Opor egun hauen artean, Aberri Eguna dago. Inon jai ez dena, urtero jai baita. Bai, festa dugu Pazko igandea delako, eta gurea egutegi kristaua denez beti dago gorri almanakan. Beraz, Euskal Herriaren egun nazionala beharko lukeena inoiz ez da horrela agertzen lan hitzarmenetan eta abarretan. Ez da ofizialki existitzen. Adierazgarria da oso, gure errealitatearen isla gordina.
Esango nuke, ezkutatuta egoteak ere hainbati mesede egiten diola. Izan ere, Eusko Jaurlaritzan egon diren alderdi politikoei ez die inolako eragozpenik eragin, inongo konpromisotan jarri. Bai, imajina dezagun Aberri Eguna data konkretu batean dela, batzuetan igande baina besteetan astegun. Hala balitz, Euskal Autonomia Erkidegoko eguna izango litzateke, ikurrina EAEren bandera den legez? Orduko, EAJ ausartuko zatekeen data gureganatzen, ekarriko zizkiokeen kritika guztiekin (abertzaleen eguna baino ez da, baztertzailea da, herritar guztiak ez dira identifikatuta sentitzen…)? Tira, asmakeriatan ibiltzea litzateke hori, baina ziur naiz lasaitu ederra izan zela datarik aukeratu behar ez izatea!
Aberri Eguna Pazko domekan izateak ere badu beste kontu arraro bat. Data, eguna. Ez da zehatza, Aste Santua noiz den ilargi egutegiak markatzen baitu, eta, jakina denez, ilargiren zikloa hogeita zortzi egunekoa da. Horregatik mugitzen zaizkigu, zentzugabeki, udaberriko oporrak. Ez litzateke desegokia izango Pazko egun horretan zerbait garrantzitsua gertatu izan balitz: bataila irabazi edo galdu bat, independentzia aldarrikapena, matxinada hasiera edo bukaera, autodeterminazio bozketaren eguna, askatzailearen jaioteguna… Baina halakorik ez dugunez (ez bagara joaten abuztuaren hamabostera, Orreagako gudura, adibidez…), aberri eguna asmatu zutenek Berpizkundearekin lotzea erabaki zuten. Zergatik? Auskalo! Jakina, katolikotasunaren eragin eta menpekotasuna ukaezina da. Baina zerikusirik du Kristoren pizkundeak gurekin? Jesukristok aukeratutako herria gara? Jainkoaren erresuman gaude? Judutarren hamahirugarren tribu galdua ote gara? Ai, ama, sionismoak jango gaitu, jakiten badu!
Tira, txantxa gutxiago. Ez diot zentzurik aurkitzen data aukera honi. Are gutxiago gizarte laikoa aldarrikatzen dugunean. Zer on ekar liezaguke egun kristau honi lotuta egoteak? Badakit askorendako egun kuttuna dela, historikoki asko sufritu dela egin eta ospatu ahal izateko, eta makinatxo bat atxilotu, kolpe eta tortura jasan direla. Hala da. Baina, horregatik hain zuzen ere, egun hau indartzea nahiko nukeelako eta duen datari ez dela egokiena deritzodalako, beste data bat beharko genuke. Hausnarketa sakonaren premia. Eta gaurkoan dataz baino ez dut idatzi! Aberri, herri, nazio, estatu, nazionalismo, abertzaletasun eta herrigintzaz ez dut tutik esan! Horretarako ni baino prestuago eta prestatuagoak baitaude. Aberri egun on!