Gure nerabezaroan Norte y Sur izeneko telesail bat ematen zuten Espainiako telebistan, ia bakar hartan. Jatorriko izena, baina, North and South zeukan, eta AEBetako Sezesio gerra zuen oinarri. Oso famatua izan zen, epokakoa izateaz gain, super-produkzio horietako bat zelako eta protagonista ederrez ere hornitua zegoelako. Agian belaunaldikideren batek horretaz jardungo nuela pentsatu du, baina nahita izenburu hori jarri badiot ere, ipar-hego fenomenoaz hitz egin nahi nuke.
Hegoalde-Iparralde jarri izan banio, batek baino gehiagok gure planetan dauden desorekez mintzatuko nintzela pentsatuko zukeen; nola Iparraldeko biztanleok hegoaldekoen lepotik bizi garen, edota desoreka ekonomiko eta sozialak nolakoak diren. Ez, horretaz ere ez dut hitz egingo.
Irakurle ia guztiok, ostera, Euskal Herriko Iparralde eta Hegoaldeaz nabilela pentsatuko duzue —bai, badakit ez direla termino zehatzak eta Euskal Herri kontinentala/Euskal Herri penintsularra erabili beharko genituzkeela. Hala da, baina hainbeste hedatu dira, non zaila den ohitura aldatzea—. Oraingo berbagaia ez da hori izango, norte eta sur berariaz baitaude jarrita gaztelaniaz.
Honezkero batzuek asmatuko zenuten. Bai, horixe da. Azkenaldian zineman eta telesailetan zabaltzen dabilen ipar eta hego kontzeptuak; Ocho apellidos vascos filmarekin hasi zen furiada eta Antena3en Allí abajo telesailarekin segitu duena, alegia. Iparraldea EAE (País Vasco, Euskadi, Baskongadak… nahi bezala deitu) eta Hegoaldea, Andaluzia. Moda-modako gaia.
Hain da modakoa, ezen ETB2n eta CanalSurren artean reality show bat prestatu duten: Tú al norte, yo al sur. Bertoko batzuk hara behera joango dira, eta andaluziar batzuk hona gora etorriko dira. Helburua da hango eta hemengo giza taldeetan ondo uztartzea. Beldurra eta dena ematen dit pentsatzeak zein irudi eskainiko diguten harrera egiten dieten taldeek! Zelako topikoak erabiliko dituzten herri bien arteko desberdintasunak nabarmentzeko! Hori bai, dena erdaraz izango da.
Ikaragarria deritzot ideiari. Alde batetik, horrela planteatuta planeta desberdinekoak garela dirudigulako, sekula ere elkar ikusi bakoak, elkarren ezaupiderik ez dutenak. Halakorik! Gure artean makinatxo bat andaluziar dago aspalditik, hemengoak (eta hangoak) direnak, euskaldunak edo euskaldunen guraso direnak, GU direnak. Zer pentsatuko ote dute gure andaluziarrok? Hain bitxia izan ote zen esperientzia? Exotikotasunetik gutxi izan zuela esango nuke.
Bestetik, eta larriena deritzodana, Espainiako batasunari egiten dion mesedea, errefortzua. Izan ere, Euskal Herrian Hego eta Ipar (kontinental eta penintsular) bizkarra emanda bizi gara, elkarri gutxi begiratuta. Horrelako saioek, ostera, estatuaren muga barruetan gaudenok elkarri erreparatzea dakar, topikoetan bada ere. Hortaz, Espainiari adi, Euskal Herri barrurantz so egin beharrean. Hegoaldekoak garenok iparraldeko bihurtuta, Espainia iparraldekoak, alegia. Gure Iparraldea ahaztuta. Gure herriaren kohesio ahula trinkotu beharrean, disolbatzen Espainiako topikoen eremuan, atzera ere euren naziogintza etengabean.
Eta hau guztia euskal telebista delakoan, euskal-etik gutxi duena. Eskuetan dugun tresna alferrik galduta, TV3 eredu izan beharrean, Tele5. Zein pena handia!
¬.¬