Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Monzon pastorala Bergaran

Monzon pastorala Bergaran

Leire Narbaiza 2011/09/18 22:25
Larraineko herriak emana

Bakoitzak bere perbertsioak dauzka eta nireetako bat lantzean behin pastoral bat ikustea da! Bai, disfrutatu egiten dut. Arraroa naiz, bitxia, badakit, baina zer egingo diogu, bada? Bakoitza bere zoroak bizi du!

Egia esanez gero, ulertzen dut jendeari aspergarria suertatzea. Baina jakin behar da zelan joan eta norekin. noski, beti nire moduko lagunekin joaten naiz, disfrutatzen dutenekin, bestela besteen kexak entzuteko, ez. Beti erosten dut libretoa, eta beti jarraitzen dut, ostantzean, ezin liteke jakin zein den zein, eta zertan diharduten. Eta eroaten ditudan azkeneko gauzak: umorea eta barre egiteko gogoa. Osagai horiekin, seguru ondo pasatzen dudala.

Ekainean-edo jakin nuenean Bergarara ekarriko zutela, ez nuen zalantza egin: egun horretan bertan izango nintzen: "Monzon" izan ala "Napoleon" izan. Behin etxera ekarriko digute, eta joan ez?

Hala, osagai guztiak egoki nahastuta, Seminarioko patioko karpan eman genuen arratsalde osoa antzerkia ikusten. Pastoral berezia izan zen; izan ere, bost bat kantu Monzonenak ziren, jakina, eta ikusle guztiok genekizkien. Beraz, taulagainekoek ez ezik, karpapeko guztiok kantatu genituen. Eta denok dakigu zein edarra den hainbeste pertsonak batera kantatzea zein ederra den!

Beste alde batetik, atipikoa ere izan zen hainbat dantza berri edota berriztu sartu zituztelako. Hori ez zitzaidan hain beste gustatu, uf, koreografia berriek ia beti auzo-lotsa puntu bat ematen didate, eta lan honetan ere horrela izan da: "Gerla" izenekoa ez zitzaidan gustatu, Monzonen heriotzakoa, tira, dantzariak hobeto egongo ziren satan jantzita. Orain, satanak aipatu ditudala, ez zen satanen elkarrizketarik egon! Bitxia!

Esan behar dut, emakumeen presentzia pertsonaien artean ia hutsa dela. Oso maskulinoa da, eta hori igartzen dela Jean Bordaxar idazlea ahalegindu zela emakumeak ere sartzen. Baina, zoritxarrez, behartu samar geratzen dela. Bueltaka jardun genuen ea zein emakume ikusten genuen pastoralerako sujeta izateko, eta zoritxarrez, ez zitzaigun burura etorri. Lastima!

Libretoari begiratzen jarraitzen badugu, batzuek abertzalekeria deituko liokete atzokoari. Baina jakina da pastoralak beti direla manikeoak: onak oso onak dira, eta gaiztoak, turkak, oso gaiztoak. Kontuan izanda turken artean Franco, Mola eta falangistak zeudela, gaiztoak benetan zuren oso gaiztoak! Gainera, prespektiba historikoa oso laburra da, duela gutxi hil zen Monzon, ez duela 200 urte. Eta pertsonaia horrek hori eskatzen zuen. Jose Antonio Agirre pastorala ez nuen ikusi, baina izango zuen "abertzalekeria", ezta? Santu bati eskaini izan baliote, erlijioaz eta jainkoaz jardungo zuen, ezta? Larraineko herriak jakingo du zergatik aukeratu zuen pastoral hori...

Horrek harritzen nau: Horrelako herri baten, hegoaldekoon istorioetatik hain urrun egonda, hain pertsonaia markatuak aukeratzea. Ez dut inoiz ulertu. Baliteke, harridura hau izatea ezagutza eza, baina beti laga nau "deskolakatuta". Gustatuko litzaidake gehiago jakitea, eta euren pentsaera hobeto ezagutzea!

