriaren ulermenean, matematikan eta zientzietan! Larria, oso larria. Betez ere irakurketa eta matematikakoa, oinarriak direlako beste ikasketa guztietan. Irakurtzen duguna ondo ulertu barik nola ikasiko dugu? Ezin! Matematikan oinarri sendoa izan gabe zelan egin aurrera formatzeko orduan?
Ezin dugu ahaztu jakintzak hanka bi dituela eta biak direla ezinbesteko, biak dira mundua ulertzeko lengoaiak. Utikan “ni letretakoa naiz”, “ni zientzietakoa”. Biak behar dira. Ez dago zientziarik ondo irakurri gabe. Ez dago arterik matematika bere barruan ez duenik. Ez dezagun ahantz 15 urteko ikasleei egiten zaiela proba, oraindik derrigorrezko beste urte bat dutela aurretik, eta gustatuko litzaigukeela gaztetxo horiek ikasten jarraitzea bai batxilerra, bai lanbide heziketa, bai goi mailako ikasketak,… eskola graduatua gutxiegi delako beti.
Jo dezagun, hala ere, gure gaztetxo horietako batzuek hamasei urterekin eta DBH amaituta, ikasteari uzten diotela. Zelan moldatuko dira bizitza errealean irakurritakoa ganoraz ulertzen ez badute? Gai ez badira eragiketa matematiko sinple bat egiteko? Iruzurgileendako biktima perfektuak izango dira, bizitzan tentuz ibili beharko dute.
Dena dela, uste dut emaitza hauek pizgarri izan behar direla, akuilu. Alerta piztu zaigu, joan gaitezen muinera eta indartu dezagun hezkuntza. Gasta ditzagun diruak gure umeengan, inoiz ez delako gastua, inbertsioa baizik. Bultza ditzagun gaztetxoak, ez diezazkiegun ebaki motibazioa eta gogoa. Imajinazioa eta ilusioa erein behar ditugu, zientoka.
Molda dezagun hezkuntza, egin ditzagun libre umeok, ahazten zaigulako euskaraz hezi hitzak bezatu eta otzandu ere esan nahi duela, eta haurrekin eskolan sarriegitan hori egiten dugula, zirkuko animaliekin bezala gure pistan eta guk jotako musikarekin dantza eragiten diegula. Aska ditzagun, gu ere libreagoak izango gara eta.