Ospitaleko egunak
Zonbi prozesio geldoa, atzera aurrera dabil; oinak txapinetan sartuta, arrastaka; karrajuan gora, karrajuan behera. Tantaz tantakoa adarretan zintzilik, esekigailua arrastaka eroanez, laguntzaile aspertuak alboan, pausu motelei ezin jarraituta, hizpide agortuta, helmugarik ez duen ibilbide aspergarria burutu ezinda.
Begirada galduek ez dute kristal osteko panorama ederra ikusten. Arrainontzi barruko arrainen legezkotxeak dira, bueltaka dabiltza zentzu barik, ikusle gabe, mikro-kosmos berean, kanpoan gertatzen ari denaz at, alderrai.
Segundoak, ordu; orduak, egun; denbora bete ezinda. Hurrengo jatordua noiz etorriko, dosia noiz berrituko. Inoiz kristalaren beste aldean egongo direla amesten. Zonbi izateari laga, zapatak jantzi eta noizbait, begietako argia isiotuko zaiela irrikatzen.