Galdera gehiago ere sortu zitzaizkigun: berrehun biztanleko herri batendako zer ote da pastorala muntatzea? Herria derrigor indartu behar du, itzelezko indarra eta trinkotzea. Gauza ederra izan behar da! Gogorra eta ederra!

Amaitzeko gaiztakeria bi: Bergaran taula gainean agertu ziren ardiak eta astoa bergarakoak edo ingurukoak izango ziren, ezta? Zeren, bestela, zelako bidaia, ardi koitaduak!

Bestea: nor geratu zen Larrainen herria zaintzen? Santa-Grazikoak? Nork ematen die jaten oilo, ardi, behi eta zaldiei? 

Dena dela, ederra da egin duten lana: eskerrik anitx!

etiketak: more, uda, Txargainen, üskara, berde
Elena
Elena dio:
2011/09/19 12:05

Leire, ardiak taularatu orduko, gure inguruan esan zuen batek: "San Prudentziokoak dira!". Eta beste batek erantzun: "Ezagutzen dittun, ala?" Astoa Osintxukoa ote zen eztabaian jardun genuen. Izan ere, Osintxu aldeko zelaietan asto asko ikusten da. Baina inork ez zuen ezagutzen.

Trebi
Trebi dio:
2011/09/20 01:04

Eta gauzatxo batekin akordau naiz: pare bat urte dira opera bat ikusi nuela Veronan, Italian. Lau-bost ordutako ikuskizuna, hango "Arenan", zirko erromatarra (benetakoa). Jakina, teilaturik ez. Gaua zan eta itzelezko giro ona. Libretoa izatea be komeni. Egitan, opera bat halako toki batean edo pastoral bat oso-oso gauza antzekoa da. Eta nik hobeto pasatu neban pastoralean, besteak beste askoz hobeto segidu ahal izan nebalako.

Iban Arantzabal
Iban Arantzabal dio:
2011/09/19 12:53

jende dezenterekin egon naiz eta gehien-gehienak gustura atera dira pastoraletik. Asko, lehenengo aldiz pastoral baten. Baita Goienako kazetaria ere. Ikuspuntu horretatik egin du kronika, gaurko paperekoan irakurri daitekeen moduan. Gustura atera zen karpapetik.

Argazki pilo bat atera ditugu. Hemen galeria bat: http://goiena.net/argazkiak/telesforomonzonpastorala11/

Laster jakingo dugu noiz emango dugun pastorala telebistan. Ez da izango inundik ere gauza bera... Bergaran ikusi edo Larrainen ikustea ere ez da... Larrainen ikusita asko irabazten du pastoralak. Nekazaritza mundu horretan kokatuago ikusten dut pastorala karpazpi industrialean baino. Hori bai, larraindarrak Bergarara ekartzea aziertoa izan da. Zorionak borondate lanean jardun duzuen guztioi.

Larrainen ere Monzonen beste alde horren zain geratu nintzen: diruduna, zerbitzariekin hara eta hona, harlanduzko etxeak, karrozan ezkondu, alfonbra gorriak... Baina zuk esandako moduan "jakina da pastoralak beti direla manikeoak". :-)

Trebi
Trebi dio:
2011/09/20 00:58

Nik Zuberoan bertan ikusi nuen pastoral bat oin dala nahikotxo urte. Zuberoan egon, pastorala zala jakin, eta hara. Zelai batean, oholtza eta mailak ipini, giroa aurretik, giroa ondoren... bertan ikustea edo beste herri batean ez dauka kolorerik. Eta antzerki batean bada... laurdena ez dau balio. Gu izan ginenean tarteka euria izan zan. Han egon eta halako batean denok guardasola atera, gero atertu, barriro guardasola atera, barriro gorde... Han inor ez zan juaten, danok zekixen zer zeguan. Bukatutakuan bazkari popularra edo, hortan geuk ez gendun parte hartu. Geuk oso ondo pasau genduan.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua