Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Kometa Ehiztaria

Kometa Ehiztaria

Leire Narbaiza 2008/11/09 17:09
Pozik hartzen dut gaztelaniaz modan dauden edo arrakasta izan duten liburuak euskaratzea.
kometa ehiztaria


Hori dela eta, Durangoko liburutegian ikusi nuenean hartu egin nuen. Egia esan, gaiak ez ninduen gehiegi erakartzen, baina uste dudanez itzulpena babestu behar dela, eta euskarazko maileguak sustatu, ekin nion irakurtzeari.

Azken bolada honetan, liburu tristeak saihestu egiten ditut. Dolu fase batean egonda, ez dut nahi izaten horrelakorik irakurri. Eta liburu honek nahiko gauza triste eta gogorrak kontatzen ditu. Afganistanen gertatzen da ia trama osoa, azken 20 urteko Afganistanen. Hori esanda nahikoa esan dut, ezta?

Liburuak ez dit ezer berezirik esan. Seguru nago gaztelaniaz irakurri izan banu, ez niokeela post oso bat emango. Beharbada, beste liburu batzuekin batera aipatuko nuke, edo ez.

Post honen hausnarketa ez da liburua, edo egilea, ez. Itzultzailea da. Nola itzul dezake liburu mardul bat aditzik ez dakien itzultzaileak? Zelako kalitate-kontrolak pasatzen ditu horrelako lan batek? Ba ote zegoen zuzentzailerik? Horrela izanez gero, askoz larriagoa litzateke gaia; itzultzaileak ez ezik, zuzentzaileak ere ez lituzke-eta jakingo!

Hain haserre amaitu nuen argitaletxeari e-mail bat bidaltzekotan egon nintzela. Are gehiago jakin dudanean argitaletxe berak itzultzaile berarrekin eta idazle beraren "Mila eguzki eder" atera duenean!

Esango duzue oso exigentea naizela. Egia da. Gauza batzuk toleratzen ditut, hala ere. Zuek toleratuko zenukete, baina, nik jasan nuena?
-Baldintzak ez dakizki. Gutxienez 5 topatu nituen txarto. Txarto, existitzen ez direnak: Adib. Bazenida
-Gutxienez ergatibo bi faltan
-Bezala/bezalakoa-ren arteko desberdintasuna ez daki zein den. Beti "bezala" erabiltzen du.
-"Jario" aditza Nor-Nori izatetik Nor-Nori-Nork bihurtu du, "zerioten" moduko munstroak sortuz.
-Inkongruentziak. Batzuetan "lagundu" aditza Nor-Nork, beste batzuetan Nor-Nori-Nork
-Euskaltzaindiaren arau batzuk ez ditu ezagutzen.
-Errore tipografikoak: letrak aldatuta, berba bi batera,....

Denok egiten ditugu akatsak. Idazle batzuek euskaltzaindiaren arau batzuei ez ikusiarena egiten diete, baina itzultzaile batek ezin du horrelakorik egin. Sentitzen dut.

Denon ahotan dabiltzan liburuak ikasleei gomendatzea gustatzen zait, gaztelaniaz irakurri beharrean euskaraz irakur ditzaten. Baina hau ezin dut gomendatu, ez. Eta pena handia ematen dit.

etiketak: üskara, liburuak
Elena
Elena dio:
2008/11/10 11:47

Ez dakit toleranteak ala intoleranteak izan behar dugun irakurtzerakoan, baina egia esan, musu arraroa geratzen zaizu adibidez, nobela batean neska batek arreba duela irakurtzerakoan, niri aste honetan euskarazko idazle famatu baten azken liburua irakurtzerakoan gertatu zaidan moduan.

leire
leire dio:
2008/11/10 20:21

Bai, Ekiztania jartzen dau! Internetetik hartu dot. Tituluan horrelako hanka sartzia egin badabe, imajinau barruan, Gari! Elena, neri ganorabakokerixia pentsatzen jata, eta akabatzaille biharrik ez. Idazliak edo itzultzailliak hankia sartzen badabe, ez dago azken produktua kontrolatzen dabenik?

Amagoia
Amagoia dio:
2008/12/29 15:09

Aupa guapa

Zer moduz, aspaldiko? Hau kasualidadea!!!!!!!! Neu ere ia bukatzen ari naiz Kometa ehiztaria... hobeto esanda, bera ari da ni eta nire irakurzaletasuna agortzen. Ikasle batek esan zidan izugarri gustatu zitzaiola istorioa eta merezi zuela irakurtzea; ni ez naiz euskaratutako liburuen zale, orain arteko esperientziak nahiko eskasak izan direlako. Hala ere, itzulpengintzan gauzak aldatzen ari direla-eta, berriro animatuta, ekartzeko esan nion, irakurriko nuela.

A ze desastre! Badakit itzulpen onak daudela euskaraz, baina halakoak delitutzat jo beharko genituzke. Itzultzaile honen kasuan: Traductore, traditore, eta gainera, lotsabako. Bagenekien ezjakintasunak ausardia dakarrela baina... Etxeparek eta gainontzekoek burua altxatuko balute... lotsatuta berriro ere hilobira itzuliko lirateke.

Interneten sartu naiz ea Josune Zuzarregi itzultzaileari buruz zer edo zer aurkitzen dudan, ea txikitako traumaren batengatik-edo euskara gorroto duen jakiteko. Eta hara non aurkitzen zaitudan kezka berarekin zeu ere.

Lotsagarria iruditu zait eta neuk ere holakoen kontra zerbait egin behar delakoan nago, behintzat salatu. Baina urteak daramatzat horretan, eta orain badakit jakin, itzultzaile eskas horien kontra agian zertxobait egin daitekeela baina lotsabakoen kontra ezer gutxi, eta itzultzaile honek bietarik du. Zeuk esan bezala baditu akats ugari (banintzateke, ilea hartu...) baina horiez gain errore tipografikoak ere irakurketa eragozten dute.

Gogoa dut euskaraz dagoen liburu bat hartu eta gaztelaniara itzultzeko halako akats eta deskalabroekin, 24 ordutan liburu-denda guztietan debekatu egingo lukete saltzea. A ze saltsa izango genukeen, egunkari guztietan goian, se busca, eta behean gure argazkia agertuko litzateke, orduan bai espainolaren aldeko manifiestoak... eta gu hemen, beti gu hemen, irentsi eta irentsi.

Bueno, maja, berotu egiten naute halakoek eta idazten hasiz gero, nork gelditu? Ondo segi eta musu handi bat.

Gari
Gari dio:
2008/11/10 12:43

Leire, hor jarri duzun kartel horretan, ez du "Kometa Ekiztania" jartzen?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua