Oraina
Twitterren Iñaki Sotoren "Me cago en el V Centenario"ren artikulua eta Beñi Agirrek idatzitako erantzunaren harira @beataneko eta @itzalgune-rekin jardun nuen. Gure artean iritzi trukea izan zen, baina 140 karakterek ez dute nahikoa leku lagatzen testuok iradokitako guztia ganoraz adierazteko.
Horregatik, txio-txioka jardun eta gero, lagun biek zerbait idazteko esan zidaten. Euren agindua betetzen ahaleginduko naiz, beraz. Gainera, Luistxo Fernandezek dioen moduan, txioak haizeak daramatza. Hori dela eta daukazue begi aurrean gaurko posta. Gutxi gorabehera, horrelako zer edo zer botan nuen:
Alde batetik, Sotoren artikuluarekin nahiko ados nago. Agirrerenarekin, ez ordea. Nire iritziz, gaur egun hainbat tokitan garrantzi handiegia ematen zaio historiari. Iragana ez dugu ahaztu behar, ondo ikertu, aztertu eta gure umeei irakatsi beharko litzaieke polito. Baina orainean zentratu behar dugulakoan nago, etorkizunera begiratzeko. Sufritu dugu, ados, eta sufritzen jarraitzen dugu. Hori horrela izanda, zer egin genezake sufritzen ez segitzeko? Gu izateko? Geure buruaren jabe izan ahal izateko?
Uste dut gurean jarri behar dugula arreta, gure izakeran kontzentratu, hizkuntzan zentratu, euskaran, alegia; bera baita gure arima, gure izaeraren esentzia delako. Erregeak baztertu, mina alboratu. Zer garen ikasi eta zabaldu. Hori da gure eginkizuna egun. Orain zer garen eta zertan gauden.
Horregatik, eta atzera ere esan gura dut, gugan begiak bildu, indartu, osotu, elkartu eta aurrera egin; Antso Handia, Kondor legioa eta Garzon alboratuta; ahaztu barik, jakina.
Historia historia da, eta iragana. Gu oraina gara. Gurea etorkizunak izan beharko luke, ez historiak. Horretarako, elkar ezagutu beharko genuke, askotan topikoak baino ez dakizkigu-eta. Probintziakeriak, txisteetako izaerak, mesfidantzak alde batera laga beharko genituzke; tradizioa, folklorea, kantuak, aztertu eta ezagutu gure herria hezurmamitu kulturaren bitartez.
Nola? Elkartuz. Gehiago bidaiatuz. Geografia ezagutuz: Gipuzkoan, esaterako, Donostialdekoek pentsa ez dezaten Zarautzetik mendebaldera terra incognita dela. Edota Iparraldea Lapurdi Baxenafarroa eta Zuberoa izan daitezela, hiru herrialde ezberdin, ez frantximant taldea españulen begietan (eta gu ere ez gaitzatela español ikusi). Baita Araba Cadiz bezain ondo ezagutuz ere, berbarako.
Elkar ezagutu, nahastu, maitemindu, larrutan egin beharko dugu euskaldunok gure artean, lurralde arteko promiskuitatean. Orainaldian indarrak batuz, euskaratik eta kulturatik, jakina, prefosta :-) Begiratu barik alboko herrietan zer pentsatuko duten, gure artean fisikoki, mentalki eta zibernetikoki igurtzita. Elkarri irakurrita eta erantzunda, txioka, datsegit esanez, postak idazten, euskal (euskarazko) komunikabideetan informatuta, gure oraingo errealitatea ezagutzeko, etorkizunerako estrategia diseinatzeko, marrazteko. Eta mundua gure ikuskeraren betaurrekoekin ikusteko.
Lehentxoago idatzi dudan moduan, gurea etorkizunak izan beharko lukeelako, ez historiak.
Barkatu azkenengo esaldia gaizki jarri dut IZAN ZIRELAKO GARA, GARELAKO, IZANGO DIRA.