Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Nire zapi palestinarra

Nire zapi palestinarra

Leire Narbaiza 2009/01/22 21:15
Armairuan daukadan benetako zapi palestinarraren historia.

Zapi palestinarra

Hona hemen zapien sarreka, palestinoa gain-gainean duela.

Orain hogei bat urte modan jarri ziren zapi palestinarrak. Ia denok geneukan bat. Egia esan oso zapi goxoa eta erosoa da: handia eta berogarria. Nik, benetan badiotsuet, samaren bueltan eta lepo gainean aparte, buruan eta gerrian lotuta ere erabili izan dut. Buru gainean, belarri sentiberak ditudanez, haize hotzarekin min izaten dut, eta zapi honek makinatxo bat bider lagundu izan dit babesten. Gerri bueltan ere, hotzagatik, edo antzerkiren baten...

Baina paineluaren historia ona da. Izan ere, zapi hau ez zen nirea, aitarena baizik. Ez pentsa Eustakio oso modernoa zenik janzten, bere sasoiko ia gizon guztien moduan, klasiko-klasikoa zen. Baina zapia opari ekarri zioten Palestinatik, Jerusalemetik, hain zuzen ere. Badirudi, bere lagunen bat Lur Santura (horrela dakar euskaltermek Tierra Santa) joan zela, eta Takiorekin akordatu, kontizu! Kafiya jantzita arabiarra emango zuela, gure aldeko ia narbaizatar guztiok oso beltzaranak garelako. Broma egitearren ekarri zion, buruan jartzeko moduan, kordoi beltz eta guzti. Seguru aski turistentzako dendaren baten egongo dela erosita, beltza ez baitago bordatuta, eta ia guztiak horrelakoak direlako. Lehen kalitate hobea zuten. Jordanian izan nintzenean, denak ziren bordatuak eta kolore guztietakoak zeuden. Ahizpari gorrian ekarri nion, oso polita benetan.

Eta horrela ibili zen bueltaka zapi hori etxean, nik berreskuratu eta kalera ateratzen hasi nintzen arte. Neguko osagarririk preziatuenetakoa zen: epela, erosoa eta modakoa. Halako batean, baina, armairuan geratu zitzaidan, erdi ahaztuta beste painelu, bufanda, pashmina eta fularren artean. Eta nik ezer botatzen ez dudanez, gordeta daukat sarrekan (kajoian), ateratzeko zain.

Egia esan "Vaya semanita"ko esketxek ez zidaten asko lagundu, hainbeste barre egin dutenez estilo horren kontura. Baina, berriro ere modan jarri denean, ateratzeko asmoa izan dudanean Israelek Gazaren kontrako esterminioari ekin dio, eta zapia errebindikazio bihurtu da. Horrela, berriro ere atzera egin dut, eta ez dut jantzi, pena handiz. Lotsa puntu bat ematen dit!

 Dena dela, nire zapia zahar dago, goxoa segitzen du izaten, baina urteak eta trotea nabaritzen zaizkio. Izan liteke, blogean idatzi ostean jartzea eta erabiltzea. Eta txartoegi badago, agian, ahizpari Jordaniakoa ostea....Erostea ez du merezi, denak kaskar samarrak dira-eta.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua