Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Parkeetako komeriak

Parkeetako komeriak

Leire Narbaiza 2012/09/18 13:07
Umeen guneetan sufritzen direnak

Sekula ez zait umeen parkeetako giroa gustatu izan. Zorionez, orain arte gutxitan ibili izan naiz jolaslekuetan eta beti nire lagunen batekin eta bere umeekin. Lagunarekin nindoanez, babestuta nengoen eta onartuagoa nintzen. Izan ere, parkeen ekosistema nahiko itxia da lehenengoz doan fauna edo flora berriarendako.

 

Orain, baina, nahi baino gehiagotan eman behar dut bertan denbora, iloba zaintzen ibiltzen naizelako batzuetan. Eta aitortu behar dizuet jasangaitza dela. Alde batetik, talderik eduki ezean, bankuan bakarrik egotera kondenatuta egoten gara ume-zaintzako free-lanceak, taldeetako batzuen begiradak jasotzen. Agian, hobeto; zeren, ba ote dago gauza aspergarriagorik ezezagun batekin haurren potito, fardel, kaka, askari eta loaz etengabe aritzea baino? Ez!

 

Jagondako umea oinez ibili arren, oraindik txikitxoa bada, beste fenomeno bat ere gertatzen da: bankoen okupazioa, setioa eta gotortzea. Bai, ondo irakurri duzue! Imajinatu, goiz iritsi zarete txintxaunetara, eta gustukoen duzuen jarlekua aukeratu duzue (gerizpetan dagoelako, parrapasetik gertu dagoelako, gogoak eman dizuelako,… nik zer dakit ba!) eta bertan utzi dituzue umearen poltsa, zuen txamarra, askaria, eta ondoan kotxea, banku guztia okupatu barik, jakina; baina bai espaziotxo bat hain zamatuta ez ibiltzeko haurraren atzetik gora eta behera. Halako batean, umeak askaria eskatu dizuelako, fardela aldatu behar diozuelako, jausi eta negarrez dagoelako,… hara non itzultzen zareten zuen jarleku horretara, eta topatzen duzuen koadrila batek okupatu duela osorik bertan jesarrita: zuen poltsa eta merienda ertz baten daude elkarren gainean edonola, eta txamarra ia lurra ukitzen! Hau gutxi balitz, okupek kotxea lekuz mugitu dute, eta beste kotxe batzuekin inguratu egin dute! Bertan gotortu dira eta baimena eskatu beharrean zaudete zuen gauzak jaso ahal izateko. Orduan, gaizki begiratu dizuete, nahiz eta umea besoetan negarrez duzuen! Gainera, beste eserleku baten bila aritu zarete eta libre dagoen bakarra eguzki begian dagoena izatea ere marka da, gero!

 

Kontatutakoa niri birritan pasatu zait, egia da, parke berean. Baina parke bakoitzak bere idiosinkrasia du, hori ere horrela da. Nik, adibidez, hiru parke “sufritzen” ditut eta hirurak dira desberdinak. Beharbada, hiru herritan daudelako, eta herriek ematen dietelako pertsonalitatea jolaslekuei. Ez dakit zer izan zen lehenago, arrautza ala oiloa; hala ere, desberdin jokatzen dute gure moduko jendearekin. Noizbehinkako zaintzaileontzat latzena eta bitxiena, dena dela, egunerokoek guri ez ikusiarena egitea da: iloba ezagutzen dute ikastolatik, agurtu eta berba egiten diote berari, baina niri jaramonik ere ez didate egiten, ondoan banago ere eta nitaz hitz egin arren “Ze ondo tiakin, e?”(Gainera, nola dakite umearen izeba naizela eta ez zaintzailea edo amama edo dena delakoa? Informazio guztia dute!) “Meriendatzen ari zera, maittia? Existituko ez banintz bezala! Hain ikusezina inoiz ez naiz sentitu!

 

Halere, gure txikitxoengatik itsuskeria horiek jasateko prest ere bagaude, eurek baitira guretzat garrantzitsuena. Baina parkekideak tratatzen jakin beharko genuke. Bestela zer ikasiko dute haurrek?

Elena
Elena dio:
2012/09/18 15:26
Leire, ikusezin hori egia da, ume batekin paseatu duen edozeini gertatu zaio. Ipuin polita dauka Julen Gabiriak hori kontatuz, "Nire aita ikusezina da".
Hala ere, niri parkeetan jasangaitzena egiten zitzaidana umeei zuzentzan zitzaien hizkuntza (eta baita ere tono mengela) zen: nahi dozu sumito? hartu bokadillo. Txiza daukazu? Eman patxito (edo abrasito). Jogurt de fresa daukazu. Jan platanito.


oier g
oier g dio:
2012/09/18 16:02
Beste aldetik be begiratu lajeiken: umia besuetan, leku premiñan, kerizpetako jarrileku guztiak motxilaz eta karroz beteta -jenterik ez- eta libre dagozen banko bakarrak, eguzkittan. Dudarik ez: motxila guztiak zzzzrrraaaaa baztarrera (lurrera ez), ni kerizpetan jartzeko. Acabaramos!
Oier Araolaza
Oier Araolaza dio:
2012/09/21 16:53
Parkeetako faunak jokoa ematen dau bai. Nik euki naban fase batian umiak libre ibiltzen zirala parkian, beren lagunekin jolasian, eta liburua eramaten hasi nintzan irakurtzeko, eta batez be, betiko konbersaziño lerduak ebitau ahal izateko. Etxian antisozial bat, umezain axolagabia eta holakuak nintzala esan zesten, eta arrazoia eukiko zaben, baina neretzat parkeko sasoi onena izan zan.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua