Norberanismoa
Frankismoaren amaierako eta ondorengo urtetan asko eztabaidatzen zen sozialismoa, kapitalismoa, komunismoa, eta horrelako gauzez. Baina askok zion hemen zegoena 'norberanismua' zela: 'Lenengo norberana aurrera etara eta bestiak allakuidaos'" (Bergara aldeko Hiztegia)
Norberanismo betean bizi gara. Lehen ere hala zela baieztatzen digu aipuak, baina orain ageri-agerian geratu da: sutan probatzen da nolakoa den eltzea. Baina zer espero genezakeen? Autofikzioaren sasoian, askatasun indibidualak aldarrikatzea edozeren gainetik, neoliberalismo basatian. Ni-ni sasoia, baina ez gaztelaniazko esanahiaz, nerabe errebeldearen antza badu ere. Ni, ni eta ni. Ni, nire, niretako. Ego kontuak, eta ez nabil Deba ibaiaren adarraz. Ni naiz munduko tripako zila. Nik balio dudalako.
Baina zer gertatu da hain euskalduna den “gu” horrekin? Gure herria, gure etxea, gure ama… Hizkuntza tradizioa galtzeaz batera, gu-tik ni-ra egin dugu salto. Harrotzen gintuen “gure” hori desagertu egin da, eta “nire eskubideak” kezkatzen du norberanista; gure osasunak, ostera, ez.
Esandakoa, norberanismoa. Egoismoa, berba baten.