Loreak bota eta jaso
Gustatu egiten zait ingurukoei gauza onak esatea. Lagun bat aurreko egunean baino ederrago ikusiz gero esan egiten diot, lankide batek belarritako politak badauzka, nik miretsi; blogari baten artikulua gustatu bazait, atsegin dut berari aitortzea.
Badakit jokaera hau txarto ikusita dagoena. Errazago esaten direla gauza txarrak edo akatsak, kontu onak eta bertuteak baino. Geureak, onak zein txarrak, aitortzeko eskatzen badigute, txarrak segituan esango ditugu eta onak kostatuko zaigu adieraztea, lotsatuta. Batzuetan ere nekez aurkituko dugu bertute hori.
Horregatik, horrela jokatzean errezeloz begiratzen didate, eta askotan parekoak uste du lorea bueltan entzutea nahi dudalako dela, edo losintxaria naizela, koipe-emailea, zuria, eta horren bitartez zerbait lortu nahi dudala. Ez da horrela izaten, benetako gauza politak esatea gustatzen zait, beste barik.
Era berean, ez diot esaten aurrekoari gaur oso zatar dagoela, edo daramatzan prakak ez zaizkidala gustatzen. Hori nabarmentzea ez dut batere atsegin. Galdetzen badidate ematen dut iritzia, negatiboa bada ere. Edukazioa eta kontu handia izaten dut horrelakoetan. Batzuek pentsatzen duten guztia esateari zintzotasuna deitzen badiote ere, nire ustez heziera falta eta harrokeria baino ez da.
Gehien miretsi izan nauena, baina, lorea jasotzen dutenen harridura izaten da. Ez gaude ohituta gauza politak entzutera! Itzela da! Ez dakigu laudorioak jasotzen. Tristea, ezta? Kritika negatiboak jasotzen ez jakitea, ulertuko nuke; nahiz eta horiek ere hartzen jakin behar dugun, modu onean esaten badituzte, jakina!
Horregatik gustatzen zait kontu politak esatea, munduan badago-eta nahikoa gauza txar eta disgustu, onak ez esateko. Ez, ala?
Ni erabat ados nago idatzi duzunarekin. Neronek ere jarrera berezia izaten dut lore edo laudorio bat entzutean. Normalean txiste txar bat egin ohi dut edo irrifarre inkomodo bat jarri. "Joe, ze argazki politte!" Norbaitek. Eta nik "Zu ere ez zaude batere gaizki..."
Norbaiti entzun edo irakurri nion noizbaiten kritika negatiboetatik ikasgaiak ateratzea beharrezkoa dela oker egindakoak zuzentzeko, baina soilik jakintsuenek atera ditzazketela ondorio aberasgarriak jasotako laudorio edo kritika positiboetatik.
Eta ni ados. Kritika negatiboetatik zer edo zer ateratzea ez da hain zaila. Beti eramaten gaitu erreflexiora kritika negatibo batek. Arrazoitu egiten degu, buruan jira eta bira ibili... Baina laudorioekin ez da hori gertatzen. Gehiegi xamar sinesten ditugu edo guztiz baztertu. Nik behintzat. Oso zaila da, niretzat behintzat, laudorio baten aurrean kritika txar baten aurrean dudan jarrera edukitzea.
Eta zuk badakizu. Meloia astintzen jarraitu! Ikusten dudanez ez dago guztiz hutsik eta...