Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Nola aldatzen diren gauzak, kamarada!

Nola aldatzen diren gauzak, kamarada!

Leire Narbaiza 2012/03/24 00:40
Kintakoekin ahoa bete hortz!

Berrogei urteren bueltan zabiltzatenok jakingo duzue adin honetan jendeak zelako afizioa duen afariak eta bazkariak antolatzeko, aspaldiko taldeak elkartzeko asmotan. Nork ez du izan 8. mailakoen afaria, batxilergoa hasi zuteneko 25. urteurrena, umetako auzoko laguntxoen afari-merienda, ez-dakit-norako bidaian egindako taldetxoaren parranda,…? Ez dakigu zergatik, baina ohiko lagunez gain gure haurtzaro, nerabezaro eta lehenengo gaztaroko ezagun, kide eta lagunekin egoteko grin hori piztu eta indartu egiten da. Berrogeien krisia izango da, agian. Beharbada, bizitza-erdiaren sindromeak ikusarazten die antolatzaileei bizitza laburra dela eta kezka bako sasoietara itzultzea komeni dela, etorriko direlakoan.

Ez dakit horregatik den, baina festa hauek guztietara joaten naiz, batzuetan gogotsu, besteetan ez hainbeste. Izan ere, batzuk aspaldiko adiskideak dira, baina beste batzuk kide hutsak, eta batzuetan hainbeste aldatu dira, ezen ezagutu ere ez diren egiten.

Dena den, gehien harritu nauena ez da izan jendearen aldaketa fisikoa, aldaketa mentala baizik. Astebururo mozkortzen zena, behin baino gehiagotan koma etilikoraino, gaur egun kirolari sutsua da, eta besterik ez darabil ahoan. Abertzale sutsua zena, abertzale txepelen eskuetan dagoen erakunde bateko karguduna. Artista saltinbankia, betiko Eibarko gizon bihurtuta: "erronda hau, nire kontu". Kontzerturik kontzertu Euskal Herriko gaztetxe guztiak ezagutu zituena, eta punka erlijiotzat zeukana, lan-erreformaren alde berba egiten…

Belarriek entzun ahala, nire ahoa "o" letra egiteko gai baino ez zen. Horrelako batzuetan izaten dudan sentsazioa izaten da hitzordua nahastu dudala eta nire adinekoekin beharrean, gure gurasoen afari batean agertu naizela. Pena handia sentitzen dut horrelakoetan.

Pena horrek tristeziatik ere badauka, gure aurreko belaunaldikoen hizketa-gaiak errepikatzen ari gara, topikoak kopiatzen, rolak kalkatzen, ideia zaharrak pirateatzen… Freskotasunik barik, modernitaterik gabe, mundu zaharkitua birsortzen.

Baliteke ni izatea "berezitxoa", eboluzionatu ez duena. Akaso, berrogeita hamargarrenean zentzutuko naiz, eta helduaroan sartu. Edo, igual euren benetako izaera oraingo hau da. Batek daki!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua