Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Literatura eta frustrazioa

Literatura eta frustrazioa

Leire Narbaiza 2008/11/03 00:18
Irakurtzea nire zaletasunik handiena da, jakina denez.

Lehengo batean ezagun bati entzun nion bera “irakurle handia” zela; “un gran lector”, alegia; gaztelaniaz esan zuelako. Neure buruaz ez nuke sekula horrelakorik esango, nahiz eta asko, sarri eta ia denetarik irakurtzen dudan. Baina krisian nago.

Krisia, modan dagoen berba. Baina ez dut krisi ekonomikoaz jardungo, krisi literario pertsonalaren gainean arituko naiz. Dena aurreko post-eko erantzun bat jaso nuelako pribatuan, liburu batzuk gomendatuz. Bidaltzailea liburuez asko dakien lagun bat da, bera izan da nire inspirazioa, liburu bi baino gomendatu ez didan arren. Inspirazioaren bideak bihurriak dira, ezta?

Mezu horrek pentsarazi dit. Fase arin baten nago, nobelatxoak irakurtzen. Hala ere, ez dut lehen aurkitzen nuena topatzen. Uste dut, aspaldi batean deskubritu nuen mundua, dagoeneko agortu zaidala; hau da, ez daukadala esploratzeko ezer berririk. Ez nau ezerk harritzen, eta hori triste samarra da.

Orain hogei bat urte literaturaren mundua deskubritu nuen. Beti izan naiz oso irakurtzalea, umetatik. Gogoan daukat, libre neuzkan arratsaldetan (beti izan ditut eskolaz kanpoko asko), askaltzen nuen bitartean, irakurri egiten nuen. Ia liburu guztiak laranja edo mandarina zipriztinez beteta neuzkan! Orduan sasoian Enid Blyton-en liburuak irakurtzen nituen/genituen.—Oraintxe bertan wikipedian begiratu dut eta oso gaizki jartzen dute: “la pobreza de su estilo y de su léxico, que no favorece el desarrollo de la afición por la Literatura. Se trata, a grandes rasgos, de un tipo de literatura que "no alimenta y engorda"”. Nire ustez, asko horrela zaletu ginen, hala ere!—. Niri, gehien “La traviesa Elizabeth”-en trilogia gustatu zitzaidan. “Los cinco” baino gehiago.

Liburu hauek adin batera arte irakurtzen ziren. Behin 13-14 urteak betez gero, gure sasoiko neskak “Nacida inocente” serieko liburuak irakurtzen genituen: erreformatorioak, bortxaketak, alkohola,….Estatu Batuetako neskei gertatzen zitzaien gauza izugarriak. Benetan gogorrak, bortitzak latzak. Buf. Eskerrak Agatha Christie-ri! Berak salbatu ninduen gogorkeria hartatik!

Zazpigarren mailan literaturako gure irakasleak bakoitzari eskolara liburu bina eramatea agindu zigun. Gustatu zitzaizkigun liburu bi, klasean elkartrukatzeko. Horrela, “Iglús en la noche” irakurri nuen. Antropologikoagoa, gustukoagoa. Kurtso horretan bertan koaderno bat geneukan gure pentsamenduak, poemak eta gauzak idazteko. Eta irakasleak, astean behin irakurri egiten zuen altuan, denon aurrean. Guk bertan anonimoki edo sinatuta idatz genezakeen. Oso ideia ona, gaur egun blog bat izango litzateke.

Hamabost urterekin, eta “El conde Lucanor” derrigor irakurri ostean, nire mahaikideak, lotsatuta, umeendako liburu bat laga zidan “La historia interminable”. Eta hor deskubritu nuen magia, imajinazioa, nahiz eta jendeak barre egin didan inoiz hau kontatzean. Beste mundu bat erakutsi zidan, eta liburuek gorde litzaketen fantasia, bertsatilitatea, zenbat gauza egin litezkeen literaturan, ordura arte dena errealista baitzen.

Batxilergoan, gainera, gurasoen etxean zeuden liburuak irentsi nituen. Garcia Lorcaren ia lan guztiak, Stendahl, Oscar Wilde, Dickens, “Guerra y paz”, “Miguel Strogoff”….

Horrela Irakasle Eskolara iritsi nintzen. Lehenengo mailan Euskal Literaturako hainbat liburu irakurri nituen, nire klasekide ikastoleroek BBBn irakurrita zituztenak (eta ia denek gorrotatzen zituztenak, esan beharra dago. Honek post oso bat merezi du): “Ehun metro”, “Zergatik, panpox”, “Egunero hasten delako”, “Hamaseigarrenean, aidanez”…Gainera, klasean “Bi anai” , “Emea”, “Babilonia”….ere irakurri genituen. Mundu berria, interesgarria, freskoa…eta euskaraz!

Uda horretan Joan Mari Irigoienen “Poliedroaren hostoak” irakurtzen ari nintzela Deban, uretara jausi zitzaidan. Zeharo kateatua ninduen, eta sikatu arte, irakurri ezinda egon nintzen, gogo handiz, mimoz zaintzen liburua leitzen segitu ahal izateko. Harrezkero, titulu horri kariño berezia diot.

2. mailan Munduko Literaturako azterketara aurkeztu ahal izateko 17 liburu irakurri behar izan genituen. Aurreko urtean “Cien años de soledad” irakurrita neukan, eta hortik aurrera irakurri beharrekoak eta beste asko: “La conjura de los necios”, “La insoportable levedad del ser”, “Trópico de cancer”, “El proceso”, “La mujer rota”, “Gran Sol”, “Primavera con una esquina rota”,….Eta nahikoa lan izan arren, eskuetara eroritako edozer ere leitzen genuen. Euskal literaturan kurtso osoan Lizardi, Lauaxeta eta Miranderen poesia eta lanak aztertzen eman genuen….Paradisua!

Hiru urte horietan ikaragarri disfrutatu nuen. Alde batetik euskal literatura kontenporaneoa deskubritu nuelako: Sarrionandia, Atxaga, Izagirre, Irigoien, Lertxundi,….Eta bestetik, munduan zeuden estilo eta modu literario asko ezagutu nituelako.

Jakina, horren ostean, bideari jarraitu nion, eta ezagututakoetan sakondu. Baina harrezkero autore gutxik harritu naute, idazki gutxik markatu. Baliteke, adinak eta ezjakintasunak deskubrimenduetan  eta harritzeko gaitasunean laguntzea, zeren momentu honetan inpass batean nagoela iruditzen baitzait. Irakurtzen disfrutatu arren, ez da lehengoa, ez dago freskotasunik ematen didan libururik. Ezerk ez nau txundituta uzten. Gustura leitzen dut, ondo pasatzen dut, baina ez da lehengoa.

Aitatutakoez gain, faktore asko egon litezke; baliteke irakurle guztiei gertatzea; litekeena da liburu larregi irakurtzea, eta asko (gehiegi) erdipurdikoak izatea; egoera pertsonalak ere eragingo du, agian. Dena dela, sarritan, liburu bat amaitzean frustrazio moduko bat sentitzen dut; ez amaitu dudalako, ez. “Honek ere ez nau bete”. Mikrosegundu baten hustasuna sentitu, eta irakurtzearen absurdoan pentsatzen dut. Mingotsa, benetan.

Normala da gertatzen zaidana, doktore jaun-andreok?

markos zapiain
markos zapiain dio:
2008/11/04 13:49

leire, ematen du oraingoz irakurtzeari utzi eta eleberri bat idazteko ordua heldu zaizula, eta zure zaletasunak kontuan hartuta eta atrebentziaz euskaltegi batean kokaturiko thriller psikopolitiko bat idaztea legokizuke beharbada; mendiguren bezalako editoreak berehala inguratuko zaizkizu, gertu beti zure kontura forratzeko

leire
leire dio:
2008/11/09 18:02

Ez dakit zeinek sartu dizuen buruan niri thrillerrak gustatzen zaizkidala, egunotan sarritxo irakurtzen nabilen gauza da. Bestetik, uste dut, mitifikatu egin gaituzula, Markos. Euskaltegietan -nik ezagutzen ditudanetan, behintzat, eta makinatxo bat ezahgutzen ditut- ez da gauza interesgarri asko. Hortaz, zientzia-fikziozko eleberria litzateke! Bestetik, neure buruangan konfidantza larregi daukazu, inor aberstuko dudalakoan liburu bat idatziz! Batek txarto idaztzita zegoela esan zidan gehien zaindu dudan posta gatik; eta beste batek iradoki! Gainera, inori dirua irabazaraztekotan, neure buruari irabazaraziko nioke, ezta? Zuk zer, editoreren bat aberastu duzu?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua