Mal de escuela
Liburu labur hau di-da baten irakurri nuen. Laburra eta umorez betea dagoelako. Irribarrea behin eta berriro etortzen zitzaidan ezpainetara. Bertan Pennac-ek bere esperientziak kontatzen ditu. Alde batetik, bera ikasle zeneko bizipenak; beste alde batetik, bera irakasle zenekoak. Lubakiaren alde bietan egon baita Pennac, gainera, ikasle kaskarra izan zen, porroterako bidean zihoana. Baina irakasle onei esker eta irakurketa egokiei esker, buelta eman zion egoera horri.
Liburua asko gustatu zait. Gure lanaren, irakasleon beharraren goraipamen ederra. Kantu bat bezalakoa. Irakasle eskola guztietan derrigor irakurri beharko litzatekeena. Baita hainbat urtetan lanean diharduten irakasleendako, etsituta eta desmotibatuta daudenendako ere, gogorarazteko zer den gure ofizioa, zergatik erabaki genuen maisu edo maistra bihurtzea.
Zerk erakartzen gintuen? Gauza askok. Horien artean bat idealismoa izan zitekeen. Hainbat herrialdetan maistra zein maisu izatea behartsu eta zapalduen ondoan egotea zekarren. Hori gure gaztetxo denborako imajinarioan oso garratzitsua zen, plus bat ematen zion gure hautuari. Ez ginen gehiago izango guri tokatutako irakasleen gisakoak. Ez, aldatu egingo genuen hori. Gainera, ikasketak egiten ari ginenean, pedagogiako klaseetan hainbaten esperientzia zoragarriak aurkezten zizkiguten: Summerhill, Freire, Montessori, Freinet......denek deskubritu zuten era bat hezteko, ikasleak konprenditzeko, dena zen zoragarria, harro egoteko moduan geunden.
Gero geletara pasatu eta egoera aldatu egin zen. Metodo zoragarriek ez zuten mundu errealean eta gure heziketa sisteman balio. Eta pedagogoak gorrotatzen hasi ginen. Egunerokotasunak askotan utzikeria ekartzen digu, ahaztu egiten ditugu gure helburuak, sarritan ilusioak eta bokazioak ere huts egiten digulako.
Horrelako liburuek, baina, bider bi pentsatzeko astia ematen dute. Bai, ni umeekin egin nahi nuen behar. Eta? Berdin dio, maistra naiz eta nire lanean hori egiten dut, zubi lana, ezagutzari eta jakintzari alde batetik bestera pasatzen laguntzen diet. Ezagutza horrekiko ilusioa, atentzioa eta maitasuna ematen ahalegintzen naiz. Hori da-eta gure lana.
Liburu honen bitartez honekin guztionekin konturatu naiz, era atseginean. Ez da gutxi, ezta? Ba, errebidika dezagun maistra berba. Biharko post-ean!