Meza kontuak, euskara eta lurraldetasuna
Hileta edota ezkontzetan ez bada, ez naiz mezatara joaten. Ezteguetara joaten banaiz, ezkontza erritoan ere presente egoten naiz, eliza edo udaletxean izan. Baina funeralean ez naiz beti elizara sartzen, familiakoetan edo oso gertuko jendearena denean baino ez naiz elizaratzen.
Hasiera baten, elizkizun hauetan presente egon arren, ez nuen parte hartzen, ez nituen erantzunak ematen. Hori bai, egiten nuen kantuan, kantatzearen plazer hutsagatik. Baina, buelta batzuk eman ostean, kantatzearen gozatua alde batera laga, eta isilik geratzen naiz. Altxatu, jarri, bai; eta bakearen bostekoa eman ere bai, edukazio hutsagatik baino ez bada ere. "Hortik edo hemendik dakusan legez egin!...".
Asteon, halako hileta-elizkizun batera joan naiz. Zoritxarrez, gero eta gehiagotara tokatzen zait joatea. Oraingoan, baina, Lapurdira. Lehenengo aldia zen elizkizun batera nindoala Iparraldean. Beraz, frantsesez entzun nuen meza, hori ere lehenengoz. Funtzioak astunak badira berez, askoz ere aspergarriagoa ondo ez dakizun hizkuntza baten!
Meza frantses hutsean izan zen, erantzun eta kantuak salbu. Antza denez, ez zegoen euskaldun asko Hendaiako parrokia hartan, euskarazko erantzunak baxu samar entzuten zirelako.
Nire barneko euskaldun euskaltzalea gailendu zitzaion barruko agnostikoari. Euskara entzun behar zen, baina ez ez hain erraza: erantzunak ez ziren Bizkai-Gipuzkoan erabiltzen direnak! “Erruki jauna”, “urrikal jauna”, beste doinu batekin. Kantuak ere ezezagunak, eskerrak txuleta moduko bat zegoena!
Hiletak aurrera egin ahala, hartu nion neurria, eta nire kezka zen nola abestuko ote zuten Aita gurea.
Organoaren lehen notak entzun nituenean, lasaitu nintzen, hemengo doinua zen! Pozarren hasi nintzen kantuan: Gure aita zeruetan z….irana!!! Ai, ene, Lapurdin gaude! “zira” esaten dute! Eta yainko yauna. Uf!
Kontua da, hori berori gertatu izan zaidala Bizkaian. Eibarren bizkaieraz egin arren, eliza katolikoak historikoki gipuzkeraz egin du, eta “Gure aita zeruetan zErana” kantatzen da. Ermuan, ostera, “zarana”. Dena oso logikoa eta egokia!
Horrela, txikitan, “Sinisten det” kantatzen genuenean, ez nekien euskaraz ari ginenik. Uste nuen amen, aleluia edo hosanna bezalako berba bat zela, hebreeraz, latinez edo auskalo zein hizkuntzatan! Siñistendet!
Hiletak zer pentsatu handia eman zidan, gauza askoren erakusgarri. Batetik, euskararen erabilera zeharo marjinal eta sinbolikoa. Bestetik, ez dagoela inongo batasunik euskara kontuetan, ezta otoitz estandarizatuetan ere, gaztelaniaz gertatzen ez dena, esate baterako. Kontu honetan ere, probintziaka funtzionatzen du denak, diputazioak beharrean, diozesiak ditu elizak, baina berdin dio, diozesi edo diputazio, bakoitza bere haizera.
Horrela egingo ditugu herri eta hizkuntza kohesionatuak!